Jesus Sudupe: "Nik uste gau nostalgikoa izango dela, gogoratzeko modukoa"
Jesus Sudupe 'Patta' 80ko hamarkadan Azkoitian sortu zen Direccion Obligatoria pop-rock taldeko abeslaria da. Juan Manuel Aparicio 'Makoki' bateria eta Luciano Martin 'Luka' baxuarekin batera osatzen dute Direccion Obligatoria musika taldea. 80ko hamarkadaren hasieran sortu zen taldea, Azkoitian. Garai hartan Euskal Herri osoa hartua zuen Euskal Rock Erradikala deiturikoa alde batera utzi, eta Madrildik zetorren Movida Madrileñari begira jarri ziren. 1989 eta 1990 artean desegin zen taldea.
Nola sortu zen Direccion Obligatoria taldea?
Bageunden jende bat, batik bat bateria eta ni, Juan Manuel Aparicio eta ni, Madrildik zetorren musika estiloa pixka bat gogoko genuena, gaztelaniaz kantatzen zen musikari begira, eta, influentzia horrekin, poliki-poliki alde horretara joan ginen. Horrelaxe sortu zen Direccion.
Euskal Herrian Euskal Rock Erradikala deituriko musika estiloa gailentzen zen, baina zuek Movida Madrileñarantz jarri zenituzten begiak. Nola bizi izan zenuten garai hura?
Hemen, gure inguruan, gaztelaniazko popa eginez, oso zaila zen biderik zabaltzea. Bilbo eta Donostia bezalako hirietan jotzera iritsi ginen, baina batik bat herrian eta bueltan egin ginen ezagunak. Garai hartan oso errotuta zeuden rock eta punk estiloak, baina oso ondo bizi izan genuen, herriak gure estiloa barneratzea lortu genuelako. Eta jende batek jarraitu zuen. Azkoitia beti izan da, punk eta rock estiloa nagusi zen beste herri batzuekin konparatuz gero, Arrasaterekin eta Errenteriarekin adibidez, leku popzale bat. Jendeak popa eskatzen zuen.
Erraza al zen musika talde bat sortu eta aurrera eramatea? Gaur egungo baliabideekin errazagoa dela iruditzen al zaizu?
Nik uste gaur egun errazagoa dela. Gogoratzen naiz ni egon nintzen lehenengo taldean, Jotakie-n, banku bati kreditu bat eskatu behar izan geniola instrumentuak eta materiala erosteko. Iruditzen zait gaur egun jendeak lehen baino ahalmen handiagoa duela erosteko, eta lanetik kanpora ere denbora gehiago egiten da, aisialdian. Berdin gertatu da musikan, kirolean… Hala ere, ez dakit zuzenean jotzeko aukerak handiagoak diren; nik uste hori oraindik zailtxo dagoela.
Azpeitiko Ikastolaren 50. urteurrena dela eta, ekitaldi polita antolatu dute Sanagustin kulturgunean: Direccion Obligatoria, Jo, Jotakie eta Lin Ton Taun taldeek joko duzue apirilaren 9an. Kontzertu berezia izango al da?
Nik uste gau hori nostalgikoa izango dela, gogoratzeko modukoa. Dena dela, gu duela bost urte batu ginen kontzertu bat emateko; ez da 20-25 urte elkartu gabe gaudela. Baina pixka bat berezia izango da, bai, Direccion soilik jo behar dugulako. Entseguetan gustura sentitzen gara, aspaldiko abestiak izan arren.
Argazkian, ezkerretik eskuinera, Jesus Sudupe (Direccion Obligatoria), Jose Antonio Elorza (Jotakie), Mikel Alberdi (Jo!) eta Joseba Illarramendi (Lin Ton Taun).
Jose Antonio Elorza: "Ez da erraza 25 urteren ondoren berriro agertoki gainera igotzea"
Jotakie musika taldeko abeslaria da Jose Antonio Elorza 'Elortxa'. 1981. urtean sortu zen taldea, Azkoitian eta Azpeitian. Manolo Azpitarte (gitarra), Peio Larrañaga (bateria) eta Luka Martin (baxua) dira beste hiru kideak. Lau disko dituzte argitaratuak, eta ordu piloa plazetatik gaztetxeetara igaroak. 1984 eta 1987 artean, gutxi gorabehera 40 kontzertu ematen zituzten urtean, ia-ia astebururo. Orain, 25 urte pasatu eta gero, berriro batu da taldea kontzertu berezi bat emateko: Azpeitiko Sanagustin kulturgunean izango da, Azpeitiko Ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko antolatu duten ekitaldian, apirilaren 9an.
Nola sortu zen Jotakie taldea?
80ko hamarkadaren hasiera zen, eta guk 18 bat urte izango genituen. Gazteak ginen, gitarrekin-eta ibiltzen ginen eta musika oso gustuko genuen. Guk geure musika egin nahi genuen, eta talde bat sortzea bururatu zitzaigun. Horrelaxe hasi zen guztia.
Nola definituko zenuke garai hartako estiloa?
Bakoitzak ateratzen zitzaiguna egiten genuen, edo nahi genuena. Urte haietan egiten zen musika oso erreibindikatzailea zen, eta musikalki ere gogorra zen soinu aldetik. Hortxe ibiltzen ginen gu. “Ardi galdu” esaten zaion hori izan ginen gu nolabait: guk egiten genuen musika ezberdinagoa zen, poperoagoa edo.
Hiru aldiz joan zineten Alemaniara biran. Errazagoa al zen euskal taldeentzat Berlinen jotzea Madrilen jotzea baino?
Nire ustez, bai. Guk euskaraz kantatzen genuen, eta Madrilen ez zen erraza kontzertuak ematea. Horretaz aparte, egoera politikoak ere laguntzen zuen. Europa aldetik bazen garai hartan nolabaiteko miresmena hemen Euskal Herrian zegoen mugimenduarekin, eta horrek errazago egiten zuen Berlinen edo Munichen jotzea. Ordutik aurrera ere talde mordoa joan da Europara, batik bat Alemaniara.
Apirilaren 9an izango da kontzertua, Azpeitian. 25 urtean izan dituzue aukerak berriro batzeko, baina ez duzue kontzertu bakar bat eman. Zer dela-eta bira hau?
Ni neu, oraingo honetan ere, proiektua aurkeztu zidatenean ezezkoan nengoen. Niretzat ez da erraza 25 urte ezer egin gabe egon eta gero berriro ere agertoki baten gainera igotzea. Beste taldekide guztiek musika egiten jarraitu dute 25 urte hauetan, eta eskerrak! Ni bezala egon izan balira, oraingo kontzertu hau ez litzateke posible izango. Oraingo honetan baiezkoa esan badut, nire semeak eta alabak, ez presionatu, baina eskatu didatelako izan da. Batik bat horrek eragin dit erabakia hartzeko orduan.
Entseguetan buru-belarri ariko zarete honezkero. Zer moduz doaz?
Badoaz, pixkana-pixkanaka gauzak ari dira ateratzen. Hasiera batean gehiago kostatzen zitzaigun dena, baina orain arin doa guztia. Bi astetik behin entseatzen dugu, eta gustura gabiltza. Musikariak fresko daude, eta ni ari naiz nola edo hala ahotsarekin moldatzen. Aldaketa batzuk egin behar izan ditugu tonu aldetik, nire eztarria ez baita duela 25 urte zen bezalakoa, baina uste dugu zerbait polita aterako dela.
Argazkian, ezkerretik eskuinera, Luka Martin, Manolo Azpitarte, Peio Larrañaga eta Jose Antonio Elorza.