Orbel Jokoetako finalistak, zehaztuta

Iazko finalistak, sari banaketa ekitaldian.

Iaz finalista izan ziren bi talde, Metroterdi nahiz Oro ez da urre, eta AmaXtrem sailkatu dira ostiral arratsaldean jokatuko duten Orbel Jokoen finalera. 17:00etan hasita, bost joko edo proba egingo dituzte Elkargunean.

Inoiz baino lehia estuagoaren ondoren, zehaztuta gelditu dira ostiral arratsaldean Elkargunean jokatuko duten Orbel Jokoetako finalistak. AmaXtrem, Oro ez da urre eta Metroterdi taldeek lortu dute finalera sailkatzea aurten. Elkarguneko Intsausti aretoan jokatuko dute finala ostiralean, 17:00etan hasita.

Azken hiru asteetan hiru galdera sorta aurkeztu ditu Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak, eta horietan guztietan onena AmaXtrem taldea izan da, 45 puntu lortuta. Aldiz, 44,33 puntu bildu dituzte Oro ez da urre eta Metroterdi taldeek. Hain justu, honako lotura honetan ikus daiteke Orbel Jokoetan taldeek lortu duten puntuazioa.

Ostiralean, guztira, bost proba edo jolas egingo dituzte. Aurreneko jokoan, esaera zaharrak osatu beharko dituzte parte hartzaileek; bigarren proban, herriko artistak izango dituzte hizpide; hirugarren jokoan, hiru aukeren artean erantzun zuzena eman beharko dute taldeek; laugarren proban, irudiko herria zein den asmatu beharko dute finalistek; eta azkenik, bosgarren proban, kantuak nahastuko dizkiete.

720 euro sarietan

Maxixatzenek 720 euro banatuko ditu ostiralean sarietan. Hain justu, Gabon aurretik gastatu beharreko erosketa bonuak banatuko dituzte. Orbel Jokoak irabazten dituen taldeak 300 euroko saria jasoko du, 180 euro irabaziko ditu talde txapeldunordeak, eta 120 euro hirugarren sailkatuak.

Nolanahi ere, 60 euroko saria ere banatuko du euskara elkarteak partaideen artean. Herritarren galderen saria, berriz, Ixabel Jauregik eta Milagros Gorostegik jasoko dute; 60 euroko erosketa bonua irabazi dute bi lagun horiek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide