Beste herri askotan bezala, Azkoitian ere etxeek hartu dituzte lehenago soro eta baratze ziren lurrak. Kultura hiritarra terrenoa jaten ari da herri inguruan ziren baserriei. Horietako asko desagertu bada ere, beste askok ez dute oraindik izana galdu. Urte gutxitan, gure belaunaldiari tokatu zaio baserrietako bizimoduaren aldaketa, eta, horrekin batera, bizitzeko modu jasangarri baten filosofiaren gainbehera ikustea.
Aldaketa horrek eragin handia izan du gaur egungo baserrietako arlo askotan, eta horrela, pixkanaka-pixkanaka galduz joan dira baserrietako lanbide batzuk ere. Zeregin horiek gaur egun oso ohikoak ez izan arren, duela gutxira arte baserriko ekonomiaren zati garrantzitsua osatu dute.
Baserrietan laborantza produktuak landu eta horien uzta jasotzeak izugarrizko garrantzia izan du, gehienbat gure aurrekoentzat, ezinbestekoa baitzen haientzat bizirauteko diru pixka bat irabaztea. Garaian garaikoa landu izan da Azkoitiko baserrietan. Soroan produktu gogokoenak garia, artoa, erremolatxa, patata eta antzekoak izan diren moduan, baratzean letxuga, tipula, porrua, azalorea, baratxuria, hazia, ilarrak, baba, aza eta beste batzuk izan dira estimatuenak. Fruta ere ez zen falta izaten, eta normala zen urtero gerizak, aranak, sagarrak, muxurkak, madariak eta antzerakoak jasotzea. Oso beharrezkoa zen uzta ona izatea; uzta arrazoi batengatik galtzen bazen, urte hartan gosea jabetzen zen baserrian.

Landaren uzta onak eragin handia zuen baserriaren biziraupenean, baina baratzeko eta soroko produktuak bezain garrantzitsuak ziren esnea, arrautzak eta animalien hazkuntza, besteak beste. Izan ere, baserri askotako emakumeek egunero Azkoitiko azokara jaisteko ohitura zuten, beren produktuak saltzera. Esate baterako, baserriko esnea oso preziatua zen herriko etxeetan, eta, hori horrela, marmitak astoen zestoetan sartuta jaisten zituzten baserrietatik. Aurrena, bezeroei etxez etxe egiten zieten esne partiketa, eta ondoren, azokan sobratutako esnea saltzen zuten. Litro eta litro eta erdiko ontziak izaten zituzten esnea neurtuta saltzeko, baina, batzuetan, baserritarren beharrak engainurako bidea ere hartzen zuen. Izan ere, noizbait banatu zuten 'esne bedeinkatua' izenekoa ere; hau da, urarekin nahastutako esnea.
Dena den, kalean eta azokan arrautzaren bidez lortzen zuten baserritarrek diru gehien, dozena bat arrautzarekin irabazitakoarekin baserrian morroi zegoen mutilari egun osoko jornala ordaintzen zioten eta. Patata berriak ere estimu handia zuen kaletarren artean. Hori hala, zenbait baserritarrek ahal zuten guztia egiten zuten auzokideei uztan aurrea hartzeko; horrela, lehenago eta prezio hobean saldu ahal izaten zuten eta. Menda-belarra ere biltzen zuten baserritarrek, gero azokan saltzeko. Belar horrekin sortak egiten zituzten, erratz gisa erabilita, etxeak garbitu ahal izateko; bide batez, menda usain ederra uzten zuten. Belar hori erraz biltzen zen garai hartan, eta hasieran, sortako 'txakur handi' bat jasotzen bazuten ere, gero bi erreletan (pezeta erdia) hasi ziren saltzen. Diru kopuru hori, orduan, dirua zen. Oilaskoak ere herriko azokara ekartzen zituzten baserritarrek, eta behorrak nahiz antzerakoak Zumarragako edo Azpeitiko ferian saltzen zituzten. Baserritar askok asteko erosketa egiten zuten azokan ateratako diruarekin.
Beste hamaika lan egiten ziren baserriaren beharretan laguntzeko. Baserriko lanik ezagunena da abereentzako belarra segaz moztea eta hura eskuareaz biltzea. Belarretarako garaia San Juan inguruan hasten zen, eta, askotan, auzolanean egiten zuten. Bildutako belarrarekin, orain horren gutxi ikusten diren zuhatzak egiten zituzten baserritarrek. Zenbait baserri handitan, gainera, ganbaran ere gordetzen zuten. Zuhatzak, belarraz aparte, garoz eta lastoz ere egiten zituzten garai batean. Belarra ganaduarentzako jakia izaten zen, eta garoa, ukuiluko azpiak txukun mantentzeko erabiltzen zuten. Belarretarako bezala, soroko eta basoko lanek gauzatzeko gurdia erabiltzen zuten, eta horiei tiraka astoak, mandoak, behiak edo idiak. Baserriko gazteak ibiltzen ziren horiek gidatzen, ittulan. Ordu eta neke askoko lana zen basokoa, eta zuhaitzak mozteaz gain, enborrak prestatzea ere lan oso neketsua izan ohi zen. Itzainak ibiltzen ziren beren idiekin basotik egurra ateratzen, baina, aurrena, enborrari adarrak kendu eta trontzarekin enborrak neurrira moztu behar izaten zuten baserritarrek; lan astuna izaten zen hori haientzat.
Garai batean, garia eta artoa ziren Azkoitiko soroetan gehien landatzen ziren zerealak. Garia hazi, horitu edo heltzen zenean, igitaiarekin ebakitzen zuten hura, gero azaoan mordo bat lotzeko eta gari jotzen hasteko; alegia, alea eta lastoa bereizteko lanari ekiten zioten. Garia lurrean zabaldu eta zapalduz egiten zuten lan; nekeza izaten zen lana, harik eta mekanikoki egiten hasi ziren arte. Gari bilketa lanak eta antzerakoak, normalean, auzolanean egiten zituzten. Gariak bezala, artoak ere bere lana zuen. Apirila eta maiatza artean ereiten zuten, abuztuan edo irailean artaburuak kentzeko. Hura egindakoan, baserriko teilatupean zintzilikatzen ziren, lehor zitezen. Artajorra, gari-jotzea bezala, lan ezaguna izan da baserritarrentzat. Lehen ezagunagoa zen, azken hamarkadetan ez baita garirik izan inguru hauetan. Gainerako eginkizunak bezala, artajorran aritzea ere lan gogorra izan da betidanik. Aitzur batekin lurra mugitu behar izaten da, belar txarrak kentzeko eta landarearen ondoan lurra pilatzeko, hark tinko iraun dezan. Beste lan askoren moduan, lan hori ere emakumeen eginbeharrekoa izan da mendeetan zehar. Esan behar da, gariarentzat zein artoarentzat lurra laiekin iraultzen zutela, goldea iritsi zen arte.
Artoak laborantza intentsiboagoa egiteko aukera ematen zuen, eta lurra ez lehortzeko, simaurra erabili izan da ongarri moduan. Aritzeko modu horrek, ordea, lurzoruak azidifikatzen zuen, eta ohikoa bilakatu zen lurrari, ongarri moduan, karea nahastea; azidotasuna kontrolatzeaz gain, lurra desinfektatzea lortzen zen horrela. Azkoitian baserri askok zuen beren karobi propioa karea prestatzeko. Neguan kareharria edo egurra prestatu behar izaten zenez, uda aldera karobia kareharriz betez eta behean ipinitako egurrari sua emanez lortzen zen karea. Lan horretarako, hiru lagun inguru aritzen ziren gau eta egun erreleboan lanean, betiere egur berria karobian sartuz eta hura zainduz; oso lan lotua zen. Karobitik ateratzen zen karea hauts bihurtzen zen uretan sartzean. Kare hura etxe barruak zuritzeko, etxeko norbait hiltzen zenean etxea kare biziz desinfektatzeko, fruta-arbolei botatzeko edo lurra ongarritzeko erabiltzen zen, besteak beste.
Karobira, egurrarekin batera, ikatza botatzen zen askotan. Ikatza baserrien diru iturri nagusienetakoa izan zen garai batean, eta horregatik, Azkoitiko baserri askotan ohikoa bihurtu zen ikatzaren ekoizpena. Txondorra deitzen zitzaion ikatza egiteko eratzen zen egur metari. Ikatza lortzeko, pagoa, haritza edo gaztaina ziren egurrik onenak. Egurrarekin txondorra egin eta gero, lurrarekin, orbelekin eta adar txikiekin ondo estaltzen zen hura. Gero, barrutik su ematen zitzaion, eta erregosi prozesuan egurra ura galtzen hastean, ikatz bihurtzen zen. Karobirako moduan, txondorra egiteko egurra neguan prestatzen zuten baserritarrek. Ikatza urteko edozein sasoitan egiten bazen ere, ohikoa zen udan egitea, gaua motzagoa zelako eta euri arrisku gutxiago zegoelako. Lan horrek ere denbora eta ardura asko eskatzen zuen; gau eta egun egon behar izaten zen txondorraren zaintzan. Ikatza saldu egiten zen gero, eta horrela, garai batean hain urria zen diru garbia irabazten zuten baserritarrek. Ikatza sutegiak zeuden lekuetara saltzen zen, hala nola Soraluzera edo Zumarragako Orbegozo lantokira.
Baserri kanpoaldean egiten ziren lanen artean, bestalde, erlezaintza aipatu behar da. Erleek beti izan dute harreman estua baserriarekin; pentsa, duela hamarkada batzuk, Azkoitiko ia baserri guztiek zituzten erlategiak. Polinizazioaren bidez landareak ugaltzeko eta gure ingurune naturalaren oreka mantentzeko oso garrantzitsuak izateaz gain, erleak, duela gutxi arte, oso estimatuak ziren eztia eta argizaria ekoizten zituztenentzat. Lehen, egurrezkoak ziren erleak gordetzeko kutxak, erlauntzak edo abaraskak; baserrian bertan egiten ziren. Erleen zaintza, jende gehienak uste duenaren kontra, oso lan arduratsua eta kontu handiarekin ibili beharrekoa da. Erlategitik ateratako eztia saldu egiten zen, eta argizaria etxeko lurra garbitzeko erabiltzen zen. Dena den, kandelak egiteko ere erabiltzen zen, inguruko hileta errituetan presentzia eta garrantzia handia izan du eta. Ohiturak eta sinesmenak aldatzen joan diren heinean, erleari lotutako kulturak deserrotze handia izan du azken hamarkadetan. Egoera hori gure gizartearen eta tradizioaren artean egon den hausturaren ondorioa da, eta, horren eraginez, orain guztiz arrotza egiten zaigu duela hamarkada batzuk hain ohikoa zitzaiguna.
Ordea, baserritik kanpo egin izan den lanik ezagunena artzainarena izan da Azkoitian ere, soroko eta baratzako lanekin batera. Artzainaren ogibidea artaldea zaintzetik dator, ondoren ardien haragia, esnea eta artile salduz bizimodua aurrera ateratzeko. Lan oso lotua izanda betidanik artzainarena; neguan baserri bueltan ibili izan badira ere, uda sasoian ohikoa izan baita ardientzako bazka bila urrutiko zelaietara joatea. Halakoetan artzainak ez ziren egunero baserrira bueltatzen; kasu askotan, hemengo artzainak herri inguruan edo urrunago dauden txabola horietako batean geratzen ziren gaua pasatzen. Gainera, duela hamarkada batzuk, ez zen txakurrik orain bezala, eta pare bat lagun ibiltzen ziren artzaintzan. Hori horrela, baserriko gazteak oraindik umeak zirela hartzen zituzten askotan, artzain lanbidearen gorabeherak lehenbailehen ikas zitzaten. Artzaintza beti gizonaren lanarekin lotu izan bada ere, izan dira emakume artzainak ere, Elosuko Korta baserrikoa, esate baterako. Ardiak zaintzeaz aparte, horiek jetzi egin behar izaten ziren, eta bildutako esnearekin gazta egin. Ardiei ilea moztea ere lan neketsua zen. Ardiei aurrez hankak lotu behar izaten zitzaizkien, eta artaizturrak hartuta, lagun bakarra aritzen askotan zeregin horretan. Artile hura, normalean, baserriz baserri ibiltzen zen traperoari saltzen zitzaion. Esan beharra dago, artzainaren lana gogorra bazen ere, askotan neketsuago bilakatzen zela arkumeen jaiotza garaia. Urtarrila eta otsailean izaten zen garai hori, baina maiatzera arte ere luzatzen zen askotan.

Azkoitian baziren elurzuloak edo izoztegiak zituzten baserriak ere. Harri landuz eraikitako zulo sakonetan elurra pilatzen zuten, eta ez zen lan makala izaten elurra hara botatzea eta gero ondo zapaltzea; pago hostoekin, garoarekin eta bestelako landarekin elur geruzak banatuta sartzen zituzten, gero handik errazago ateratzeko. Izotza prestatzea oso neketsua bazen ere, ez zen samurragoa izaten hura zakuetan sartzea eta inguruko herrietara eramatea. Gainera, izotza gauez garraiatzen zuten, urtu ez zedin. Izotza elikagaiak kontserbatzeko edo edariak hozteko erabiltzen zuten, baina tratamendu terapeutiko desberdinetarako ere erabiltzen zen. Azkoitian izoztegi asko zen garai batean, besteak beste, Kortatxo, Aittola-Zar eta Zelai Luze baserrietan.
Beti esan izan da baserriko lana ez dela sekula amaitzen, eta horrela da, lehen bezala orain ere beti baitago lanen bati edo besteri eutsi beharra. Dena den, garai batean herriko baserrietan zen bizimodu sakrifikatua asko arindu da egun, eta ez du zerikusirik gaurkoarekin alderatzen badugu. Gaur egungo lanak eta zereginak eramangarriagoak izateaz gain, egun baserritik kanpo lan eginez bizimodua ateratzeko aukera gehiago dago.