Maxixatzenen 2020ko egutegia kalean da

Jon Andoni Martin 'Pegote' eta Mirentxu Larrañagak egindako kolaborazioekin osatu du Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak 2020ko egutegia. Maxixatzeneko bazkideek abenduko aldizkariarekin jasoko dute egutegi berria beraien etxeetan, eta gainerako herritarrek erosteko aukera izango dute.

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak egutegia kaleratu du bigarren urtez jarraian. Jon Andoni Martin Pegote argazkilariak herriko hainbat ateri egindako argazkiekin eta Mirentxu Larrañagak hilabete bakoitzari buruz idatzitako testuekin ondu du 2020ko egutegia Maxixatzenek.

Irudi eta testuez gain, ordea, Azkoitira eta herritarrengana gerturatu nahi izan du elkarteak egutegiaren bidez, eta aurten berrikuntza moduan, herriko jaiak noiz eta non diren jaso du. Halaber, jai egunak eta ilargiaren fase bakoitza ere nabarmenduta agertuko da hilabete bakoitzean. 2019ko egutegiarekin alderatuta, aurtengo egutegian egun bakoitzak bere laukia izango du, horrela, bazkideek iaz oharrak hartzeko egindako eskariari erantzuteko asmoz.

Bazkide guztiek beraien etxean jasoko dute egutegia, doan. Bazkide ez direnek, berriz, bihartik aurrera, osteguna, egutegia erosteko aukera izango dute 5 euroren truke, Hizki papertegian (Julio Urkixo etorbidea, 34) eta Lujan papertegian (Kale Nagusia, 72).

Hona hemen orri baten adibidea:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide