Egun bizi dugun egoeran ere, ez dugu planteatzen 25 ospitale hobe direla, gerra dagoenean etsaiari aurka egiteko Eurofighter modernoak erostea baino.
Kontuan hartzea ere ez du merezi, COVID-19 gaitza aurre-aurrean dugunean, gerra dagoenean etsaiari eraso egiteko Leonard tanke modernoak baino ehun mila arnasgailu erabilgarriagoak direla.
Burutik pasatu ere ez zaigu egiten 736 milioi maskarak zerbitzu hobea emango digutela, gerra datorrenerako hainbat misil eskuratzeak baino.
Eta S-80 urpeko ontziak eskuratzeko behar larria dugu. Ez, ordea, horretarako baliabideak 60.000 erizain kontratatzen xahutzeko. Izan ere, urpeko ontzi horiek etsaiaren aurka egiteko balioko digute gerra hasiko balitz.
Arazoa da, Espainiako Estatua behin eta berriz esaten saiatzen den arren, ez gaudela gerra batean, baizik eta bukatzen ez den pandemia batean murgilduta gaudela, eta txertoaren zain. Beste birus baten beldur, eta ez beste gerra batzuen beldur. Nolanahi ere, Espainiako armadak azken ehun urteetan eutsi dion gerra bakarra bere herriaren aurkakoa izan zen.
Gaur egun burugabea da armada bat izatearen ideia bera, eta gainera, zeharo garestia da erakunde gisa ere. Eta etsaiak ez ditu hegazkin-ontziak, ez bonba-jaurtitzaileak, ez gerra-ontziak. Etsaia birus bat da, eta birus guztien gisan, kaso egiten du miseriatik, babesgabetasunetik eta ezjakintasunetik deitzen zaionean. Behar direnak ospitaleak dira, eta ez kuartelak. Defendatuko gaituztenen mantalak zuriak izango dira, eta ez uniforme militarrak.
(Preso politikoak aske)