Izan ere, ez da zalantzarik produktu horien merkatuak emakumeez kezkatzen direla. Pentsa zenbat buruhauste darabiltzaten zuri ondoena egokituko zaizkizun konpresa zein tanpoiak asmatzeko; handiagoak edo txikiagoak, hegodunak edo gabeak, usain goxodunak, plastikozko aplikadoreekin edo ez... denak zuri-zuriak. Gainera, konpresak erosiz bularreko minbiziari aurre egiten laguntzen omen duzu. Badirudi emakumeez kezkatzen direla, bai; horrelako mila fartsa saldu nahi dizkigute telebista kate zein beste medioetako iragarkiek. Baina benetan gutaz kezkatuko balira, ez ote ligukete ohartarazi behar euren milaka forma, kolore eta usainetako produktuak nola eginak dauden?
Dioxina, poliakrilatoa eta rayon-a, besteak beste, hilero gurekin ditugun osagarri ezezagunak. Hirurek ere ez dute osasunaren lagun onak direlako osperik: oso kantzerigenoak omen dira. Dena dela, ni ez naiz kimikaria xehetasunetan sartzeko, baina urteetan izan nahiz produktu horien kontsumitzailea, eta ez da zalantzarik nire aluak horren beharrezko dituen fluxuak xurgatzen zizkidatela. Gainera, kontuan hartzekoak dira neska bakoitzak sortzen duen errefusa kopurua eta gastatzen duen diru guztia ere. Luxuzko produktuen BEZa ordaindu, eta, zeure buruari ez ezik, ingurugiroari ere kalte egiten diharduzu.
Paradoxikoa, beraz: minbiziaren azterketan lagunduz bizitzak salbatzen dabiltzalako itxura eginez, gu hil gaitezen, dosi kimikoak zuzenean gure alutik sartzera bideratzen gaituzte. Izugarrizko merkatua dago hilerokoaren atzean; lehenik zikin sentiarazten gaituzte, eta, ondoren, horri aurre egiteko produktu garestiak saldu. Badaude alternatiba osasuntsu, ekonomiko eta ekologikoagoak, eta, emakumeon hileroko errealitate bat izaki, gutxienez horren inguruan hausnartu behar genuke.