Imanol Larrañaga: 'Mundua oso handia da beti leku berdinean egoteko'

Erabiltzailearen aurpegia Laida Beristain 2015ko uzt. 17a, 11:09

Imanol Larrañaga azkoitiarrak bi urte daramatza Thailandian bizitzen; bizitoki tropikalak maite ditu.

Imanol Larrañaga 29 urteko azkoitiarra da eta duela bi urtetik Thailandiako Koh Tao uhartean bizi da. Pura Vida Pro urpekaritza eskolan irakasle lanetan aritzen da bertan.

 

Noiz eta zergatik erabaki zenuen kanpora bizitzera joatea?

Betidanik eduki izan dut kanpora joateko asmoa, txiki txikitatik. Baina lanean hasi eta diru pixka bat eduki arte ezin izan nuen nire lehen bidaia egin. Ez nuen uste kanpoan bizitzen geratuko nintzenik, hasieran abentura eder bat egiteko asmoa bakarrik zen.

Lehen geltokia Mexiko izan zen; lagun on batekin egin nuen bidaia hori. Hasieran pare bat hilabeterako joateko asmoarekin hasi ginen bidaia prestatzen, baina azkenean, kontu eta komeriekin bederatzi hilabeteko egonaldia egin genuen.

 

Zein herrialdeetan bizi izan zara?

Lehenengo bidaia 20 urterekin egin nuen, baina, esan bezala, bidaia bat izan zen. Handik berriro herrira itzuli nintzen, baina ez geratzeko intentzioarekin, poltsa bete eta berriro alde egiteko asmoz baizik. Baina oraingoan zerbait ikasteko gogoarekin. Ingelesa ikasteko asmoz, nire neska-laguna zenarekin Australiara joatea erabaki nuen. Australian urtebete igaro eta Zeelanda Berrira bidaiatu nuen, handik Asia ezagutzeko gogoarekin. Asiako hego-ekialdera joan nintzen, Indonesia, Thailandia, Laos eta Kanbodiara. Hori egin ostean, Sri Lanka, India eta Nepal ezagutu nituen berriro etxera bisita bat egitera itzuli aurretik. Herrian bisita egin eta berriro Mexikora joan nintzen, eta handik berriro Thailandiara.

 

Zein da ezagutu dituzun herrialdeetatik gehien gustatu zaizuna?

Gehien gustatu zaidan herrialdea Mexiko izan da, alde batetik nire anaia bertan bizi delako eta bestetik nire lehen bidaia handiena izan zelako. Gainera klima oso atsegina da, eta mexikarrak nire nortasunarekin ondo egokitzen diren pertsonak direla uste dut. Oso lurralde polita da eta denetarik aurkitu daiteke bertan.

Zer egin izan duzu eguneroko ogia irabazteko?

Bizimodua aurrera ateratzeko mota guztietako lanak egin behar izan ditut; obretan peoi moduan, etxebitzetako berrikuntza lanak, fruta bilketan, kalean xaboizko burbuila erraldoiak egiten, malabarismoak eta urpekaritza ikastaroak ematen besteak beste.

 

Non ikusten duzu zure burua etorkizunean?

Ez dakit non amaituko dudan, baino seguruenik leku tropikal batean, hotza eta eguraldi txarra ezin ditut jasan. Ez dut uste Azkoitian amaituko dudanik, baina ez dago jakiterik. Egia da, ordea, noizean behin herri mina ere izaten dudala.

 

Kanpotik ikusten den bezain polita al da horrenbeste bidaiatzea?

Dena ez da kanpotik ikusten den bezain polita edo erreza, eduki izan ditut nire garai txarrak ere. Gehienbat diruz oso larri ibili naizenean. Baina behin egoerari buelta emanda, bizi ikasgai bilakatzen da, eta barre egiten duzu.

 

Gomendatuko al zenioke inori kanpora irtetea eta esperientzia bizitzea?

Guzti-guztiei gomendatuko nieke kanpora bizitzera joatea denbora luze baterako, batiz bat begiak zabaltzeko eta gure ingurutik at beste gauza asko ere badaudela ikusteko. Mundua oso handia da beti leku berdinean egoteko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide