Juan Ramon Alberdik Maxixatzenen idatzitako artikulua irakurri ondoren, izenburua aldatu diot artikuluari. Erabat ados nago egin duen gogoetarekin eta bere baimenaz, neure egiten dut terminoa.
Ekin diogu bada, bizikidetza berriari. Itzuli gara egunerokotasunera: lanera, eskolara, kiroldegira… Zapaltzen dugun leku bakoitzak badu bere kontingentzia-plana, badu protokolo zehatza. Gure segurtasuna eta osasuna bermatzen omen dira leku guztietan. Gauza bera gertatzen ote da gure hizkuntzarekin?
Irakurle batek baino gehiagok pentsa dezake une honetan ez dela euskarari buruz aritzeko unerik egokiena. Norbaitek, agian, galdetuko dio bere buruari nola ausartu naizen, bizi dugun egoeran, osasuna eta euskara parean jartzera, badirela orain lehentasun garrantzitsuagoak. Baina euskarak lehentasuna izaten jarraitu behar du.
Ildo honetan, Aintzat taldeak, Osasungintza Euskalduntzeko Mugimendua, Osasunbideari eta Osakidetzari eskatu die osasun zerbitzuak euskaraz ematearen premia publikoki onar dezatela eta, aldi berean, langileei gogoraraztea maila goreneko arreta pazientearen hizkuntzan ematen dena dela. Hori oinarrizko giza eskubidea da. Esan beharra dago, Aintzat mugimendua euskal Herriko hainbat medikuk osatzen dutela.
Honekin lotuta, pandemiaren unerik gogorrenetan, etxeratu gintuztenean hain zuzen, EITBk jasotako kritikak eta honek emandako erantzuna datozkit burura: hainbat kritika jaso zituzten informazio guztia gaztelera hutsean ematen zutelako. Kexei erantzunez, salbuespenezko egoera hartan, lehentasuna informazioak zuela argudiatu zuen. Non geratzen da EAEn legez aitortutako hiztunen eskubidea?
Gauza bera gertatzen da eskoletan. Pentsa daiteke bizikidetza berri honetako lehentasuna haur, irakasle eta gainontzeko langileen osasuna dela. Eta ez dut nik ezetzik esango. Baina, lehentasunen zerrendan, zein tokitan dago euskara? Non kokatu beharko genuke? Berebiziko garrantzia duten kontingentzia-planak eta protokoloak sortu dituzte ikastetxe guztietan ikasturtea modu seguruan has dadin. Euskarari dagokionez berriz, zein da plana? Zein euskara maila dute eskolara itzuli berri diren ikasleek? Hauetako askoren bizitzatik euskara desagertu egin da. Nola egingo dugu galdu dutenek berreskura dezaten? Galdera ikur gehiegi... Norbaitek erantzunak ematen hasi beharko du. Honekin guztiarekin, irakurleak gogoeta egitera animatu nahi nituzke. Nik garbi daukat: euskarak lehentasuna izaten jarraitu behar du.