Parapsikologian aditua zen Bartzelonako psikiatra dontsu hark ere ez zuen nahiko niri sinesterik. Ez hasieran behintzat. Hala ere, gustura entzuten zidan beti. Gizon atsegina zen, eta niri buruzko tesia eta dibulgazio liburuak argitaratu zituen parapsikologia arloan. Jordi zuen izena.
-Jordi, zuk sinesten didazu, ezta?
-Ez gaizki hartu, baina nahiago dut ez erantzun.
Beste sei hilabete igaro ziren Bartzelonara bidaiak eginez. Azkenik, inork ez zidanez sinesten, azalpena neuk topatzea deliberatu nuen. Ahal nuen guztietan txangoak egiten nituen herriko mendi inguruetan. Horrela, nire baitan ezagutzen nuen tokiaren bila hasi nintzen, inguruko mendi-hegiak miatuz. Handik bost hilabete ingurura, larunbat goiz batean bailaratxo batean gora jo nuen, mendiko botak jantzita. Kukuherri aldean nenbilela, hara non, eta ezagunak iruditu zitzaizkidan hainbat bazter. Hura zen poza! Mendian gora eta behera ibilita, azkenean topatu nuen nahi nuena. Bai, hura zen lekua. Huraxe bera. Aurkitu egin nuen, azkenean. Baina, ez nengoen erabat seguru. Hain aldatuta zegoen! Hain desberdina zen guztia! Atsekabeak jo ninduen. Eta luze begiratu ondoren, baserri zaharraren ordez, harri zahar batzuk besterik ez nuen idoro. Etxera itzuli eta gurasoei dena kontatu nien; ondoren, aita-amekin bueltatu nintzen leku hartara.
-Hementxe da, aita. Hementxe izan behar du.
Harriak eta lurrak harrotu bezain azkar azaldu ziren lehenengo aztarnak. Aitak agintariei eta iragarkiko arduradunari hots egin zien berehala. Hantxe azaldu ziren guztiak, banaka-banaka. Batzuk gogo txarrez. Gero, ikusitakoak ikusita aitortu zuten, antzinako hondakinak izan zitezkeela eta ikertu egingo zela. Bostekoa luzatu ziguten. Denok pozik ginen orduan. Gure aitak, harro, egundoko besarkada eman zidan.
-Ez zaude burutik jota, seme! Zuzen zeunden!