Aste honetan zehar, Marea Urdina eta autismoa landu dituzte Iraurgi ikastetxeko ikasleek, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoraino.
Autismoaz egindako lanketari amaiera borobil bat emateko, argazkiak atera dituzte ikasleek zein ikastetxeko langileek, eta bideo bat osatu dute horiekin guztiekin. Horrez gain, Marea Urdinari zuzendutako testu bat plazaratu dute. Hona hemen Iraurgi Ikastetxeak Marea Urdinari helarazitako testua:
"Autismoa ez da gaixotasun bat,buruko nahasmen bat baizik. Hori dela eta, autismoa ez da sendatzen.
Nire egunerokoa, zuen guztion antzekoa da, baina eguna lasai igarotzeko, laguntza txiki batzuk behar izaten ditut. Esaterako, piktogramak erabiltzen ditut, argazkiak dituzten txarteltxo batzuk dira horiek, eta askoz ere errazago ulertzen dut nire eguneroko ordutegia beraien laguntzaz.
Ahoz adierazitakoa ulertzeko zailtasunak izan ditzaket eta momentuan momentukoa azaltzea ezinbestekoa da niretzat. Horrela, nire buruan dena ordenatuta izaten dut. Nire buruan, informazioa kutxetan sailkatuta daukat. Askotan kutxa bat bestearekin lotzea asko kostatzen zait, horregatik egiten zait hain zaila zuen komunikatzeko modua; nahasmen handi bat delako niretzat.
Zuei kotxeekin eta panpinekin jolastea gustatzen zaizuen bezala, niri ere asko gustatzen zait. Baina niretzat jolas ezberdina izan daiteke. Nik beraien tamaina eta koloreen arabera ilaran jartzen ditut, eta puzzleak egiteko sekulako zaletasuna dut. Ditugun interesak berdinak izan daitezke, baina modu ezberdin batean erabiliko ditut. Baina lasai! Ez da ezer gertatzen!
Gure inguruan dauden, zarata, mugimendu askok urduri jartzen naute. Horregatik, nire fantasia munduan sartzen naiz eta bertan lasai egotea gustatzen zait. Zarata handia edo jende asko dagoen lekuetan egotea oso zaila egiten zait, baina patxadaz eta lasaitasunez hartuz gero, nik ere lortu dezaket. Esaterako, asko urduritzen banaiz, belarriak tapa ditzaket momenturen batean, horrela zarata gutxiago entzungo baitut.
Ezagutzen ez dudan leku berri batera joan behar badut, hain maitea dudan panpina nirekin emango dut, horrek segurtasuna ematen baitut. Aldaketei beldur handia diet baina handitzen noan heinean nik ere ikasiko dut, zuek guztiok bezala. Guztiok desberdin berdinak gara, eta hori da politena. Gizartean ditudan hesiak apurtzen lagundu iezadazu, batzuetan adieraztea kostatzen zaidan arren, zuen lagun izan nahi baitut."
Mila mila esker Iraurgi! Marea Urdinaren helburua guztiz bete duzue, zuek ikastetxean dituzuen ikasleak etorkizuneko gizartearen parte izango baitira. Zoragarria.
Gora zuek! Zuek ere urdin!