Lander Garrori eta Pello Reparazi egiteko galderak jasoko ditu Maxixatzenek

Lander Garro zuzendaria. (Argazkia: bertsoa.eus)

Hilabete baino gutxiago falta da Maxixatzenen aurtengo Maiatzeko Lorak loratzeko, eta hasiera emateko ETB1eko 'Euskalonski' saioko kideak izango ditugu maiatzaren 8an, Elkargunean, 19:00etan. Lander Garro saioko zuzendariak eta Pello Reparaz aurkezle-bideratzaileak solasaldian erantzungo dituzten galderak bilduko ditugu atal honetan.

Lander Garro (Errenteria, 1975) idazlea, argazkilaria eta bideogilea da. Hainbat liburu idatzi ditu errenteriarrak, hala nola, 'Orain galdera berriak ditut' narrazio liburua, 'Kontrarioa' eta 'Haginetako mina' eleberriak eta 'Ez merkeenak! bai onenak!. Argia euskal publizitatea abian' saiakera liburua. Egun 'Euskalonski' saioko zuzendaria da Garro.

Pello Reparaz (Arbizu, 1990) da 'Euskalonski' saioko aurkezle-bideratzailea. Astero-astero munduko hiriren batera joan da bertako istorioak biltzera. Euskara eta musika ardatz hartuta, munduan barrena ibili da atzerrian bizi diren euskaldunak aurkituz. Kanpoan bizi diren euskaldunen istorioak erakutsi ditu Reparazek. Zergatik joan diren atzerrira, nola bizi diren bertan... Pertsonaia bakoitzak bere istorioa azaldu du musika kutsua duen saioan.

Garro eta Reparaz Azkoitian izango dira. Maiatzaren 8an Elkargunean izango den solasaldian erantzuteko, bidali galderak maxixatzen@maxixatzen.eus helbidera edo gehitu erantzuna artikulu honen behean, galdera publikoki luzatuz.

Pello Reparaz aurkezle-bideratzailea. (Argazkia: pelloreparaz.com)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide