Nire senarra hil da,
eta ni askatu naiz.
Bere mehatxupean
urteak igaro ondoren,
ahaztu egin zait
aske bizitzea zer den,
orain arte
ez dut neure bizitza bizitzeko
aukerarik izan,
beti berak esandakoa
egin behar,
bestela eskua altxatu eta...
Egia esan,
ez dakit nola nagoen bizirik,
askotan pentsatu dut:
oraingoan hilko nau!
Baina hara!,
heriotzak ni baino lehenago
eraman du,
niri bizitza oparituz.
Ustekabeko heriotza honek,
ustekabeko bizitza hau oparitu ondoren,
berriro bizitzen
ikasi beharrean
aurkitzen naiz,
baina ikasiko dudalakoan nago,
hona iristeko
beste gauza asko
ikasi ditudan moduan.
Ikasgai eder baten aurrean
aurkitzen naiz,
bizitzako ikasgairik kilikagarrienaren aurrean,
hain zuzen:
bizitzen hasi.