Eskerrik asko!

Erabiltzailearen aurpegia Miren Alberdi Urzelai 2022ko eka. 22a, 17:51

Miren Alberdik maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Eskerrik asko!'.

Atzean geratu bada ere, 22. Korrikan izan den parte-hartzea eskertu nahi dugu Urolako AEK-tik. Beti bezala, kolosala izan da. Bailarako herrietan jaso dugun babesa itzela izan da, eta benetan, bihotzez, eskerrik asko!

Txanponak badu, ordea ifrentzua. Izan ere, Korrika ez da eguneko karrera soilik. Korrikaren helburua euskara eta euskal kultura bultzatzea da, euskara uneoro presente izatea, jendartea euskararen egoeraz kontzientziatzea, transmisioa bermatzea eta hitzekin ekitea. Horretarako, Korrikaren alderdi sendoa da Korrika kulturala; hori dugu Azkoitian hobetu beharreko puntua. Baina horretarako herriaren laguntza behar dugu, Korrika Batzordeetan parte hartuz. Azken horiek irekiak dira eta ideia edo proposamen oro izaten da ongi etorria bezain beharrezkoa.

Horrek, Korrika aitzakia hartuta, herriko euskalgintza saretzen du. Gainera, Korrikaren olatua datorrenerako herria girotzen laguntzen du. Horrela, arestian aipatutako lasterketa soiletik haragoko helburuak lortzen ditugu denon artean. Horixe da falta izan zaigun aletxoa.

Korrika iristeko hiru egun falta zirela, lasterketa igaro ondoren zer egitarau zegoen galdetu ziguten hainbat herritarrek. Eta, ezer ez zegoela jakitean, harrituta gelditu ziren. Egia esan, polita izango litzateke: ostirala, oporrak, eguraldi polita… Baina, lehen esan bezala, horretarako herritarren laguntza behar dugu. Horrelako ekitaldi bat antolatzeak sukaldeko lan handia dauka: zer eta norentzat antolatu erabakitzea, baimenak eskatzea, eguna, tokia eta abar zehaztea; musikari, mago, bertsolari edo dena delakoarekin kontaktuan jarri eta agendak bateragarri egitea, beharrezko baliabideak lortzea, ekitaldiaren zabalkundea egitea eta jendea etorriko dela ziurtatzea… Eta, eguna iristen denean ere, hainbat lan eta ardura izaten dira. Pena handiz, baina amesten dugun Korrikaren egun hori aurten ez da posible izan. Ea 23. Korrikan herriak bat egiten duen gurekin eta denon artean aurretik aipatutako helburu horiek guztiak lortzen ditugun.

Garbi dagoena da Azkoitiko herriak bat egiten duela Korrikarekin. Izan ere, etortzen den orduan etortzen dela, harrera beroa jasotzen du Korrikak beti, eta giroan emozioa nabaritzen da. Halaber, xumeak izan badira ere, antolatutako ekintza guztietan jaso dugun erantzuna txalotzekoa izan da: Txerloiako Korrika Txikia, Xoxote mendirako irteera eta Korrika Txikia, adibidez. Beraz, grina, ilusioa eta hitza baditugu; orain ekintza da behar duguna. HitzEkin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide