24. Korrika amaitu zenetik hilabete pasatxo igaro da, eta perspektibaz begiratu diezaiokegu orain. Ikaragarria izan zen, kolosala beste behin ere, alimalekoa. Nazio mailan balorazio oso positiboa egin da; inoizko jendetsuena izan da. Martxoaren 29an zirrara kolektiboa bizi izan genuen Bilbon; egunetan iraun zuen, gainera, goraldi hark. Orain, ordea, aparra jaitsi denean, nola ikusten dugu oraina? Eta etorkizuna?
Aurtengo mezugileek gorputza irudikatu dute, eta diote gure gorputzak, beste gauza askoren artean, egin nahi diela orro batzuei eta irri besteei. Nik, azken boladan, orro egiteko arrazoi gehiago ikusten ditut, baina ez dut irria galdu; izan ere, badira "mila motibo kantatzeko alai" eta irri egiteko. Besteak beste, Pantailak euskaraz elkarteari eta 30.000 sinatzaileei esker, marrazki bizidunak euskaraz emititzen jarraitzea lortu da. Bestalde, Euskaltzale Independentisten Topaketa egin da apirilean, eta hori ere irri egiteko eta itxaropenari heltzeko arrazoia da, baita Maxixatzen euskara elkarteak 30. urteurrena ospatu izana ere; bejondeizuela! Mugimendua badago, bizi(ko) gara.
Zazpi gaztek diote urrats bate eta bestea, gorputz bat egin dugula, denona
Korrikaren mezura itzuliz, une batean zazpi gazteek diote urrats bat eta bestea, gorputz bat egin dugula, denona. Eta eskatzen dute ez dezagula ahaztu hori bihar, bakoitza berera itzultzen garenean. Bihar hori gaur (ere) bada; zer egiten dugu guk, egunerokoan, euskaraz, euskaratik eta euskararen alde? Nahikoa da? Gure esku dagoen guztia da?
Honako hau ere badiote mezuaren egileek: "Euskaraz egin egiten da, baina izatea ez da edozein gauza. Izatea egotea ere bada, nonbait mugimenduan, borrokan". Hala dio Garikoitz Goikoetxeak ere: hurrengo hamarkadetan, euskaraz biziko bagara, borrokan jarraitu beharko dugu. Eta ez uzteko frustrazioak gain har diezagun; ez pentsatzeko orain arte egindakoa alferrik izan denik. Kontrara, pentsatzeko egin izan ez bagenu non eta nola egongo ginatekeen. Hots, norbaiten borrokari esker bizi gara, eta gure borrokari esker biziko dira; beraz, borrokan, mugimenduan jarraitzea dagokigu; izan zirelako garela, eta garelako izango direla, alegia. Ez dadila, ordea, abestietarako edo pankartetarako esaldia soilik izan.
"Azalberrituta datoz munstro zaharrak, baina gorputz bat sortu dugu. Askotarikoa, konprometitua, indartsua. Eta gaur hemen badago, egongo da bihar ere". Hala izan bedi. Hala izan behar du. "Euskara gara eta hemen gaude. Hemen gara eta euskaraz gaude. Aurrera goaz, bazatoz?"