Urriaren 17an, Azpeitian, Euskarak ez du periferiarik, zentrorik ez baitauka izeneko hitzaldia izan zen. Hitzaldi hori Arnasgunean hizkuntza gutxituen biziberritzean nazioarteko konferentzian eman zuten. Arnasgunea ginen geu ere garai batean; Azkoitia historikoki izan da arnasgune. Harrotasunez aldarrikatu izan dugu arnasgune ginela kanpora ikastera edo lanera joan garenean, oporretan Euskal Herria zeharkatu izan dugunean...
Ginela idatzi dut, bai, zalantza baitut euskara hauspotzen jarraitzen dugunentz, ez ote garen erdaretan itotzen ari. Azken hamabost urteetan, muga bat jartzearren, kalean asko jaitsi da euskararen erabilera; erdarak nagusitzen ari dira, batez ere gaztelera, baina ez gaztelera bakarrik. Bizitza osoan ezagutu ditut euskaraz ikasi ez duten azkoitiarrak, betidanik. Hala ere, garai batean euskara zen nagusi kalean, eta arnasgunea ginen. Gaur egun, ez dakit zein hizkuntza gailentzen den gure herriko kaleetan. Eta horrek, bene-benetan, kezka lehenik, tristura ondoren, eta, azkenik, amorrua sentiarazten dizkit.
Beti defendatu izan dut, eta defendatuko dut, euskara gure identitatearen atal garrantzitsua dela, euskaraz garela. Hori horrela, nago identitatea galtzen ari garela; edo, behinik behin, bestelakotzen. Horrek ez du zertan txarra izan, beti ere, norberaren aukera denean, baina ez da gure kasua. Ez dugu guk erabaki.
Gaur egun, ez dakit zein hizkuntza gailentzen den gure herriko kaleetan
Asko hausnartzen dut, azkenaldian, zeraren inguruan: migrazioak zer eragin duen euskararen erabileran eta, beraz, gure identitatean, eta zer egiten dugun edo egin dezakegun geureari eusteko. Horren guztiaren inguruan ikerketa bat abiatu du Maddi Dorronsoro Olamusuk, Arnasguneak eta migrazioa: euskal hiztunen jarrera, hain zuzen ere. Zerbait mugitu zait barruan ikerketaren berri izan dudanean, oso identifikatuta sentitu bainaiz, eta ondorioen berri izateko irrikaz nago. Izan ere, Azkoitian mundu osoko hainbat (ez dira gutxi) herritar bizi dira; Azkoitian mundua dagoela esan daiteke.
Eta mundu horren zati eder bat, hitzaren zentzu guztietan, Azkoitiko AEKn dago; ha hor hara, zer egiten dugun geure identitatearen alde: euskara irakatsi eta arnasgune izan (ez dakit zein den lehenago, zein lehentasun). Maiz ezetz pentsatu arren, bada euskarara hurbiltzeko interesa duenik, eta ez dira gutxi. Gurean, aurten, asko dira; inoiz baino munduago gara. Hasiera zoroa bezain mundiala izan da. Eta hemen gabiltza, elkarrengandik ikasten, urtero legez. Elkarrekin mundu bat izaten.