Noiztik nituen, ordea, bihotzean gordeak? Han zeuden, Gela bat norberarena hartako idazmahaiaren alboko liburutegiaren goialdeko atzen-bigarren apalean, Kale Nagusira ematen zuen leihotik sartzen ziren argi printzen jomugan. Hantxe nituen, ordenagailu aurrean lanean arituta burua jiratzeke ere ikusteko moduan, jesarlekutzat neukan aulki gurpiltxoduna apur bat mugitu eta esku-eskuan.
Lasaitu egiten ninduen inguruan nituela sumatzeak. Lore haiek izan nituen lagun ezkutu, COVID-19aren garaiko etxealdian; hosto berdez inguraturiko arrosa edo geranio gorri haiexek bihotz altxagarri, itxialdiko estutasunik larrienean. Vicen Garciak –artean pintore hasiberri– koadro hartarako margotu zitueneko patxada zekarkidaten akordura, bai eta Etxe Beltzeko erakustokira opari ekarri zizkidaneko uda urruneko igande arratsalde barea ere. Gerora, sosegu berbera sentiarazi zidan Bizenen solasaldi narea irakurtzeak, Nerea Urangak 2021eko apirileko Maxixatzen aldizkariko Hitz Bitan atalerako elkarrizketatu zuelarik.
Ezusteko ezinago atsegina izan zen elkarren hizkuntzan aritzea berriketan
Urte dezente eman nuen artelan jagole, Granada Egako dukeak garai batean zalditegi gisa erabilitako lokalean; joan zen urtean, aspaldiko partez, Enri Egino artista azkoitiarrak lan ikusgarriak jarri zituen erakusgai. Zenbat irakurraldi gogoangarri ez ote nuen egin etxabe laiotz horretan; neguko zaintzaldietan lankide nuenak behin iradoki zidanez, arropapean poltsa beroa sartuta ere nahiko lan soin atalak berotzen! Ezarian-ezarian, Etxe Beltzetik Torre Zurira aldatu zuten erakusketetarako kokalekua, eta Torre Zuritik, Portaleburura. Harako ikustaldietako batean, atsekabetu egin ninduen erakustaretoko zaintzaileak, telefono txikiari emana buru-begi; berehala ahaztu bide zaigu aurrez aurreko enkontruen eske genbiltzala duela ez hainbeste.
Portaleburutik hur dago Oteiza aretoa, Irakurle Taldekook bi hilean behin bildu ohi garen elkargunea. Iaz, bihozkada bat izan nuen gure bilkura emankorretako batetik irtetean: baietz Vicenekin non edo non topo egin. Eta hara nire iragarpena bete handik laster, Geure Gelatik liburu azokan. Bihotzak gainez egin zidan, pozaren pozez; euskara hutsean bizi-bizi jardun ginen biok, eta argitu ere egin zidan zer motatakoak diren bere margolaneko nire lore kuttunak. Ezusteko ezinago atsegina izan zen, benetan, elkarren hizkuntzan aritzea berriketan; 40 urteotan atergabe ahalegindu osteko loratze miresgarria, aho-belarriak harentzako prest izan nahi dituen ororentzat. Hurrengo loraldian noka hasteko ernamuin joria. Bejondeinala!
Vicen edo Bizen, izen bi baina izan bat. Halabiz urte askoan.
Aurten martxoaren 26tik 28ra berriro elkar ikusiko dugulakoan.