Hasi dira aurtengo Maiatzeko Lorak

Hirugarren ekitaldia beteko du aurten udaberrian Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatzen duen Maiatzeko Lorak ekimen sortak. Ziklo bat osatzen da nolabait urtean zehar gure elkartearen orbitan: Maiatzeko Lorak naturaren goraldian, eta Orbel Jokuek udazkenean, hostoak erortzean.

 

Feminismoa eta euskara uztartuko dituen solasaldiak zabalduko du aurtengo edizioa, eta herriko taldeekin elkarlanean osatu dugu gainerako kultur eskaintza: Erniarraitz bertsozale elkartea eta Alai Batza aisialdi elkartea izango ditugu lagun.

Batetik, Erniarraitz bertsozale elkartekoek udaberrian eskainiko duten ekitaldi sortaren luzapena izango da azkenik Maxixatzenekin batera antolatuko duen bertso saio aparta. Gainera, Erniarraitzekoek Bertso poteoa antolatu dute Azkoitian bertan maiatzaren 11n, Amets Arzallus eta Jexux Mari Irazurekin.

Beste alde batetik, aurten Alai Batza aisialdi elkarteak 30 urte bete dituela aintzat hartuta, haur-jolasak antolatuko ditugu elkarrekin herriko plazan. Helduentzako ohiko eskaintzez gain, aurtengoan bestelako zerbait eskaintzea nahi genuen Maxixatzeneko kideok, eta horretarako bidaide aproposa izan da Alai Batza, beren efemeride berezian.

 

Egitaraua:

 

  • Maiatzaren 9an, solasaldia Lorea Agirre Jakineko zuzendaria eta Idurre Eskisabel EHUko irakaslearekin, “Euskara eta feminismoa” gai hartuta, Elkargunean 19:00etan.

 

  • Maiatzaren 19an, Erniarraitz bertsozale elkartearekin elkarlanean, Bertso saioa Floreagako On Bosco aretoan, 22:00etan: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Eneritz Artetxe eta Unai Izagirre.

 

  • Maiatzaren 27an, Alai Batza aisialdi elkartearekin lankidetzan, haur-jolasak herriko plazan, 16:30etik aurrera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide