Azkoitiarrek harreman handia izan dute itsasoarekin

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2026ko maiatzaren 1a

Beduako ibai-portua oso garrantzitsua izan zen Azkoitiko itsas merkatarientzat.

XV. eta XVI. mendeetako Azkoitiko hainbat itsasgizonen berri eman du Kepa Alberdik artikulu honetan.

XIV. eta XV. mendeetatik aurrerako Gipuzkoaren historia ez da ulertzen itsasoarekin izan duen harremana kontuan hartu gabe. Kostaldean, portuak zeuden lekuetan, itsasontziak eraikitzeko industria indartsua zegoen, eta itsasertzeko biztanle askok itsasoarekin zerikusia zuten lanbideak zituzten. Garai hartako Gipuzkoan marinel asko sortu zen, baina ez kostaldean bakarrik, baita barnealdean ere. Hain zuzen ere, itsas merkataritzan eta armadan aritu ziren marinel handien jaioterria izateagatik nabarmendu da Azkoitia.

Dokumentu zaharretan, itsasoko lanei lotuta agertzen den lehen azkoitiarra Pedro Madariaga da. Ontzi-maisua zen Madariaga eta, 1487an, San Juan izeneko ontzi bat zuen lotuta Debako (Gipuzkoa) portuko kanalean, karabela bat seguru aski. Urte bereko ekainean Cadizen (Espainia) agertzen da bere tripulazioarekin eta, dirudienez, urte gutxi batzuk geroago Sevillan ere (Espainia) izan zen. Esan behar da, garai hartako itsasgizon azkoitiarrek lan egin zuten porturik garrantzitsuena Debakoa izan zela.

Rekaldetarrak

Juan Lopez Rekalde merkatari azkoitiarra ere oso ezaguna zen garai hartan. Tratularia, familiarekin Sevillako Castro izeneko kalera joan zen bizitzera, merkantzien itsas garraioaren gorakada ikusirik. Merkatari azkoitiar hark itsasontziko maisua zen Martin Agirre bere koinatuaren laguntza izan zuen, horrek bidaia asko egin baitzituen Indietara (Amerika kontinente aurkitu berria) Santiago izeneko bere itsasontziarekin.

XVI. mendearen hasieran, Indietako merkataritza jarduerak gorakada handia izan zuen. Berehala hasi ziren handik erabat ezezagunak ziren produktuak ekartzen, hala nola artoa, patata eta tomatea. Produktu horietaz gain, lur haietan urre eta zilar asko zegoen, eta horrek ekarri zuen itsasontzigintza eta bi kontinenteen arteko garraioa bizkortzea, komertzio hark denbora laburrean aberasteko bidea irekitzen baitzuen, nahiz eta beti Gaztelako erregearen begiradaren eta aginduen menpe egon. Era berean, nekazari asko ontziratu ziren konkistatutako lurretan lan egin ahal izateko eta, horrela, hemen zutena baino bizimodu hobea izateko.

Giro horretan murgilduta, Juan Lopez Idiakaitz Rekalde azkoitiarrak ere bere urratsak egin nahi zituen merkantzia trukean eta, hori horrela, karabela bat armatzeko baimena eskatu zuen 1520an, Sevillatik Karibera eramandako produktuen ordez perlak ekartzeko. Aipatutako horren lehengusua zen Juan Sanchez Aranburu, eta Rekalde jaunak ere eskaera berdina egina zuen aurretik, dozena bat metroko luzera zuen karabelarekin Atlantikoa zeharkatzeko. Azkoitiko Lasaoetxeko jauna zen Nikolas Sanchez Aranburu eta Olaberriaga eta bere seme Juan Sanchez Aranburu eta Rekalde ere merkatariak ziren, eta Sevillako portuaz baliatzen ziren beren itsasontziekin produktuak garraiatu eta salerosketan aritzeko. Esate baterako, aita-semeek Santiago izeneko karabela bat zuten 1527an, azkoitiarra zen Domingo Ibarrolarekin batera.

Emakumeek ere parte hartze handia izan zuten itsasoarekin lotutako lanetan, eta haien artean, azkoitiar nabigatzaile handirik ezagutzen ez badugu ere, ezin alde batera utzi garai hartan emakumeek egindako lan eskerga, idatzi zaharretan horren berri gutxi ematen bada ere. Dena den, bada Maria Lopez Rekalde izena duen emakume azkoitiarrari buruzko dokumentazio interesgarria. Martin Perez Idiakaitz eta Olano itsasontziko maisu azkoitiarra zuen senarra, baina haren heriotza goiztiarraren ondorioz, alargun geratu zen Maria, nerabezaroan zeuden bi semerekin. Ez zen atzera begira egoteko emakumea, eta segituan hartu zuen familiaren negozioa aurrera ateratzeko ardura. Horrela, badakigu haren seme Martin Perezek aitaren urratsak jarraitu zituela merkataritza lanetan eta amak erositako karabelan ibili zela garraio lanetan. Horrela, besteak beste, 1511n arma kopuru handia garraiatu zuen Sanlucar de Barramedako (Espainia) portutik Karibeko uharteetara egindako bidean.

Urte batzuk geroago, 1529an, Domingo Ibarrola eta Domingo Lapatzaran azkoitiarrak Sevillatik gaur egungo Panamara joan ziren, Santiago eta San Andres itsasontzien maisu bezala, hurrenez hurren, beren elkartekidea zen Martin Zubizarretari kargamentua eramatera. Indietarako bidaiek hartu zuten gorakadarekin, gero eta itsasontzi handiagoak eraikitzen hasi ziren, eta bi azkoitiar horiek galeoiak edo tamaina handiko itsasontziak erabili zituzten aurrerago. Era berean, Nicolas Sanchez Aranburu, Francisco Zabala eta Francisco Txurruka San Medel e Celedon izeneko galeoiaren jabe egin ziren, Iñigo Ibartola Debako kapitain ospetsuarekin batera.

Karabeletatik galeoietara

Gaur egun, pentsaezina litzateke garai hartako ontzietan Atlantikoa zeharkatzea. Karabelak, esate baterako, arinak eta estuak izateaz gain, gehienez 30 metro luze zituzten belaontzi hauskorrak ziren eta ez zeuden nabigazioaren zailtasunak gainditzeko prestatuta. Bestalde, karabelek salgai asko eramateko ahalmena zuten eta, horrek tripulazioa bidaia luzeetan elikatzea errazten bazuen ere, sinestezina egiten zaigu zama handiz kargatutako ontzi hauskor haiekin nola nabigatzen zuten ekaitzek eragindako olatu eta haize zakarren artean. Inolaz ere, kontuan hartzekoa da marinel haien ausardia.

Esan bezala,  galeoiek karabelak ordezkatu zituzten Indietatik joan-etorriak egiteko, eta horiek berezitasun handi bat zuten aurreko itsasontziekin alderatuta, galeoiak merkataritzarako bezala gerrarako ere erabiltzen baitziren; XVI. mendearen erdialdetik aurrera, Europako merkataritza ontzi nagusi bihurtu zen galeoia. Adierazi behar da euskal ontziolek puntako aurrerabide teknikoak garatu zituztela galeoien eraikuntzan eta, horren ondorioz, Euskal Herriko galeoiak Europako itsasontzi onenetakoak izan zirela XV. eta XVI. mendeetan. Galeoietan maisu moduan ibili ziren azkoitiarren artean, Juan Martinez Astarbe aipa dezakegu. Balio izugarria zuen karga garraiatu zuen hark 1545ean Sevillako portutik Panamara, gero atzera Sevillara bueltatzeko, seguru aski balio handiko beste karga batekin.

Lope Olano eta Tomas Larraspuru

Garaiko kronistek zioten marinel onenak euskaldunak zirela, eta bazen arrazoirik hala izateko, Euskal Herriko historia itsasoari lotuta egon baita betidanik. Itsas nabigatzaile ospetsuenen artean, bi azkoitiar nabarmendu behar ditugu: Tomas de Larraspuru eta Lope Olano. Beren kemenagatik eta nabigatzeko jardunean egindako lan onagatik eman ziren ezagutzera garai hartan biak.

Lope Olano 1479an jaio zen eta Juan Olano herriko alkatearen semea zen. Sebastianek, haren anaiak, Kristobal Koloni lagundu zion Indietarako bigarren bidaian, Errege Katolikoek bidali baitzuten hango kontu zaintzaile lanak egitera. Lope Olanok, berriz, 1498an egindako hirugarren bidaian lagundu zion Koloni, karabela gidari gisa. Eta ez da hori Colonekin izan zuen harreman bakarra, 1504an Kolon erreskatatu zuen itsasontziaren gidaria izan baitzen azkoitiarra. Izan ere, gertaera haietan Kolonek lau itsasontzi galdu zituen, broma izeneko molusku egur zulatzaileak egindako kalteen eraginez. Hainbat urtez La Española uhartean bizi izan bazen ere, beti itsasoari lotuta egon zen Lopez Olano azkoitiarra. Bere bidaietako batean, ontziarekin batera tripulazio osoa galtzeko zorian egon zen. Gertakari hartan, urakan batek harrapatu zuen Cartagenatik (Kolonbia) Oroko Gaztelara (Panama) 30 pertsonako tripulazioa zeraman Olanoren bergantina, ontzia ipar-mendebalde aldera bultzatuz. Horren ondorioz, eta noraezean zebilela, ustekabeko aurkikuntza bat egin zuten, 1510eko azaroan, Karibeko San Andres artxipelagoa aurkitu baitzuten. Beste aurkikuntza garrantzitsu bateko partaide ere izan zen azkoitiarra, 1513an Balboak Hego Itsasoa aurkitu zuenean harekin eta Pizarrorekin baitzen. Horiek perla eta urre dirutza izugarriarekin itzuli ziren lurralde haietatik, gizon bakar bat ere galdu gabe. Urte batzuk geroago, Panaman, Akla sortu zuen Olanok, eta 1516an hil zen, hura defendatuz.

Tomas Larraspuru Azkoitian jaio zen 1582an eta 16 urte zituela sartu zen Espainiako Armadan. Pixka bat geroago, 25 urterekin, kapitain bihurtu zen, eta 1624an kapitain jeneral izendatu zuten. Itsasoan militarki gaitasun handiak izateaz gain, itsasontziak eraikitzeko ezagutza handiak zituen, eta XVII. mendean Europako itsas arkitekto kualifikatuenetako bat izan zen. Itsasoko borrokaldi askotan hartu zuen parte Larraspuruk eta, ausardia ez ezik, itsas trebetasuna ere egiaztatu zuen haietako bakoitzean. Azkoitiar nabigatzaile hark aparteko errekorra dauka: Indietara ozeanoa zeharkatuz itsasontzi flota gehien gidatu dituen komandantea izatea. Guztira, 34 aldiz zeharkatu zuen Atlantikoa konboien buru, itsas miliziaren maila gorenera iritsi baino lehen zeharkatutakoak zenbatu gabe.

Bestalde, Tomas Larraspuru beti izan zen garaiko errege espainiarren meneko eta zerbitzari leiala. Horren adibide d, 1627an, Amerikatik 35 itsasontzirekin itzuli eta Sanlucarren (Espainia) porturatu ondoren, erregeari bidali zion idatzia: “Mundu osoko altxorrak berorren oinetan ikusi nahi ditut, handitasun handiagorako eta Fede Katolikoa areagotzeko, eta berorren zerbitzurako tresna izan nahi dut, munduaren domeinu-proiektuarekiko fideltasuna eta identifikazioa azpimarratzeko”. Hala eta guztiz ere, hemengo marinelak ez dira historiografian askotan azaltzen, gehienetan ontziak eramaten zituztenak baitziren nabigatzen zekitenak, eta ez konkistatzaile gisa Indiak kolonizatzera joan zirenak. Hala ere, egia da hemengo jende askok sekulako astakeriak egin zituztela eta Amerikan hango basakeria, hilketa, arpilatze eta esklaboen salerosketen legenda beltzaren parte izan zirela.

Armadan, merkataritzan zein arrantzan

Garai gatazkatsu hartan azkoitiar askok hartu zuten parte gerrarako itsas armadan. Esate baterako, 1512an Donostian egindako Batzar Partikularrak, probintziako armada osatzea erabaki zuen, Gaztelako Fernando Katolikoa erregearen agindua betez. Azkoitiko herriari 28 gizon biltzea tokatu zitzaion, haietako gehienak itsas esperientziarik ez zuten kaletar edo baserritarrak. Beste batzuen artean, Juan Mekolaeta, Martin Madariaga, Lope Rekalde, Pedro Umansoro, Juan Elormendi, Juanico Madariaga, Francisco Mokorana, Juan Larramendi, Juan eta Lope Zuazola, eta Juan Epelde izan ziren itsas armada hura osatu zuten azkoitiarrak. Gaztelako erregeak Ingalaterrara bidali zituen, Enrike VIII.a errege ingelesaren aldeko borrokan parte hartzeko, baina, besterik gabe, Pasaiara (Gipuzkoa) bueltatu ziren inolako gudalditan parte hartu gabe.

Hurrengo espedizioa 1514an abiatu zen, Erdialdeko Amerikatik urre asko ekartzeko helburuarekin. Bidaia oso arriskutsua zen, baina lansari erakargarria eskaintzen zenez, asko ziren horrelako abenturetan parte hartzera ausartzen zirenak. Hogei bat itsasontzi atera ziren, tartean 23 pertsonaz osatutako San Anton izeneko karabela, Martin Landakaranda azkoitiarra maisuaren aginduetara. Espedizio hark porrot handia izan zuen eta, beste ontzi gehienen moduan, San Anton karabela ere hondoratu egin zen Kuba uhartetik gertu, oraingoan ere broma izeneko moluskuak egurrezko ontzian egindako zuloen ondorioz. Ontzi horren tripulazioko kide gehienak azkoitiarrak ziren, besteak beste, Juan Mendizabal, Domingo Lapatzaran, Clemente Eizagirre eta Anton Leiaristi.

Azkoitiarrek itsas merkataritzan eta armadan izan duten parte hartzea nabaria izan bada, arrantzarekin izan duten harremana ere ezaguna da. Esate baterako, Ternuan baleak harrapatzen edo Labradoreko eta San Laurendiko itsasadarrean bakailao arrantzan ibili ziren mendeetan, inguruko beste arrantzale askorekin batera.

Aldi hartan lan nekagarri asko bazen ere, itsas nabigatzaile eta arrantzaleena guztiz gogorra zen, eta ondo asko zekiten haiek zer-nolako arriskuak igaro beharko zituzten, Euskal Herritik ateratzean askok testamentua egiten baitzuten. Beraz, ibilera haiek kasu gehienetan garai hartako familien biziraupenaren beharrak eragindakoak baziren ere, ezin da gutxietsi azkoitiar haien adorea eta oldarra.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide