Ibilbide oparoa osatu du musika munduan Azkoitian bizi den mutrikuarrak: Indar Trabes taldean hastapenetan, Itoiz taldearekin arrakastatsu hamar urtez, eta doinu unibertsalak sortuz harrez gero, nola bakarkako diskoetan, hala orkestrarako pieza sinfonikoetan.
Hortaz, animatuko zara, noski, Lau teilatu kanta mitikoaren egileari galderaren bat edo batzuk egitera, ezta?
Izan ere, gaiak parrastan datozkigu J.C. Perez aipatzean: estilo markatuko musikari askotarikoa, gaztelania nagusi zen giroan euskaraz abesteko hartutako erabakia, hitzak aukeratzekoan egindako hautuak, poesiarekiko lotura, arrakastaren aparra, rock erradikalaren garaian hain erradikal ez izatearen gogorra, Itoiz betierekoa…
Bidali galderak maxixatzen@maxixatzen.eus helbidera edo gehitu erantzuna artikulu honen behean, galdera publikoki luzatuz.