Izarraizko haitzuloetan gure arbasoen arrastoen bila

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2026ko ekainaren 12a

Urkitte-Haitz III kobazulotik kanpora begira.

Arbasoetara jo du Kepa Alberdi historiazaleak oraingoan, eta lehen gizakiaren urratsek utzitako arrastoaren atzetik, herriko kobazuloetan jarri du arreta honako artikulu honetan. 

Zenbat aldiz galde ote diogu geure buruari nola sortu ziren gaur egun gure herriaren geografiari forma ematen dioten mendi, haran, ibai, erreka eta bestelako sakonune eta muinoak? Noiz etorri zen gure lurraldera lehen gizakia, eta nola bizi izan zen?

Hemen ere, Euskal Herriaren gainerako lurretan bezalaxe, orain dela 40 milioi urte inguru, bi kontinente-plakak (Europako eta Iberiako plakak) elkarrengana hurbildu eta horien arteko talka ikaragarriaren ondorengo bultzadaz, bertako lur eta harriak estutu, tolestatu, zimurtu eta altxatu ziren. Hura izan zen gaur egun Azkoitian ezagutzen dugun lurzoruaren jatorria, eta hasiera batean ondoan ditugun mendi eta bailarak altuagoak baziren ere, esan genezake, horiek erosioaren eraginez higatzen joan ondoren, milioika urtetan hondatzen edo gastatzen joan den paisaia dugula gaur egun begien aurrean. Bestalde, lurzoru kontinental honek itsas sedimentuz osatutako harriak ditu, eta horregatik agertzen dira, besteak beste, gure mendietan orain milioika urte zen itsasoan bizi izan ziren izakien eta organismoen fosilak. Ildo berean, Azkoitiko harririk zaharrenek, buztin-harriak hain zuzen ere, orain dela 215 milioi urte inguru dute sorrera, Goi-Triasiko (Keuper) garaian. Horiek herrian bertan aurki ditzakegu, Urola ibaiak sortutako bailararen hondoan.

Gizakiari dagokionez, ezin da ziurtatu noiz hasi zen Azkoitiko partean bizitzen. Bailaran paleolito garaiko gizakien aztarna bikainak ditugu, eta esan dezakegu, Azkoitiko haitzuloetan ere bizi izan zirela, bizimodu nomada izatean, alde batetik bestera mugitzen baitziren. Dena den, duela 200.000 urtez gero bizi izan dira giza taldeak gure orubean, eta bertako biztanleria nabarmen handitu zen Goi Paleolitoaren bukaerako Madeleine aldian (orain dela 17.000 urtetik 11.000 urtera bitartean).

Kurutzeko Haitza kobazuloko sarrera.

Duela 18.000 urte inguru, Solutre deritzon aldian izan zen Würm izeneko glaziazioaren ondoren klima epeltzen hasi zen, eta 1.100 metrotik gorako altitudeetan zeuden etengabeko elurrak urtzen joan ziren. Europa iparralde guztia, Alpe, Pirinio eta beste mendikate asko ere glaziarrez estalita zeuden eta han zegoen pilatuta itsasoari prezipitazioen bitartez kendutako ura. Horrela, itsasoaren maila 120 bat metro beheratuta zegoen gure latitudeetan; hau da, orduan itsasertza gaur egun baino 12 kilometro urrutiago zegoen. Hori dela eta, gaur kostaldekotzat ditugun aztarnategiak kostatik urruti zeuden, eta hori da garai hartako giza kokalekuetan maskortegirik ez aurkitzearen arrazoia; izan ere, gizakiak oinez 30 edo 40 kilometro inguruko joan-etorria egin behar zuen itsasoraino jatekoaren bila. Gero, Madeleine aldiaren ondoren, izotza urtu, ura itsasoratu eta  bertako ur maila pixkanaka igo zen eta, orduan bai, itsasertza gaur egunean dagoen lekuan kokatu zen, eta bertan moluskuak biltzeak garrantzia hartu zuen. Bestalde, garai batean itsasertza hain urruti egonik, esaten da litekeena dela gaur egun itsaspean dauden karaitzetan gizakia bertan bizi izan zela egiaztatzen duten aztarnak egotea.

Bai Solutre eta bai Madeleine garaian, batez ere sarrera hegoaldera edo ekialdera zuten haitzuloak babesleku bikainak izan ziren gure lurraldean bizi ziren giza taldeentzat. Kobazuloek hotzetik eta hezetasunetik babesten zituzten bertan bizi zirenak. Lehen gizakiak nomadak ziren, eta leku batetik bestera ibiltzen ziren ehiza eta landare ugariko eremuen bila; beraz, ez zuten bizitzeko leku finkorik, sedentario bihurtu ziren arte. Animaliak ehizatzearen eta landareak, basa-fruituak edo sustraiak biltzearen mende zegoen haien elikadura, eta Azkoitiko lurretan dauden haitzuloetan ere aurkitu dira hori baieztatzen duten aztarnak.

Azkoitiko orografian erliebeak eta sakonuneak formaz aldatzen joan dira, eta bertan ezagutzen ditugun kobazulo edo haitzuloek ere aldaketak jasan izan dituzte; uraren, labaren edo izotzaren higaduraz aparte, gehien bat euri ur azidoak kareharria disolbatzerakoan joan dira forma hartzen. Haitzuloak kareharria disolbatzerakoan formatzen direnez, Azkoitian Izarraitz mendian aurkitzen dira momentuz ezagutzen diren lau kobazulo garrantzitsuenak. Kobazulo horien izenak honakoak dira: Kurutzeko Haitza, Urkitte-Haitz I, Urkitte-Haitz II eta Urkitte-Haitz III.

Urkitte-Haitz I kobazuloko sarrera.

Kurutzeko Haitza kobazuloa, Izarraitz mendigunean dagoen Madariaga auzoko partean aurkitu zuten Munibe taldeko kideek 1969an, Aitolazar baserritik 400 metrora, behean geratzen den zulotik oso hurbil. Bertan bi kata egin zituzten, bata, aurkitu zuten urte berean eta, bigarrena, 1984an. Kobazulo honek sarbide zaileko galeria bakarra du, 15 metro luze eta hiru metro zabalekoa. Aipatutako katetan, gizakiaren aztarnak, animali hezurrak eta harri-industriaren arrastoak aurkitu ziren. Gizakiaren aztarnen artean, hezurrak eta hortz bat aurkitu ziren. Faunari dagokionez, hegazti hezur eta lapaz gain, hartz, otso, sarrio eta Pirinioetako ahuntzaren aztarnak jasoak daude. Harri lanketarekin zerikusia duten arrastoak ere aurkitu zituzten: bizkardun puntak, harri xaflak, zulakaitza eta printzak, besteak beste. Baliteke haitzulo honetako maila batzuk Goi Paleolitoko azken aldikoak izatea (orain dela 14.000 urte ingurukoak). Dirudienez, haitzuloa bizileku bezala erabilia izan zen garai batean, eta gero, denbora batean hutsik egongo bazen ere, berriro ere erabili zuten, orduan ehorzleku bezala, aurkitutako gizakiaren hezurrak Brontze Aroko ehorzketa batekoak diruditenez (orain dela 3.800 urte ingurukoak). Garai hartan, gehienetan, sekula bizileku izan ez ziren haitzuloak erabiltzen ziren ehorzketak egiteko, eta ohikoena zen hildakoaren gorpua zoru gainean uztea edo azalean ehorztea. Maiz, haitzuloko txokorik ezkutuena aukeratzen zuten ehorzketarako, eta Kurutzeko Haitzan ere horrela gertatzen da.

Urkitte-Haitz I kobazuloa Azkoitiko Munibe taldeko kideek aurkitu zuten 1984an. Haitzulo hau Izarraitz mendizerrako Kakueta mendiaren ipar aldeko magalaren oinean dago kokatua. Koba honek 50 metroko luzera eta hiru metroko zabalera ditu, eta bertara metro erdiko altuera eta 0,75 metroko zabalera duen ahotik sartzen da. Bere garaian Munibe taldekoak egin zuten katan, Goi Pleistozeno edo Holozeno garaiko sarrio, orein, hartz eta gisa horretako ugaztun hezurrak aurkitu zituzten.

Urkitte-Haitz II kobazuloko sarrera

Urkitte-Haitz II kobazuloa Izarraitz mendizerran aurkitzen da baita ere, eta aurrekoa bezala, Azkoitiko Munibe taldeko kideek aurkitu zuten 1984an. Sarrera hego-mendebaldera begira dago, eta bi metro zabalera eta 1,25 metroko altuera ditu. Dirudienez, kobazulo hau ez zen erabili bertan bizitzeko, ezta ehorzketak egiteko ere, baina, arreta pizten du zerak: bertan egindako katan, animali batzuen hezurrez gain, zeramikazko bi ontzien zati handiak agertu ziren. Aurkikuntza horiek Brontze Aroko erdi aldera eramaten gaituzte (duela 3.800 urte inguru).

Urkitte-Haitz III kobazuloa ere aurreko beste bi haitzuloen mendi eremuan dago, eta bertako atari zorura iristeko kanpoaldean irekitzen den zulo txiki batetik lau metro jaitsi behar dira. Azkoitiko Aker taldeko kideek aurkitu zuten 1973an, eta azalean material paleontologikoa topatu zuten. Azkoitiko Munibe taldekoek berriro ere azaleko materiala jaso zuten 1984an. Haitzulo honetan, Goi Pleistozeno edo Holozeno garaiko bisonte baten hezurrak aurkitu ziren.

Urkitte-Haitz III kobazuloko sarrera.

Izarraitz mendiguneko Azkoitiko partean dauden kobazulo ezagunenak aipatutako lau horiek badira ere, koba eta leize zulo gehiago daude han. Horien artean haitzulo handiena Madariagako lurretan aurkitzen den Marikutxa 3 izeneko leizea da, 488 metroko sakonerarekin, Gipuzkoako hirugarren sakonena.

Asko dira oraindik gure herriko lurretan aurkitu ez diren leizeak eta kobazuloak, eta espero dugu datozen hamarkadetan aurkikuntza gehiago egitea, eta horien emaitzekin, gure arbaso urrunenen bizitza nolakoa zen xehetasun handiagoz jakitea.

Urkitte-Haitz I kobazulo barrua.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide