Non zaude eta zenbat denborarako joan zara?
Ingalaterra hegoaldean nago enpresa batekin lan egiten, Londres hiritik 40 minutura dagoen herri batean. Azaroan etorri nitzen Ingalaterrara, eta hasiera batean zortzi hilabeteko egonaldia denez, uztailean amaitu eta Euskal Herrira bueltatuko naiz.
Zer lan egiten duzu bertan?
Espainiako enpresak Erresuma Batura ekarri eta bertako merkatuan lan egiteko beharrezkoak dituzten zerbitzuak eskaintzen ditu gure enpresak. Enpresen funtzionamendua zeharo desberdina da batean eta bestean, eta beraz, Ingalaterran enpresa bat sortzea edo Espainian sortzea guztiz ezberdina da.
Zer beka eman zizuten?
Global Training izeneko bekaren bitartez nago hemen. Egia esan, unibertsitatean Graduko lehenengo urtetik izan genuen beka horren berri, eta etorkizunean kontuan hartzeko aukera polita zela esan ziguten. Hala ere, laugarren mailara iritsi arte ez nintzen informazio bila hasi. Atzerrian lan egiteko egonaldia eskaintzen zuten, betiere baldintza zehatz batzuk eskatuz; besteak beste, Gradua amaituta edukitzea, 30 urte baino gutxiago izatea eta ingeles maila ona izatea.
Behin beka lortu zenuenean erraza izan al zen joateko erabakia hartzea?
Baiezkoa jasotzea zaila izango zelakoan, beste aukera batzuen bila nenbilen ordurako, eta bat-batean Ingalaterrara joateko aukera zabaldu zitzaidan. Hasieran, beldurra eta kezkaren arteko sentsazioa izan nuen, baina banekien zalantzarik gabe hartu beharreko aukera zela. Horrelako erabakiak ez dira errazak hartzeko, baina egokiena zela pentsatu nuen.
Zer moduzko esperientzia ari da izaten?
Esperientzia oso ona da orokorrean. Profesionalki egunero lanean ikasten duzunaz gain, inguratzen zaituen guztiak pertsonalki irakasten dizun dena daukazu. Ez da lehenengo aldia kanpoan egonaldi bat egiten dudana, aurretik ere Erasmusekin egonaldi bat egina naiz lau hilabetez Pragan, baina esperientzia zeharo ezberdina da.
Alde on asko dituela esango nuke, nagusiena beste herrialde batean bizitzen zarela, beste hizkuntza batekin eta beste jende batekin. Gainera, bitartean profesionalki prestatzeko aukera duzu. Alde txarrak aipatu behar baditut, noski etxean ez egotea eta hasierako norberaren erronka hori, bizimodu berrira ohitu arte.
Horrelako esperientzia bizitzea gomendatuko al zenioke jendeari?
Dudarik gabe. Gainera orain arrazoi gehiagorekin, ikasketak amaitu eta lana bilatzea ez baita horren erraza. Horrelako beka asko daudela badakit eta nahi izanez gero atzerriko esperientzia bat bizitzea posible da. Aukera polita da edonorentzat, beraz.