Zurekin ez nagoen arren,
zure ama naiz.
Badakit egunak igarotzen ditugula
elkar ikusi gabe,
nire nahirik sutsuena
zurekin egotea den arren.
Gaur egun eraiki dugun
gizarte honen betebeharrei aurre egiteko
eta zure etorkizuna
ahalik ondoen kudeatzeko,
ordu asko lan egitera beharturik nago.
Etxera iristen naizenerako
ohean zaude
eta ohetik jaikitzen zarenerako
etxetik irtenda nago.
Ez daukagu elkar gozatzeko astirik.
Zure zaintzailearekin
harreman estuagoa daukazu
nirekin baino,
badakit!
Baina zer egin dezaket?
Zurekin egoteagatik
gustura baino gusturago
utziko nuke erabat zurrupatzen nauen
lan bedeinkatu hau,
baina orduan,
nondik bizi?
Nola mantendu?
Ezin dut!
Ezin dut halakorik egin!
Hainbeste buruhauste
dakarkidan lana izanagatik ere,
behar-beharrezkoa dut.
Egunen batean
ulertuko duzu nire egoera,
eta agian
horrenbeste maite duzun
zaintzailearen pare jarriko nauzu,
horrenbeste goraipatzen duzun
zaintzailearen pare.
Ez ahaztu
zuregatik edozer egiteko gai den
zure ama naizela,
egunero faltan botatzen zaituen
zure ama naizela,
mesedez,
ez ahaztu.