Ea udan zer egiten zuen, hala galdetu omen zioten behin Greta Garbo aktoreari. Eta hark zer erantzungo, eta: "Neguaren zain egon". Gaur egun, uda neurriz kanpo baloratua dagoela erantsiko lioke baten batek.
Nolanahi ere, ederra da udan kalera irten, nonbait jesarri, eta inguruneari begira geratzea. Gazteen artean moda-modako bihurtzen hasia omen da besterik gabe egonean egotea; barebacking deritzote betidaniko jarrera ustez berri horri.
Egia esateko, urteko edozein sasoi da ona jendearen ibilerari erreparatzeko, eta agudo konturatzen da bat izugarri ugaritu direla ibilgailu gurpildunak. Niri neuri, ume-kotxeak eta zaharren eta elbarrien gurpil-aulkiak begitantzen zaizkit deigarrienak.
1990eko hamarkadaren hasieran –Garbo ez zen hil zaharra–, uda-partea eman nuen Londresen, eta kontu batek harritu ninduen gehien: hango parkeetan, oso ohikoa zen gurasotu berri ziren aitak ikustea –aitatxo-rik ez zuten asmatu artean–, ume-kotxeak eskuetan hara eta hona; Azkoitian, nekez ikus zitekeen halakorik, esaterako, Intsausti jauregiaren inguruan, non gizonezko helduek toka ekiten baitzieten parean fortunaturiko neska gazte kaskamotzei –hor ere balukete ikerbiderik nokaren galera argitu nahian dabiltzanek–.
Nitaz erditu zeneko udan, gure amak patineteen tankerako gurpil-ohol bat –orain aulkitxo eta guzti ere saltzen dituzten horietakoa– eginarazi zion gure osaba arotzari, ume-kotxeari behealdean katigatzeko. Beharko asmatu zer edo zer, neba-arrebok Altzibartik Axirikoraino nekatzeke eramango bagintuen! Tio Mikel zenak esango ligukeenez, ordea, tramankulua patentatzea ahaztu!
Agudo konturatzen da bat izugarri ugaritu direla ibilgailu gurpildunak
Arrasto horri segika, Renferen trenek sigla kategoria majo merezia omen zuten (Retraso Enorme Necesito Fuerzas Empujen), beti atzeratuta, indarge eta bultzada faltan ibiltzen zirenez. Bagoi haietako jesarleku batzuek bazuten helduleku bat buruaren parean, bidaiariei modua ematen ziena bizkarralde osoa aurrera edo atzera mugiarazi eta bi jesarlekuko ilara bakarra lau jesarlekuko bi ilara bihurtzekoa, edo alderantziz... Bide horretatik ere etor dakiguke argia.
Ezin da hain zaila izan ume-kotxeetatik eta tren-bagoietatik zaharren eta elbarrien gurpil-aulkietarako urratsa egitea: oinarrian plataforma birakari bat itsatsiz gero, erabiltzaileen gurariaren arabera aldatu ahalko litzateke aulkiaren noranzkoa, aurrerantz nahiz atzerantz begira joateko. Jendea atzeraka zorabiatu egiten dela? Ez al da zorabiagarriagoa lepazamarra sorgortua edo gorraizea duenari burua jirarazi beharra hitz-erdi bat ulertarazteko?
Hortxe erronka, ekintzaile gazteren batek Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzarik baliatu nahiko balu ere!