Bafleetatik

Julio Soto bertsolaria. Berria.eus
2014ko urrian Julio Sotok "bafleetatik" izenburua zuen zutabea argitaratu zuen Berrian. Juliorekin bat gatoz; iruditzen ez zaigun arren, berebiziko garrantzia du gauez eta egunez tabernetan entzuten dugunak. Gaur berriro jaso dugu testua, eta egunerokotasunik galdu ez duenez, eta zer pentsatua eman digunez, hona ekartzea pentsatu dugu. Ea, Azkoitiko tabernetan musika jartzeaz arduratzen direnek zer iritzi duten.

Iragan egun batez, ostatu batean elkartu ginen aspaldiko partez lagun zahar batzuk. Udarako parrandak ederrak izaten dira, negua joan da ta; baina pertsonalki, xarma bereziagoa atzematen dut udazken koloretan. Zerbitzaria larrosa kolorez jantzia zegoen eta gure edalontziak garagar hori, apar zuritan. Sorbaldako kolpetxo, esku estutzeen ondoren: Kaixo, kaixo! Zelan? Ondo!

Gizakiei bezalaxe, bafleei ere bigarren aukera bat eman behar zaielakoan, hirugarren abestira arte eutsi zioten isilik nire belarriek. Aspaldi da sentiberago dauzkadala, begiago. Ez dakit zer pasatzen den azken aldi hontan, jendea hasi dela dantzatzen sarritan inperioko kantekin, gurea ez den jai eredu bat bultzatzen dutenekin; arazo, hizkuntza eta musika mota. Iruditzen ez zaigun arren, berebiziko garrantzia duelako gauetan entzuten denak. Esparru askotatik egiten delako herria, kontutik bezala kantutik; Kantuz sortu naiz eta kantuz nahi bizi.

Nik, gau eta egun euskaraz bizi nahi dut, baina onartzen dut musika desberdina tartekatzea aberasgarria dela. Ordea, berriz min hau, berriz min hau sentitzen dut tartekatua, salbuespena, gurea denean.

Iruñeako taberna bat zen, baina izan zitekeen Elorrixon zu ta ni, edo Goizuetan, Goizuetan. Euskal Herriak zerbait ona badu, musikariak dira. Baina kaskezurrean sartu zaigu gurearekin ezin dela hain ongi pasatu, jendeak beste zerbait nahi duela. Gezurrak. Konplexuak. Eta egia balitz ere, gure tabernetan, gurearekin lepoan hartu ta segi aurrera.

Nik ez diat inoiz esango, hire egin beharra zein den, baina gure herria egon ez dadin esperantzara kondenatua, ez jarri edozer, edo ez utzi edozer jartzen.

Ez ahaztu sarri, sarri, herri bat bafle barruetatik hasten dela eraikitzen.

Julio Sotok 2014ko urriaren 1ean Berriako Larrepetik atalean idatzitako zutabea da hau.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide