-Ez dakit zer izan den, ama, sua ala eguzkia, kantuak ala katua, tximinia ala laratza, sutondora botatako erretxina ala paretako harriak. Ematen du batera bizi izandako horrek guztiak barneko ate batzuk ireki dizkidala; bada, amatxo, benetan diotsut, baserri horretan bizi izan naiz, badakit!
Hurrengo astean Bilboko psikologo baten aurrera eraman ninduten. Bi ordu hizketan igaro ostean, hura ez zela bere arloa esan, eta aditu baten telefono zenbakia luzatu zien gurasoei. Hurrengo egunean, ostera ere Bilbon, psikiatra ospetsu bezain garesti baten aurrean nengoen. Zur eta lur geratu zen kontatu nionarekin. Ez zuen ulertzen nola zortzi urteko mutiko batek horrelakorik esan zezakeen, nola jakin nezakeen hainbeste kontu antzinako kontuez. Gizonak zer jolasetan ibiltzen nintzen galdetu zidan.
-Non, eskolan ala etxean?
-Etxean. Hortik hasiko gara.
Hala, kontatu nion Nintendo gustatzen zitzaidala. Adierazi nion Nintendo DS berri-berria nuela, azken modeloa, eta joko asko nituela. Etxean nituen guztiak azaldu nizkion, izan ere, amamaren etxean joko gehiago bainituen.
-Badaukat –esan nion- Kirby jokoa, eta Indiana Jones, eta Zelda, eta Nintendo Dogs, eta Super Mario, Mario Party, Mario Kart eta Vecinos Invasores; baina gehien gustatzen zaidana Kirbya da. Datorren urterako R4a eskatu diot Olentzerori.
Sendagileak eskatu ahala, azaldu egin nizkion joko haiek guztiak. Goiz osoa eman genuen hizketan. Mediku-gelatik irten zenean, amari azaldu zion irudimen handiko mutila nintzela, baina ez zuela ezer arrarorik ikusten. Ezer ere ez.
Hala eta guztiz ere, auzoko kuxkuxeroek ez zuten horrelakorik pentsatu, eta egun gutxitan albistea herriko etxe guztietan zabaldu zen. Jendea esaten hasi zen erotu egin nintzela eta eroetxera eraman nindutela. Gure familiak herriaren inkisizioa nozitu zuen. Batzuek asmatu zuten gure familian betidanik izan direla sorginak. Azak ontzeko, eskolan burlaka zebilzkidan denak, baita nire gelakoak ere, eta, hortaz, bolada batean utzi egin behar izan nuen eskola, giroa baretu arte. Niretzat txarrena, hala ere, beste zerbait izan zen. Beste mutiko bat topatu zuten iragarkia egiteko. Horrela, nahi gabe, galdu egin nuen Hollywoodeko ateak zabalduko zizkidan aktore etorkizun paregabea izateko abagunea. Horren ordez, hilabete egon behar izan nuen etxean, ia kalera irteteke. Eta hura guztia baserri hari buruz nekien guztia esateagatik.