Balda Plazan elkartu ginen pilotari beteranoak eta herriko hainbat gazte, eta Debako eta Azkoitiko dultzaineroekin Kontzejuperako bidea egin genuen. Bertan, pilotari zaharrenei omenaldi xume bat egin genien. Sahatsa dantza taldekoek aurreskua egin zieten lehenik, eta Unai Izagirre bertsolariak bertso bat eskaini zien.
Ondoren, erritmo eta intentsitateko txapelketako partidak ikusi genituen. Jokin Aranbarri-Julen Aranburu eta Iraitz Korta eta Markel Andueza izan ziren finalera iritsi zirenak, eta lehen bikoteak 22-14 irabazi zuen. Eurek jantzi zuten III. Pelotai Euneko txapela.
Gainerakoan, Joseba Jatetxean egin genuen bazkarian 200 lagun inguru elkartu ginen, eta sekulako giroa izan zen bazkari osoan zehar. Torre Zuriko erakusketara ere jende ugarik egin zuen sartu-irtena. Goi-mailako pilota partidetan, Alex Juaristi eta Jokin Errasti pilotari azkoitiarrek 30-18 irabazi zieten Apezetxea eta Saralegi pilotari profesional ohiei. Arratsaldean jokatutakoan, azkenik, Andreu eta Goenaga azkoitiarrek Peru eta Eneko Labaka gainditu zituzten 30 eta 19 irabazita. Antolakuntzatik eskerrak eman nahi dizkiegu boluntario lanetan lan egin duten guztiei, eta nola ez Pelotai Eunean parte hartu zuten neska-mutil denei.