Berrikuntzekin datoz VI. Orbel Jokuek

Aurten, 12 eta 16 urte bitartekoek eta 16 urtetik gorakoek bi mailatan lehiatuko dute, eta parte hartzaileek Internetez erantzun beharko dituzte galderak. Izen-ematea zabalik da hilaren hasieraz geroztik.

Udazken haizeak betiko moduan astindu ditu orbelak, baina oraingo honetan aldaketekin datoz Orbel Jokuek. Izan ere, hainbat berrikuntza izango du Maxixatzen euskara elkarteak antolatzen duen lehiaketa-jolasaren seigarren edizioak; aurrenekoz, gaztetxoentzako eta helduentzako lehiaketa bana izango du egitasmoak. Orain arte, helduak eta gazteak batzen ziren lehiaketan, baina prestatutako probak ez zeuden pentsatuta umeentzat, eta beraz, haiek beti galdu egiten zuten. Adin tarte desberdinetako herritarrek lehiaketan parte hartzeko aukera izaten jarrai dezaten eta arazoari irtenbidea eman nahian, bi mailatan banatuta datoz aurten Orbel Jokuek: 12 eta 16 urte bitarteko umeena batetik, eta 16 urtetik gorakoena bestetik.

Laster irekiko da lehiaketan parte hartzeko izen-ematea, eta aurtengoan, soilik Internetez egin ahal izango da, maxixatzen.eus atariko Orbel Jokuek atalean. Ohi bezala, parte hartzeko hiru laguneko taldea osatu behar da eta hari izena jarri behar zaio.

Lehiaketaren funtzionamendua, berriz, berbera izango da; lehiakideek astero erantzun beharko dituzte Azkoitiaren, euskararen eta euskal kulturaren inguruko galdera sortak. Lehenengo proba azaroaren 14an hasiko da; bigarrena azaroaren 21eko 18:00etan, eta hirugarrena azaroaren 28an, ordu berean. Dena den, gazteen mailakoak bigarren proban batuko dira lehiaketara, azaroaren 21ean hain zuzen ere. Haiek bi proba egingo dituzte finalera iritsi aurretik; helduek, hiru.

Parte hartzaileek maxixatzen.eus atarian erantzun beharko dituzte galderak, astebeteko epean; epea amaitzen den egunean, 12:00etarako erantzun beharko dituzte. Antolatzaileek, berriz, epea itxi eta biharamunean publikatuko dute astez asteko sailkapena. Maila bakoitzean puntu gehien lortzen dituzten hiruna talde sailkatuko dira finalera: aurten, abenduaren 14rako jarri dute hitzordua. Ohi bezala, Elkargunean bilduko dira finalistak, eta gazteen saioa jokatuko dute lehendabizi; hura amaitzean, helduen txanda izango da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide