Jon Albizuri: "Atzerrian bizitzeak profesionalki eta pertsonalki hazten lagundu dit"

Erabiltzailearen aurpegia Laida Beristain 2016ko ots. 25a, 13:14

Jon Albizuri azkoitiarrak 34 urte ditu, eta Ingenieritza Kimikoan doktorea da. AnoxKaldnes (Veolia Water) izeneko enpresan lan egiten du gaur egun.

 

Non bizi zara gaur egun?
2012ko urritik Lund-en bizi naiz. Lund Suedia hegoaldean dagoen 100.000 biztanle inguruko hiri bat da. Suedian egon arren, Stockholmetik baino Kopenhagetik [Danimarka] gertuago dago. Hiri unibertsitarioa da; biztanleen %25 ikasleak dira. Lundeko unibertsitatea, Uppsalakoarekin batera, Suediako garrantzitsuenetako bat da.


Zein izan zen Azkoititik horra joateko arrazoia?
Lana. 2012ko ekainean doktoretza tesia bukatu nuen. Bertan, ur zikinak tratatzeko MBBR izeneko teknologia ikertu nuen. Hori bukatu bezain laster Euskal Herrian saiatu nintzen lana bilatzen, baina ez zegoen erraza. Etxean erantzunik ez jasotzean, nire CVa Espainiara eta munduko beste leku batzuetara bidaltzea erabaki nuen. Suediatik, deitu zidaten, AnoxKaldnes enpresatik, nik doktoretzan ikertutako teknologia bertan patentatu baitzen. Elkarrizketa bat egin zidaten, eta 15 egunen buruan hantxe nin-tzen lanean.


Noiz arte geratzeko asmoa duzu?
Neuk jakingo banu…! Hasiera batean, neure buruari hiru urteko epea eman nion, hau da, 2016ra arte. 2016a heldu da, eta oraindik ez dut planteatu bueltatzerik. Suedian kontratu iraunkorra daukat, eta nahiko kondizio duinekin gainera. Euskal Herrian gaur egun ez da erraza hori lor-tzea. Argi dudana da lanik gabe ez naizela itzuliko. Egia da, ordea, oraindik ez naizela askorik saiatu hemen ezer bilatzen ere.

 

Hawaiiko Ironman proban parte hartu zenuen duela gutxi. Nola lortu zenuen parte hartzeko aukera?
Suediara joan aurretik mendiko lasterketak egiten nituen. Hara joan eta hura oso laua zela konturatu nintzen. Triatloi talde batekin harremanetan jarri, eta horrelaxe hasi nintzen triatloian. Joan den abuztuan Kalmar-eko [Suedia] Ironman proban parte hartu nuen. Nire adin taldean, 30-34 urtekoen artean, bigarren postua lortu nuen, eta ranking orokorrean hamabosgarrena. Nire adin taldean bost dorsal zeuden Hawaiirako, eta nik, bigarrena izanik, bat lortu nuen. Baietz esan nuen. Esperientzia hura bizi nahi nuen.


Zer-nolako esperientzia izan zen Hawaiiko Ironmana?
Gogorra baina aldi berean ikaragarria. Esaten da munduko Ironmanik gogorrena dela Hawaiikoa, eta hori hango muturreko klimagatik da gehienbat: beroa eta haize gogorra, 40 graduko tenperatura eta 100 km/h-ko haizeak ez dira arraroak. Eta bai, konpetizio egunean sufritu egin nuen. Beroak eragina izan zuen niregan, beste guztiengan bezala, batez ere maratoian. Normalean korrikako atalean ibiltzen naiz ondoen, eta Hawaiin sekula ez bezala sufritu nuen maratoia bukatzeko.
Baina era berean izugarrizko esperientzia izan zen. Guztiek ez dute izaten munduko txapelketan parte hartzeko aukera hori. Hara ailegatzen zaren momentutik usaintzen da hura Ironman berezia dela. Eta munduko triatleta onenekin batera entrenatzea eta konpetitzea izugarria da.


Hawaii ezagutzeko aukera ere izan al zenuen?
Ironmana baino astebete lehenago joan nintzen hara. Aste horretan ez da egoten ezer bisitatzeko denborarik, ezta gogorik ere. Hango klimara ohitzeko asmoz, entrenamendu lasai batzuk egin nituen. Horrez gain, Ironmanean erregistratu, bizikleta prestatu, lasterketa egunerako energia barratxoak eta gelak erosi…
Baina Ironmanaren ondoren beste astebete geratzeko aukera izan nuen. Normala den bezala, aste horretan ez nuen ukitu ez bizikletarik, ez korrikako oinetakorik. Eta orduan bai, Hawaiiko irla handian zehar turismoa egiteko aukera izan genuen: hondartza ezberdinak, bolkanak, baso tropikalak... Egia esan, izugarrizko barietatea du Hawaiiko naturak.


Atzerrian bizi izanak zerbait erakutsi dizula uste duzu?
Atzerrian bizitzeak izugarri erakusten du. Niri asko erakutsi dit, bai arlo profesionalean, bai pertsonalean. Batez ere aspektu pertsonala azpimarratu nahiko nuke. Kanpoan bizitzeak asko indartzen zaitu. Izan ere, zurea ez den beste kultura batera integratu beharra daukazu, eta hori askotan ez da erraza. Suediarrak -eta eskandinaviarrak oro har- gu baino hotzagoak dira. Ez da erraza bertako taldeetan sartzea. Horretaz gain, beste hizkuntza bat hitz egiten dute, eta horrek ere gauzak zailtzen ditu. Gainera, atzerrian zuk zeuk eman behar diezu irtenbidea etortzen zaizkizun arazoei. Ez dauzkazu zure familia eta zure betiko lagunak kasu horietan laguntzeko.


Denboraldi batez atzerrian bizitzea gomendatuko zenuke?
Dudarik gabe. Aurretik esan bezala, niri profesionalki eta pertsonalki hazten lagundu dit.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide