Jakina da euskal dantzen jatorria antzinako tradizioetan eta herri errituetan dagoela, kasu batzuetan historiaurrera iritsiz. Horregatik, ez da harritzekoa, Estrabon historialariak, 64 urte Kristo aurretik jaioak, euskal dantzak aipatu izana bere lanetako batean. Geroago, Aita Larramendik, Jovellanosek, Voltairek, Chahok eta gehiagok ere goraipatu zituzten dantza horiek. Esan behar da, aldi hartan herri osoak dantzatzen zuela eta dantzaldietan abestu ere egiten zutela, baina dantza haiek arinak ziren; hau da, lotu gabeak. Dena den, herrian ondo errotuta bazeuden ere, dantzak gaizki ikusiak egon ziren mendetan zehar Elizaren eta Inkisizioaren aldetik, eta oso agindu zorrotzak betearazten zituzten haiek. Baina izan ziren euskal dantzen babesle sutsuak ere; horien artean, Aita Manuel Larramendi apaiz andoaindarra.
Azkoitiko dantzarien historia ere aspalditik dator. Lehen albisteak duela hiru mendekoak dira, San Roke eta beste festa egun nagusietan dantzariek prozesioetan parte hartzen zutenekoak. Herriko dantzariek ezpata dantza dantzatu ohi zuten, eta bazen garai hartan Joxe Agirre izeneko dantza maisu bikaina. Gerora ere, XIX. mendean, euskal dantzak ziren jaialdietako ikuskizunik aipagarrienak, garaiko idatziek diotenez. Esate baterako, Wilhem von Humboldt intelektual prusiarra euskaraz eta euskal kulturaz interesatu zen 1799. eta 1801. urteetan Euskal Herrira egin zituen bidaietako batean, eta Azkoitian normalean dantzatzen zen dantza bati buruz idatzi zuen: toalladantzari buruz, hain zuzen ere. Bide batez, abesti hori nola dantzatzen zen ere azaldu zuen hark. Bitxia da, baina gerora ez dago dantza horri buruzko beste aipamenik. Harrez gero, Azkoitiko dantzariek hainbat ekitaldi garrantzitsutan parte hartu bazuten ere, 1910ean izandako emanaldiek aparteko distira izan zuten. Izan ere, Azkoitian urte hartan ospatutako Euskal Festek hots handia izan zuten, eta beste ikuskizun eder askoren artean, herriko dantza taldeak aparteko emanaldiak eskaini zizkien han bildutakoei. Sasoi hartan Azkoitiko dantza taldea osatzen zuten gizonen izenak honako hauek dira: Angel Azpiazu Epe Zaharra, Prantzisko Azpiazu Epe Gaztea, Santiago Uranga Xanti Balda, Eusebio Txorixe, Txorrote Zaharra, Txili Motza, Vidal Kuende Maltiempo, Gabino Zubizarreta Etxeberritxo, Luis Balenciaga Porrue eta Antonio Azpiazu Aldako. Urte hartan, gainera, Alfonso XIII.a Espainiako erregea Donostiatik Azkoitira etorri zen, eta Rally Automovilistico izeneko auto karreran parte hartu zuen. Lasterketa hura Jausoroko jauregi aurrean amaitu zen, eta ondoren, parte hartu zutenak udaletxera joan ziren, eta hango balkoitik ikusi zuten herriko dantzariek plazan emandako ikuskizuna. Dirudienez, Espainiatik etorritako erregeari zahagi dantza gustatu zitzaion gehien.
Von Humboldt intelektualak Azkoitian dantzatzen zen toalladantzaz idatzi zuen
Justu 1936ko gerraren aurretik, 1930. eta 1931. urteetan, dantzari eta txistulari talde berriak sortu ziren Azkoitian. Dantza talde bat salestarrek sortu zuten Floreaga ikastetxean. Hain zuzen, dantza talde hura, Epe Gaztea irakasle eta gidari zutela, Floreaga ikastetxeko jaialdiak eta bertakoek egindako ibilaldiak alaitzeko osatu zuten. Bestalde, herriko Eusko Alderdi Jeltzaleak beste dantza talde bat sortu zuen. Talde hori Batzokian prestatzen zen, eta Antton Aldako-k eta Nikasio Larrañaga Enbortxo-k bete zuten prestatzaile eta gidaritza lana. Batzokian hiru talde izatera iritsi ziren: bat gizon nagusiena, bestea gaztetxoena, eta hirugarrena emakumeek osatutako poxpolinena. Batzokiko txistulari eta danbor jotzaile berrien artean, Luis Altzapraka txistularia eta Nikanor danbor jotzailea egin ziren ezagunak. Talde hark herritik kanpora emanaldiak eskaini bazituen ere, alderdiak herrigunean eta inguruko auzoetan antolatutako jaialdiak alaitu zituen gehien bat. Dantza talde haren azkenengo jaialdia 1936ko uztailaren 19an Madariagan emandakoa izan zen; alegia, Espainiako gerra hasi baino hiru egun lehenagokoa. Gerra garaian, aipatutako bi dantza talde horiek desegin egin ziren: agintari berrien aginduz salestarren kongregazioko kideak kanporatuak izan zirenean desagertu zen Floreagako taldea, eta alderdi politiko abertzaleak legez kanpo geratu zirenean utzi zuten jarduna, berriz, Batzokikoek.

Bi taldetan banatu ziren dantzariak: batean "karlistak" zeuden, eta bestean "nazionalistak"
Momentuko giro politikoak bultzatuta, 1940an Luistarren Kongregazioa izenarekin dantza talde berria sortu zuten. Gipuzkoako herri askotan dantzatzeaz gain, Huescaraino (Espainia) ere heldu ziren beren dantzen erakustaldiak. Dantza talde hura honako dantzari hauek osatzen zuten: Patxi Aldazabal Aittola, Pio Larrañaga Txanton, Raimundo Alberdi Balixas, Joseba Alberdi Putre, Pedro Sudupe Egurrola, Luis Alkorta Burruntzi, Marcelino Zubizarreta Santue, Javier Alberdi Boni eta Julen Sagarzazu Julen Txiki. Maisuak, berriz, Frantzisko Azpiazu Epe, Luis Zubizarreta Altzapraka eta Antonio Azpiazu Aldako ziren, eta taldeko txistularia, Antonio Arenas Txalkor. Handik denbora gutxira, berriz, herriko neska-mutilak elkartuta beste talde bat osatu zuten, eta talde hartako gizonak honako hauek ziren: Javier Alberdi Boni, Jose Mari Zabala Mandue, Joseba Alberdi Putre, Julen Sagarzazu Julen Txiki, Luis eta Ignacio Elorza Lariona, Patxi Aldazabal Aittola, Luis Alkorta Burruntzi eta Marcelino Zubizarreta Santue. Emakumeak, berriz, honako hauek ziren: Elena Uranga Benito-Arranduneneko, Mañu Porrunekue, Maria Lourdes Unamuno Plasta, Maria Elorza Txanbolin, Mertxe Juaristi Plasta, Milagros Elorza Tomas Txokondo, Maria Angeles Lizarralde Kanpaxa, Itziar Larrañaga Tomas Periko, Mertxe Juaristi Atano IV. alaba, Begoña Azpiazu Aldako eta Edurne Sudupe Pattakie. Agerian geratu den bezala, bi taldetan banatu ziren herriko dantzariak: alde batetik "karlistak" deitutakoak zeuden, eta bestetik, "bizkaitarrak" edo "nazionalistak" moduan ezagutzera heldu zirenak.

Garai hartan herrian giro nahasia zegoen joera politikoen eraginez, eta horregatik, aurrez aipatutako dantza taldeak sortu ziren aldi berean, Falangeko Sección Femenina deitutakoak beste emakumeen talde bat ere sortu zuen. Epe eta Trino Txitia-ren gidaritzapean, talde hark, antza, herriko edo Francoren alderdikoen jaialdietan eta gure herrira kanpotik agintari nagusiak etortzen zirenean parte hartzen zuen. Talde hura herriko neska hauek osatu zuten: Axun Orbegozo Abaunz, Maritxu Juaristi Lope, Ignacia Zabaleta Bakue, Maritxu eta Rosario Juaristi Xaxi, Karmen Larrañaga Gaztelu, Pilar Larrañaga Pistixe, Antonia Epelde Susteta, Prexen Azpiazu Epe, Maritxu Abreu Estankero, Juanita Errazu Xumarra, Aurora Zireruelo Bristol, Axun Odriozola Relojerue eta Elena Sudupe Pipex. Maisu erakuslea Frantzisko Azpiazu Epe zuten, eta taldeko txistulariak Antonio Arenas, Juan Elorza eta Trino Arruabarrena.

Sagarzazu eta Sahatsa
Azkoitiko dantza kontuetan aurreko mendean egindako lanagatik pertsona bat aipatu behar bada, hori Julen Sagarzazu da. 12 edo 13 urte zituela, Floreaga eskolan Antton Aldako-rekin ikasi zituen lehenengo dantzak, 36ko gerra lehertu baino hiru edo lau urte lehenago. Geroxeago, Epe irakasle zuela, Baldan entseatzen aritu ziren biak, eta handik, gaur egun Txalintxo taberna dagoen lokalera pasatu ziren. Hamarkada askotan han-hemenka hainbat dantza saio egin ondoren, 1969. urte inguruan Jesus Txikurre joan zitzaion Azkoitian dantza kontuan zer edo zer egin behar zela esanez. Orduan hasi zen Sagarzazu dantza irakasle lanetan, lehenik kiroldegia dagoen lekuko soto batean, gero Artxamendin, eta azkenik, Xabier Munibe ikastolan. Sagarzazuk irakasle ardura hartu zuenetik, berehala osatu zuen lehenbiziko dantza taldea ikastolako neska-mutikoekin. Gerora, berriz, Xabier Munibe ikastolako eta Floreaga ikastetxeko umeek osatzen zuten talde batekin hasi zen irakasle lanetan, eta talde hark Julen Sagarzazuren aitonaren gaitzizena hartu zuen deituran: Kandiola dantza taldea, hain zuzen ere. Dantzari Txiki egunak ere asko zor dio Sagarzazuri, 1974an Azkoitian estreinakoz ospatu zenetik, lan handia egin baitzuen hark urtez urte egun hori antolatzen. Era berean, esan behar da, dantza irakasle izan zen azken urteetan, bere alaba Belen Sagarzazu dantzari bikainaren laguntza izan zuela. Bestalde, ezin aipatu gabe utzi, euskal dantzen bueltan hainbeste urtetan egindako lan eskerga zela eta, 1999an Sahatsa dantza taldeak antolatutako eta ondo merezitako omenaldi ederra jaso zuela Julen Txiki-k.
Sahatsa dantza taldea bera da, gaur egun, herriko kulturari hainbeste eman zioten dantza taldeen erreleboarekin jarraitzen duena. Dantza talde hori Urrestillan sortu zen 1976an, hango gazte talde baten ekimenez, euskal folklorea ezagutarazteko eta zabaltzeko helburuarekin. Hasieran, Azpeitiko eta Azkoitiko dantzari eta musikari gazteek osatzen zuten taldea, baina denborarekin bailara mailako izaera hartu zuen, beste herri batzuetako neska-mutilak hurbiltzen joan baitziren talde horren dinamikara. Hasieran, Urrestilla bertan egiten zituzten entseguak, baina urte gutxira, Azpeitiko Azoka Plazara pasatu ziren, eta han 14 urte egin ondoren, Azkoitira etorri ziren 1991n. Dantza tradizionalekin emanaldiak egiteaz gain, koreografia propioen sorkuntzetan ere nabarmendu da talde hori; hain zuzen, teknikagatik ez ezik, ikusgarritasunagatik eta janzkeraren berezitasunagatik beti bereizi izan da Sahatsa. Juan Luis Lizabe azkoitiarra da azken hamarkadetan Sahatsa zuzentzen ari den taldekide aparta eta saiatua.
Dantza tradizionaletan ez ezik, koreografia propioak sortzen ere nabarmendu da Sahatsa
Abuztuaren 16ko eguerdian, San Roke egunez, egiten den aurreskua ere Umore Ona elkartearen eta Sahatsa dantza taldearen eskutik antolatu izan da. Aurreskua edo soka dantza horren antzinakotasuna urrundik dator, azken gerran jada dantzatzen baitzen Azkoitiko enparantzan. Garai hartan, mendizaleen izenean antolatzen zen ikuskizun hori, bestela gobernadoreak ez baitzuen baimenik ematen. Hasieran, Ipar kaleko ezkonduak ziren andremarietako bigarren egunean soka dantzan parte hartzen zutenak. Egun hori ezkonduen eguna izaten zen, eta aurreskua gizon ezkonduek bakarrik egiten zuten moduan, plazara ateratzen zituzten emakumeek ere ezkonduak behar zuten izan. Ipar kalekoak dantza horretan parte hartzeari uzten joan ziren, eta usadioa bertan behera geratu bazen ere, Eduardo Olano alkateak Umore Ona elkartekoei eman zien ekitaldi hura antolatzeko aukera, eta ordutik urtero egin da. Geroztik, beti aurkitu izan dituzte aurreskua dantzatzeko gizonak, nahiz eta batzuetan ez den lan samurra izan. Horrela, Umore Ona elkarteko Inazio Balda eta Manolo Larrañaga Manolito-k, besteak beste, behin baino gehiagotan dantzatu zuten aurreskua, eta gero, elkarte kanpokoek bete zuten eginkizun hori; esate baterako, Agustin Etxetxo-k. Bestalde, esan beharra dago Elizak zeresan handia izan duela dantza honetan, bertako goi estamentuak garai baten ez baitzuen onartzen neska-mutilek eskutik helduta dantza egitea; hau da, kontaktu fisiko zuzena izatea. Hortik dator neska-mutilen arteko lotura egiteko zapia erabiltzearen ohitura. Dantza bera hasiera hartatik asko aldatu ez bada ere, orain, lehen ez bezala, udaleko kideek egiten dute agerraldia, aurreskua dantzatuz. Horrela, Ramon Unanue izan zen, 1989an, Azkoitian aurreskua lehen aldiz dantzatu zuen alkatea. Dantza horretan, musikariek ere bere betekizun garrantzitsua izan dute, eta belaunaldi desberdinetako txistulariek parte hartu izan dute. Horrela, Juan Elorza Txanbolin, Antonio Arenas Txalkor, Kandido Beristain, Trino Arruabarrena eta Angel Mari Arenas txistulari eta danbor jotzaileek hasitako bideari Pello Axiri-ren Txalkor taldeak hartu zion lekukoa, eta gaur egun ere horretan jarraitzen du.
Euskal dantza solteak ere parte hartzaile eta jarraitzaile asko izan ditu Azkoitian betidanik. Fandangoa eta arin-arina gaur egun euskal dantza arruntenak diren bi dantza mota dira, eta 1936ko gerraren aurreko urteetara jo behar da Azkoitiak dantza mota horrekiko zaletasuna ondo irudikatu duten bikoteak izendatzeko. Martin Larrañaga Peru eta Sole Peruk osatu zuten gerra aurreko bikoterik ezagunena. Gero, gerra ondorengo bikoterik onenak Julian Juaristi eta Maritxu Lepe, Julian Juaristi eta Pakita Xaxi anai-arrebak, Julen Sagarzazu eta Pakita Larrañaga Pistixe eta Jose Epelde Muxu eta Rosario Juaristi Xaxi izan ziren. Azkoitiarrek dantza soltearekiko sentitzen duten zaletasuna egiaztatzeko, berriz, esan besterik ez dago herriko bikoteak izan direla 1977tik antolatzen den Euskal Herriko Dantza Sueltoko Txapelketa gehienetan irabazi dituztenak; hamar alditan, hain zuzen ere. Isaak Agirre eta Belen Sagarzazu bikoteak lau aldiz irabazi zuen (1985, 1987, 1988 eta 1992an); Kimetz Larrañagak eta Eneritz Epeldek, hiru aldiz (1998, 1999 eta 2000n), eta, azkenak irabazten Jon Ander eta Edurne Azpitarte anai-arrebak izan ziren, 2005, 2006 eta 2007 urteetan.

Dantzak bere toki garrantzitsua irabazia du euskal kulturaren egituran, eta taldeetan nahiz dantza soltean aritu diren eta aritzen diren dantzari azkoitiarren jardunek beren alea jartzen asmatu dute hori horrela izan dadin. Azkoitian, herriko enparantzako dantza saioetan, inguruko auzoetako erromerietan eta beste hainbat lekutan gure aurrekoek eta gure belaunaldikoek geure lekua izan dugu dantza soka horretan, eta hori horrela, esanahi handia duen euskal esaera zahar bat berresten jarraitu behar dugu: "Dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko".
(Argazkiak: Arroitajauregi bilduma eta Azkoitia iruditzen zein Gure kirol, dantza eta jolasak liburuak)