Espainiako Gerraren aurretik lantoki txiki asko ziren Azkoitian, eta herrian bertan egiten zuten lan herritar gehienek; beste asko etxean aritzen ziren lantoki horietarako zeregin desberdinetan. Azkoitian, gainontzeko Gipuzkoako herrietan ez bezala, ez zen migrazio handirik izan, eta herritar gutxi atera zen kanpora lan aukera hobeak bilatzeko asmoz. Izan ere, garai hartan industriako mekanizazioan aurrerapen asko izan bazen ere, ordura arte azkoitiar gehienen ofizioa izan zen abarketagintza ere asko garatu zen, eta horretan aritzen ziren langileak ere ondo moldatu ziren egoera berrira.
Gerrak azkoitiarren ohiko jardueran eragin handia izan zuen arren, enpresa eta tailer gehienek beren lanarekin jarraitzea lortu zuten. Horrela, 1942an, beste jarduera batzuetan aritzen ziren lantegiez gain, 54 abarketa tailer zeuden herrian. Ordurako, ordea, bazen herrian mota desberdinetako makineria fabrikatzen hasia zen lantegi bat, hurrengo hamarkadetan Azkoitiko industrian erreferente izatera iritsi zena: 1941ean, hamabi gizonen lanari eta horien adoreari esker, Juaristi enpresa jaio zen. Gabezia garaiak ziren, zaila zen lehengaiak eta elektrizitatea eskuratzea, eta lortzen bazen, errazionatutakoa zen. Testuinguru horrek irtenbide burutsuak bilatzera bultzatu zituen aitzindari haiek; besteak beste, gerrako hegazkinen bi motor erostera, horiek egokitu eta energia sorgailu gisa erabiltzeko. Mandrinatzeko makina bat ere egin zuten kamioi zaharren abiadura kaxekin, lantokian bertan erabiltzeko. Esaten zutenez, gainera, Gipuzkoan urte askoan ezagutu zen mandrinatzeko makinarik onena zen hura. Juaristi enpresa, langileek buzo urdina janzten zutelako, Azulekua izenez ezagutzen zen herrian, eta 330 langile izatera heldu zen. Erreferentea izan zen, batez ere, mandrinatzeko makinen fabrikazioan.
Gerraostean enpresa berriak sortzen joan ziren, are gehiago 50eko hamarkadan. Gipuzkoan bertan, besteak beste, Aristrain (1656) eta Marcial Ucin (1958) siderurgia enpresak zein Mondragon Taldeko lehen enpresa izan zen Ulgor (1656) hasi ziren ibilbidea egiten. Industria egoera berri hark are gehiago bultzatu zuen langileak beste herri batzuetako enpresetara joatea. 1955ean, 450 herritar baino gehiago ateratzen ziren egunero, oso goiz, Azkoititik beste herri batzuetako lantegietara, hala nola Zumarragara, Elgoibarrera, Oñatira eta Soraluzera. Bidaiak baldintza eskasetan egiten zituzten Urola trenean, autobus zaharretan edo parrokiako aulkiak zituzten kamioietan, eta askotan, bidean geratzen ziren aurrera egin ezinda.
Pedro Alberdi Uria Periko Exkerra 1955eko otsailaren 6an Azkoitiko alkatetzara iritsi zenean, berehala ohartu zen zeinen larria zen herritar askok kanpora atera behar izatea lanera, eta arazo hori segituan jarri zuen konpondu beharreko lehentasunen artean. Periko Exkerra alkatea oso gizon aurrerakoia eta ausarta zen garai haietarako, eta Azkoitira lantoki handi bat ekartzeko helburuarekin, Oñatin zen Forjas Zubillaga lantegiarekin interesatu zen. Izan ere, enpresa hark altzairu bereziak ekoizteko arazoak zituen, eta zuzendaritzak kokapen berria bilatu nahi zuen Irun inguruan, proiektu berri batekin hasteko. Azkoitiko agintariek, esfortzu handia eginez, aurre hartu zieten guztiei, eta Etxezagako (Isasaga) lurrak erosi eta horiek Forjas Zubillagako zuzendaritzari doan lagatzea erabaki zuten, Azkoitiko orduko bost milioi pezetako urteko aurrekontua hipotekatuz. Herritar batzuek gogor kritikatu zuten udala zorpetuta utzi zuen erabaki hura, baina, zenbateko hura geroago berreskuratu egin zuten, herriak bizi zuen egoera kaskarra ikusirik, garai hartan gobernatzen zuten erakundeek emandako diru kopuru bat eskuratzea lortu baitzuten.

Elizak ez zuen inor bidali tailerraren bedeinkapenera, alkateak egindako hainbat jarduerangatik
Periko Exkerra 1955eko otsailean izendatu zuten Azkoitiko alkate, eta urte bereko abuztuaren 30ean, hasiera batean Forjas Azkoitia eta gero Forjas Zubillaga izena hartu zuen enpresa berriaren lehen harria jarri zuten Etxezagako zelaietan. Ekitaldi hura ustekabez betea izan zen, herriko Elizak ez baitzuen inor bidali lehenengo harria jartzeko bedeinkapenera, alkateak egindako jarduera batzuekin zuen desadostasunagatik. Izan ere, alkate hark hartutako lehenengo erabakietako bat izan zen dantza lotua baimentzea, ordura arte, gazteek dantza mota hori libre zegoen beste herrietara alde egiten baitzuten. Erabaki hark herriko elizgizonak sutu zituen, eta errepresalia moduan, Osoro erretoreak udalak parrokian zuen aulkia kendu zion alkateari. Bide batez, besteak beste, bere bi seme luistarren kongregaziotik bota zituzten. Nola ez, lehenengo harria jartzeko ekitaldi hartara hurbildutako jendea urduri jarri zen, garai hartan ezin baitzen imajinatu ere egin halako ekitaldi bat Elizaren bedeinkaziorik gabe gauzatzea. Azkenean, han zeudenen lasaitasunerako, On Anastasio joan zen herritik antxintxika, eta hark eman zion proiektuari Elizaren bedeinkapena. Bestalde, harri hark badu bere historia beltza ere: harria lur azpitik ateratzeko zuloa egiterakoan euria ari zuen, eta istripu baten ondorioz, bi langile hil ziren lurperatuta. Harri hura Kruz Mari Alberdi Poxpi hango langile zenak hartu zuen, eta gaur egun, Etxezaga dorretxean dago gordeta.

Lehenengo harri hura lurperatu eta handik astebetera hasi ziren enpresaren ikur diren erreminten forja hormigoi armatuzko hiru pabiloi handiak eraikitzen. Lehenengo pabiloi haietan hasi ziren, batik bat, lanabesak egiten: palak, aitzurrak, borrak, pikatxoiak, mailuak eta abar. Lantoki haren alde egin zen apustuari esker, Azkoititik kanpoko herrietara lanera joaten zen jendea herrian bertan geratu zen. Lehenengo forja jarri zuten martxan, eta herritik Patricio Etxeberria enpresara jende asko joaten zenez, haietako askok erabaki zuten herrian bertan geratzea, forja lanetarako jende kualifikatua zelako. Gero, laminazioa edo ijezketa ipini zuten martxan, eta kasu horretan, Zumarragako laminazio lanetara herritar asko joaten zirenez, haiek ere bertan geratu ziren. Haien esperientzia kontuan hartuta, laminazioa ere Azkoitian oso modu lehiakorrean hasi zen funtzionatzen. Enpresa berrian sartu zen jendea oso ona zen bere lanean, ondo prestatutakoa, eta Forjas Zubillagak erraz egin zuen aurrera: 60ko hamarkadakoak izan ziren urterik onenak, eta 700 langile izatera ere iritsi zen lantegia.

Ekonomatoa eta opariak
Enpresa sortu eta lehenengo urte haietan gutxi irabazten zuten bertako langileek, eta hori horrela, Miserikordixe ere deitzen zioten herritarrek enpresa berriari. Izan ere, garai hartan, herriko enpresa batzuetan, esate baterako Juaristi lantegian, ordainsari bat baino gehiago jasotzen zuten urtean zehar soldatatik aparte. Lantegiko zaindaria, berriz, Karmengo Ama zuten Juaristin, eta egun horretan, aparteko ordainsaria jasotzeaz aparte, irteera bat ere antolatzen zuten. Zubillagan berriz, ez irteerarik, ez aparteko ordainsaririk, ezta zaindaririk ere, eta inaugurazio bera ere On Anastasio bere kabuz antxintxika joan zelako gauzatu zuten.
Hasiera hartan, enpresaren logistika hobetzeko helburuarekin, Urolako trenarekin batera proiektu bat egin zen Forjas Zubillagaren parean trenbidearen adar edo bazterbide bat eraikitzeko. Proiektu hura 1958ko apirilean onetsi zuten, baina apenas gauzatu zen, hura eraiki eta gero ikusi baitzuten obrek ez zituela betetzen baimenean adierazten ziren eskakizun guztiak. Trenen Ikuskaritza Dibisioak hainbat erreklamazio aurkeztu zituen, baina, azkenean, hura martxan jartzeko asmoa alboratu zuen enpresak.
Bestalde, fabrikaren eraikina ez ezik, hango langileentzako etxe batzuk ere egin zituzten Altzibarren. Horrez gain, ekonomato bat ere jarri zuen martxan enpresak, eta hango langileen etxekoek bakarrik eros zezaketen bertan. Ekonomatoan saltzen ziren produktuek herriko beste dendetakoek baino prezio baxuagoa izaten zuten, eta bestelako abantaila batzuk ere baziren hara hurbiltzen zenarentzat. Forjas Azkoitiako ekonomatoa orain Donibane okindegia dagoen lekuan zen lehendabizi, Artzubi bidegurutzeko kantoian, eta geroago haren ordezko beste handiago bat egin zuten, gaur egun Iraurgi elkartea kokatzen den lekuan. Hara joaten zirenak gogoratuko dira alanbre sarezko kutxa bat zegoela kristalezko botila hutsak uzteko. Ekonomatoko arduradunak zenbatu egiten zituen han utzitako "kaskoak", eta utzitako botilen araberako deskontuak egiten zituzten kaxan.

Gabonetan ere, herriko beste enpresetan ez bezalako opariak eta gabonsariak ematen zituzten Afora edo Forjas Azkoitia enpresan. Horrela, enpresak, janariz eta edariz beteriko otarre bat ematen zion langile bakoitzari, baina langileen seme-alabak ziren zorionekoenak, enpresaren bitartez jasotzen baitzuten haiek Erregeen oparia. Horretarako, ekonomatoan bertan jostailuz betetako erakusleiho moduko bat ipintzen zuten, langileen seme-alabek bertan oparia aukera zezaten. Gero, langileak lantokira eramaten zuen aukeratutako jostailuaren izena paper batean idatzita. Errege Egunean, Baztartxon biltzen ziren enpresako langileen ume haiek guztiak, eta Erregeen eskuetatik zuzenean jasotzen zuten aurrez aukeratutako oparia.
Gabonetan, langileen seme-alabek enpresaren bitartez jasotzen zuten Errege Magoen oparia
Bestalde, altzairu fabrika haren historia bezain luzea da bere ondoan dagoen Etxezaga dorreko tabernarena ere. Dorretxe horren lurrak ziren hango Ignacio Artetxe Alkorta Exkerra-ri kendu zizkiotenak, gero herriko lantegirik handiena izango zena eraikitzeko. Hasiera hartako taberna etxeko bigarren solairuan egon zen, eraikinak atzean zuen zubitik sarrera zuen baserriko mandioan, alegia. Han sei bat urtez egon ondoren, gaur egun dagoen lekura aldatu zuten; dorretxeko beheko solairura, hain zuzen ere. Lantegiko langile ia denak baserritarrak ziren hasiera batean, baina haietako asko Azpeitiko Marcial Ucin enpresara joan zirenez, Espainiako eskualde behartsuenetatik etorritako ehunka langile hartu zituzten bertan, horietako asko Extremadurakoak. Haientzako barrakoiak ipini zituen enpresak, eta izan zen Etxezagan apopilo moduan egon zenik ere. Hainbeste urtetan Etxezagako tabernaren ardura izan zuen Javier Artetxeren esanetan, garai batean ardoa zahagietan eramaten zuten: astero, ehun litroko edukiera zuten zortzi zahagi eta ardo arruntagoa zuten beste hiru edo lau barrika zerbitzatzen zituzten; guztira 1.200 litro ardo inguru asteko. Izan ere, tabernan edaten zen ardoaz aparte, baziren bertatik ardoz betetako garrafoiak hartu eta lantegi barrura eramaten zutenik ere, gehien bat laminazio lanetan zebiltzanek. Egun, Xabier Artetxek hartua du bere aita Javierren lekukoa tabernan, baina Etxezagak, batez ere, etxeko sukaldeko jan goxoengatik hartua du ospea. Urte askoan, hango ama zen Marcelina Alberdi Elorzak izan zuen jaki paregabe haiek prestatzeko ardura, eta orain Mirari Artetxek, Javierren arreba gazteak, dauka urte askoan bertako bezeroek hainbeste eskertu eta aitortzen duten sukaldeko lan apartaren ardura.
60ko hamarkadakoak izan ziren enpresaren urterik onenak, 700 langile izatera ere iritsi zen.
Azkoitian, gaur egun Sidenor izena duen lantegia Zubillaga izenez ezagutu izan bada ere, hainbeste hamarkadatan beste deitura batzuk ere izan ditu. Oñatitik Azkoitira ekarri zutenean, Forjas Azkoitia eta Forjas Zubillaga deitzen zitzaion, eta ondoren, 1960tik aurrera, Acerias y Forjas de Azkoitia edo Aforasa izena hartu zuen. 1993an Legazpiko Patricio Echeberria altzairu fabrikarekin bat egin ondoren, norabidea aldatu eta GSB-Acero (Grupo Siderurgico Vasco) izena hartu zuen. Geroago, 2002an, modernizaziora eta proiektu berrietara egokitzea behartzen zuen orduko sasoiak, eta nazioartean lehiatu ahal izateko, Bizkaiko Corporacion Egaña enpresarekin bat egitea erabaki zuten, CIE Automotive automobilgintzako euskal taldea sortuz. 2007an, Ameriketako altzairu luzeen segmentuan liderra zen Gerdau taldean sartu zen, eta gaur egun Sidenor konpainiaren parte da Azkoitiko lantegia. •