Han aditzen zuen berak Azkoiti usaina, asteburuetan gurasoenera itzultzen zenean. Hantxe baitago 2002tik, betikoturik, Diego García Corralesen irudi brontzezkoa, Xebas Larrañaga Odriozolak urtebetean zizelkatu eta berbertan jarritako eskultura bizi berdea.
Aurrez aurre, behin bakarrik izana zuen Amaiak Diego: hain zuzen ere, bere ibilbideari buruzko erakusketa antolatu ziotenean Torre Zuri erakustokian, 2001eko urtarrilaren 12tik 21era; alegia, hil aurretixe, urte hartako martxoaren hondarrean hil baitzen, Aldakaitzeneko zubi pare horretan, eguneroko antxintxinka-saioan zebilela bihotzekoak emanda.
Ezagutu, baina, lehenagotik ezagutu zuen Amaiak, artean hura nor zenik ere ez zekiela; garai batean Azkoititik Loiolara joan-etorri egin ohi zituen pasieratxo gautar zoragarri haietako batean ezagutu ere, oraintsu arte Loiola etorbidea zeritzon horretan barrena —Joan Paulo II.ak ekarri zizkigun opari bakanetakoa—.
Bai. 90eko urteen inguruan-edo izango zen.
Gau haietako batean, norbait ziztu bizian igaro zitzaien albotik pasiera-lagunari eta biei, eta, oinez ibiltzeari uzteke, hari galdetu zion ea nor zen hain arin eta fin antxintxinka egiten zuen hura. «Antxintxinkalari fina dun, bai, gure potxolo!», erantzun hark, azkar askorik, eta Diegoren ibilerei buruzkoak aletzeari ekin berehala… Gerora, Xabier Euzkitze Perezen telebista-saio bati esker, are ezagunago gertatu zitzaizkion azkoitiarrik azkarrenaren pasadizo bitxiak. Diegok azkoitiar petotzat baitzeukan bere burua: izatez, egitez eta hitzez; kuadrillakoen hizkeran ere majo ikasi zuen, mintzalagunak hain ospetsu ez ziren garai haietan. Haren kintakoetan, gutxik eutsiko zioten hark bezain temati euskarazko jardunari.
2002az geroztik, bada, Diegok egiten zion lehenbiziko diosala Amaiari sorterrira itzultzen zen bakoitzean.
Baina, orain hurrengoan, xakel-saltoan bezala, Aldakaitzeneko zubi ondotik pasatzeak ez ezik, Zakela tabernarako sartu-irtenak ere ekarri zion gogora haren itzala. Zakelakoek ezin hobeto uztartzen baitituzte dastamena, entzumena eta ikusmena: bapo jan-edan liteke han, belarriak ondo gozatu eta begiak artelan ikusgarriz argitu bitartean.
Joan den martxoan, esaterako, Intza Arakistain Lopetegiren 19 koadro zituzten, paretan zintzilik: boligrafoz egin eta gainetik akuarelaz margotuak batzuk, arkatzez marraztuak beste batzuk, bai eta akrilikoz pintatuak ere. Lehen begi-kolpean, batek eman zion atentzioa Amaiari: kezko laino artean marra beltzez eta ezpain gorriz irudikaturiko harenak, handixe edonori adi-adi begira, eskuineko bi hatzez eusten ziola zigarretari, atxiki amaigabe bat emanez. Harexegatik bakarrik, ez litzaioke batere inportako berriz ere erretzen hastea!
Baina ez. Amaiak ez zuen alferrik erre bere atzeneko zigarreta ziztrina Diego hil hurrengo hilean bertan; hamasei urte pasatxo jada, azkar baino azkarrago esanda. Eta, bat-batean, Diegoz akordatu, eta izkin egin zion Intzaren margolan tentagarriak iradokitzen zionari.
Hurrengo tentaldi batera arte!