ATZERA BEGIRA

Azkoitiko ikastolaren sorrera eta lehen urratsak

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2026ko maiatzaren 22a

Hainbat ikasle eta irakasle Artxamendiko eraikinaren atarian, 1989-90 ikasturtean.

Azkoitiko ikastolaren sorrerako urteetako ibilerak, gorabeherak, bitxikeriak eta pasadizoak jaso ditu Kepa Alberdik honako artikulu honetan. Gogoan izan ditu hark, halaber, bide hartan beren alea jarri zuten hainbat herritar.

Sabino Aranaren nazionalismoa gorpuzten hasi zenean, euskarazko eskolen lehen proiektuak sortu ziren, neurri batean mugimendu nazionalista hark eskoletako hezkuntza espainiarrari buruz egindako analisiaren ondorioz. Lehen ikastola, 1914an sortu zuten Donostian. Ikastola haren sorrerarekin batera, abertzale batzuek irakaskuntza elebidunaren aldeko kanpaina bat abiarazi zuten, baina horiek beti administrazio zentralaren gaitzespena aurkitu zuten. Hurrengo bi hamarkadetan, ideia nazionalisten gorakadarekin batera, ikastola berriak sortu ziren, baina horiek frankismoarekin kolpetik desagertu ziren. Frankismo garaian, euskaraz irakasten zen eskola klandestinoetako kasu bakanak aipa ditzakegu, hala nola Elvira Zipitria andereñoarena, 1943tik bere etxe partikularrean eskolak euskaraz eman zituena. Garai hartako irakasle eta guraso batzuen sakrifizioa azpimarratu behar da, deseuskalduntze prozesua geldiarazteko egindako lanagatik, nahiz eta horiek, behin eta berriz erakunde frankisten jazarpenarekin eta zigor basatiekin egin zuten topo. 1959-1960 ikasturtean jaio ziren Gipuzkoan lehen hiru ikastola klandestinoak edo ezkutukoak, guztira 60 ikasle hartzen zituztenak. Hurrengo hamar urteetan, ikastolek hazkunde bizkorra ezagutu zuten, eta 1970ean, jada, 11.400 haurrek ikasten zuten Euskal Herriko ikastoletan.

Azkoitiko ikastola, 1969-1970 ikasturtean sortu zuten, baina 1966an, bertako abertzale batzuk hasiak ziren gauez ezkutuko bilerak egiten. Pertsona konprometitu haiek lehen urratsak ematen hasi ziren, galtzen ari zen euskal kultura eta hizkuntza babesteko eta berreskuratzeko asmoarekin, bertako ikastola sortzeko helburuarekin. Garai hartan, Azkoitiko eskola nazionaletan eta erlijiosoetan erdara hutsean jarduten zuten, eta abertzale kutsuko aipamen hutsak zigorra izaten zuen zain. Garai gogorrak ziren, eta askorentzat amets bat izan arren, ikastola irekitzeko mugimendua sortua zen Raimundo Alberdiren gidaritzapean. 1967-1968 ikasturtean nahi izan zuten ikastola ireki, baina ez zen posible izan. Elizaren babesa nahi zuten horretarako, eta On Jose Mari Galarraga errektoreak eskaera ilusio handiarekin hartu zuen arren, ez zen posible izan, ikastolak eliztarren artean sor zezakeen zatiketagatik errezeloa baitzuen Elizak. Acción Católica-ko guraso elkarteari laguntza eskatzea izan zen ondorengo urratsa, eta hurrena, Eduardo Olano alkatearekin hitz egitea. Alkatearen nolabaiteko adostasuna jaso ondoren, arazoa konponduta zela uste izan zuten, eta berehala prestatu ziren 300 lagun hilero 25 pezeta ordaintzera proiektu hark babes sendoa izan zezan. Horrekin batera, 43 guraso prest agertu ziren beren seme-alabak ikastolara bidaltzeko. Zoritxarrez, berriro ere zartada gogorra hartu zuen mugimenduak, ikastolan hasi behar zuten haurren izenak bailarako Espainiako Mugimenduko buruzagiak alokatua zuen etxebizitzara eraman behar zituztela jakin zutenean. Argi zegoen udalak ikastolaren proiektu hura espainiar mugimenduaren esku uztea nahi zuela, eta hori ez zen inola ere, ikastola sustatzen ari ziren herritarren nahia. Azkenean, berriro ere, On Jose Mari Galarragaren laguntzarekin, hainbat bileraren eta gorabeheraren ondoren, 1969-1970 ikasturteko urtarrilaren 7an posible izan zen Azkoitiko ikastola irekitzea, 36 metro koadro zituen Kantzeleko gela batean, Elizaren lokaletan, hain zuzen ere.

Zazpi ikasle eta isuna

Ikastola ireki zuten egunean, goizez lau haur hasi ziren ikasten; arratsaldez, aldiz, hiru. Mari Karmen Zubiaurre izan zen lehen andereñoa, eta ondoren, Izaskun Alberdi batu zitzaion hari; ekainerako 54 haur bildu ziren parrokia atzeko kantzelean. Hori horrela, lekua txiki gelditu zitzaien, eta hurrengo urtean, orain Azkoitiko ertzain etxea dagoen lekuan zegoen Artxamendi izeneko eraikinera aldatu ziren, ikastolaren alde hainbeste lan egin zuen On Anastasio apaizaren bitartekaritzari esker. 1970-1971 ikasturte hartan, lau andereño aritu ziren irakasle lanetan: aurreko biei Maria Jesus Zubizarreta eta Gema Larrañaga gehitu zitzaizkien. Izan ere, ikasturte hartan 103 haur azkoitiar ziren ikastolan: horietatik 23 Loiolako Santutegiko geletan, eta gainontzekoak, Artxamendiko geletan.

Hainbat ikasle eta andereño bat, ikastolan.

Azkoitiko ikastola martxan zen lehen urte haietan, gurasoen eta andereñoen auzolana izan zen proiektu hura aurrera ateratzeko giltzarria. Ordukoa, militantzia hutsa zen, Artxamendiko gelak eta komunak egokitzeaz aparte, ikastolako garbiketa eta mantenu lanez, besteak beste, gurasoak arduratzen baitziren. Bestalde, garai haietako eskoletan ohikoak ez ziren funtzionamendu balioak jarri zituzten martxan. Horrela, genero ikuspuntua kontuan hartu zuten, eta sexuen araberako bereizketarik ez zuten egin geletan; zigorrik ere ez zen aplikatzen, maisuen eta maistren zigor fisikoak eta bestelakoak jasotzea hain ohikoa zen aldi hartan. Gainera, euskal kulturarekiko sentsibilitatea eta tratamendua nabarmendu zuten ikasketetan, eta gurasoen bultzadari eta andereñoen aparteko konpromisoari esker, ikasleentzat euskal kulturaren aldeko txertoa izan zen ikastola.

Erronka latza bihurtu zen haur haien etorkizuna euskalduntzea, beren herria ezagutaraztea eta maitatzen irakastea, helburu horiek betetzeko ez baitzuten guztia alde, ezta gutxiagorik ere; herrian bertan jende batek ez zuen begi onez ikusten ikastolak irudikatzen zuena. Horregatik, informazio interesatu eta gaizki esan asko zabaldu zen urtez urte indartzen eta finkatzen ari zen ikastolaren errealitatea manipulatzeko asmoz. Herrian zabaldua zen, besteak beste, ikastolan ez zutela irakurtzen eta idazten irakasten, ezta batuketak eta kenketak egiten ere. Jokabide maltzur haien ondorioz, izan zen haurrak ikastolatik atera zituen gurasorik ere, baina berehala ikusi zen herritarren artean ikastolaren irudia gutxiesteko intentzio txarrez zabaldutako informazioa besterik ez zela hura. Bestalde, Guardia Zibila ere sartu zen behinola ikastolara, han zer zegoen edo zer gordetzen zuten behatzera.

Hainbat ikasle jolasean, Artxamendiko eraikinaren atarian. 

1971-1972 ikasturtean ere izan zen ikastolen mugimenduaren aurka bideratutako beste pasadizo xelebre bat ere. Kasu hartan, ohikoa bihurtu zen diru ateratzeak bultzatuta, Mini Morris kotxe baten zozketa antolatu zuten, eta zenbaki saritua herriko merixua zen Joseba Zubizarreta Etxeza-k atera zuen; saria Azkoitiko lehendakariaren emazteari egokitu zitzaion. Bateren batek guardia zibilen kuartelean gertakizun haren gizatxarreko salaketa bat aurkeztu zuen, esandako txartelak baino gehiago saldu zituztela eta sariduna ikastolako lehendakaria bera izan zela salatuz. 157.000 pezetako isuna ezarri zuten, eta zenbateko hori 61.250 pezetara murriztea lortu zuten, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta beste erakunde batzuekin hitz egin ondoren. Hala eta guztiz, isun handia zen hura diru premian zegoen ikastolako diru kutxarentzat, eta kanpaina bat abiatu zuten herriko lantokiak ardatz hartuta: langileek opor egunen bezperan sartutako ordu extra bat isunaren zenbatekoa arintzera bideratu zuten. Ahaleginak emaitza ezin hobea izan zuen, langileen borondate onari esker 54.000 pezeta bildu baitzituzten.

Dirua, arazo

Oztopoak oztopo, ikastolaren proiektua urratsak ematen hasia zen, baina hasieratik dirua zen arazorik larriena, andereñoen soldatez gain, beste gastu askori aurre egin behar izaten zietelako. Haur bakoitzeko ordaintzen zuten hileko 150 pezetako kuota hura ez zen nahikoa sortzen ziren gastuei aurre egiteko. Arazo horri konponbidea aurkitu nahian, dirua biltzeko kanpaina bat antolatu zuten, eta arrakasta itzela izan zuen ekinaldi hark, 431 laguntzaile prestatu baitziren, batez beste, urteko 365 pezetako kuota ordaintzeko. Horrez gain, enpresei ekarpena eskatu zieten, eta Realeko eta Athletic-eko futbolari ohiek futbol partida jokatu zuten Altzibarko futbol zelai zaharrean; izan zen sona handiko pilota partida bat ere. Horrela lortu zuten behar zuten diru hura biltzea.

Dena den, ondorengo urteak ere urte gogorrak izan ziren diru eskasiagatik, eta arazo hura arintzeko, 1974-1975 ikasturte garaian, adibidez, diru eske kanpaina egin zuten kalean zein elizan. Aldi berean, jaialdiak eta zozketak antolatzeaz gain, kartoi, trapu eta paper bilketak egin zituzten. Baina urte hartan Goiko Tabernako lokala bilakatu zen diru iturririk handiena, Iñaki Alberdi eta Manuela Elorza senar-emazteek doan utzi baitzioten hura Ikastolaren alde lanean ari ziren gurasoei. 1974ko andramaixetan taberna bezala erabili zuten lokal hura, eta diru asko atera zuten; herritar asko eta asko buru-belarri aritu ziren antolakuntzan zein tabernako txandetan lanean.

Hainbat lagun Artxamendiko ikastolaren atarian, festa giroan. 

Buruhausteak hainbat

Dirua lortzea arazo larri bilakatu zen ikasturtez ikasturte, baina ez zen hori izan lantalde paregabe harentzat buruhauste bakarra; izan ere, askotan bestelako auzi batzuei aurre egitea ere tokatu zitzaien. Esate baterako, 1974-1975 ikasturtean, gurasoen artean iskanbila handia sortu zen, euskara batua erabili edo ez eta idazketan hasieran hizki handia edo txikia ipini eztabaidatzerakoan. Euskara batuaren auziaz, Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako eta Loiolako gurasoek eman zuten botoa, eta batua erabiltzearen aldekoek irabazi zuten, botoen %67,19 bilduta. Idazkeraren hasieran hizki handia edo txikia erabili erabakitzeko bozketan ere, lau ikastola horietako gurasoek parte hartu zuten, eta horien %56,37ek egin zuten hizki handiaren alde, nahiz eta Azkoitiko guraso guztiek hizki txikiaren aldeko boza eman zuten.

Urtez urte, gela faltaren arazoari aurre egin behar izan zioten, eta modu batera edo bestera, afera korapilatsu hari irteera eman zioten. Dena den, 1975-1976 ikasturtean, 179 ikasle zeuden Artxamendin, eta 196 ikasle Loiolan, eta gelen arazoa asko okertu zen, Loiolako geletan ezin baitzituzten ikasle gehiago hartu. Horregatik, ezinbestekoa zen hurrengo ikasturterako hiru edo lau gela gehiago izatea. Beraz, epe laburrean ikastola berri bat beharko zela argi zegoen, eta eraikuntza berri harekin pentsatzen hasi beharra zegoela ikusi zuten, zerbitzu egokia emateko eta ikasle guztiak baldintza egokietan hartu ahal izateko ezinbestekoa zelako.

1976an, Azkoitiko Ikastolako Batzordeak Juan Ignazio Uria alkatearengana jo zuen lehendabizi, ikastola berria eraikitzeko lur eske. Alkateak esan zien Floreaga etxeko lur sailak erostekotan zebiltzala bertan eskola gune bat sortzeko asmoarekin, baina horretarako lur haien hamabi jabeekin konpondu behar zutela. Konponbide hura luze joango zela irudituta, batzordea lur bila hasi zen bere kabuz, eta Ubaiar (Uxer) baserrikoek erabiltzen zituzten lurrak aurkitu zituzten. Lur haiek Jon Zelaia jaunarenak ziren, eta hura 15.000 metro koadro saltzeko prest agertu bazen ere, azkenean, udalak Floreagako terrenoekin zuen proiektuarekin zer egiten zuen ikusteko zain geratzea erabaki zuten. Oraintxe Loiolatxoko gelekin, hurrengoan Jausoro jauregiko beste bi gela txikirekin, eta han eta hemen lan izugarria egin eta ikasgelak egokituz, 1979. urtea heldu zen. Urte hartako maiatzean hasi ziren, azkenean, hodeiertzean argia ikusten; izan ere, Roman Sudupe alkatearen bitartekaritzarekin, maiatzean lur sailen jabearekin konpondu ziren eta uztailean udaleko osoko bilkura egin zuten guztia adosteko. Irailean 3an hasi ziren hain antsiatua zen Azkoitiko ikastola berria eraikitzen, eraikinaren 24 ikasgelekin eta hainbat gela osagarrirekin batera, jolastokirako ataria, estalitako frontoia, antzokia eta etxezainaren etxebizitza izango zituena eraikitzen.

Izaskun Alberdi, Raimundo Alberdi eta Mari Karmen Zubiaurre, ikastolaren eraikin berriaren atarian. 

Errealitate bilakatu zen

Ikastola berria martxan jartzeak izan zituen gorabeherak gainditu ondoren, 1980ko irailaren 22an zabaldu zituen ateak estreinekoz Azkoitiko ikastolaren egungo eraikinak, Izarraizpe irakaskuntza kooperatibaren barruan, Xabier Munibe Ikastola izena hartuta. Horrela, herrian hasiera batean amets hutsa zen proiektua errealitate bilakatu zen, herritarren gogo biziari esker. Azkoitiko haurrei euskara eta euskal kultura irakatsiz, Euskal Herria ezagutzea eta maitatzea zen ikastolaren helburua, eta garai hartan benetan erronka latza izan arren, herritar adoretsu eta kontsekuente askoren konpromiso ikaragarriari esker, ikastola berria martxan jarri zen.

Ehunka herritar izan ziren proiektu hartan lan eskerga egin zutenak, baina ez litzateke bidezkoa izango Azkoitian ikastola bat izateko helburuarekin dena eman zuten pertsona batzuk izendatu gabe uztea. Horien artean aipa daitezke honako hauek: Raimundo Alberdi, Jesus Mari Amiano, Ignazio Arrieta Ixkurre, Mikel Izagirre Martzala, Jose Elorza Alemana, Manolo Larrañaga Maolito, Guillermo Sudupe Pattakie, Esteban Sudupe Xubi, Pedro Uzin, Juan Zubizarreta Pottola, Jose Mari Galarraga errektorea, On Anastasio Albisu apaiza, Roman Sudupe Berde, Mari Karmen Zubiaurre andereñoa, Izaskun Alberdi andereñoa, Karmelo Mendizabal Erretzu, Inazio Ganzarain, Luis Azpitarte Imuntzo, Luis Larrañaga Aixiri, Maria Jesus Zubizarreta andereñoa, Gema Larrañaga andereñoa, Esteban Abrisketa apaiza, Arantxa Aranbarri, Juan Luis Elorza Oxaun, Arantxa Epelde Txorrote eta Iñaki Alberdi Xakarro, besteak beste. Horiek eta ikastolaren alde beren denbora eskaini eta lana egin zuten guztiek lortutakoaz oso harro gaude azkoitiarrak, baina eskerrak emateaz gain, oraindik egiteko dugun bideaz ez ahanztea zor diegu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide