Laburbirak, euskarazko film laburren zirkuituak, 15. edizioa beteko du aurten. Otsailaren 28tik martxoaren 28ra bitartean, hemen eta euskaraz sortutako laburmertraiak erakutsiko ditu herriz-herri. 2017an Euskal Herrian eta munduan zehar ibili zen; New Yorken, Londresen eta Parisen, besteak beste.
2017an zehar jasotako proposamen guztien artean, zortzi film labur aukeratu dira XV. Laburbiran zabaltzeko. Bat ezik, beste guztiak 2017koak dira, eta zortzi filmen artean 77 minutuko proiekzio entretenigarria osotu da publikoari eskaintzeko.
XV. Laburbirako film laburren zerrenda:
- Ilunpetan (Koldo Carranza)
- Night Shift (Izaskun Arandia)
- Higadurak (Oihane Zunzunegi eta Amaia Otaola)
- Ejecutor (Javi Arriaga)
- Tazan (UDA films)
- Areka (Atxur animazio taldea)
- Kreba ( Oier Fuentes)
- Zulo (Erika Olaizola eta Amancay Gaztañaga)
Antolatzaileek, iazko arrakastari jarraituz, Laburbirako ikusleen artean lehiaketa bat antolatu dute beste urte batez. Hala, emanaldira joaten direnek landetxe batean bi lagunek bi gauko egonaldia egiteko zozketa batean parte hartu ahal izango dute, www.kameratoia.eus webguneko Laburbira 2018 ikusleentzako lehiaketa atalean dagoen galdetegia erantzun ondoren. Lehiaketa hilaren 28an hasiko da.
Laburbiraren inguruko informazio osoa hemen aurkitu daiteke.