Gaur egun hain bitxiak eta arraroak iruditzen zaizkigun istorioak eta pasadizoak ez ziren hain ezohikoak edo bereziak izango garai bateko azkoitiarrentzat. Denboraren joanak jar gaitzake gauzak oso bestelako ikuspegi batetik ikusten eta baloratzen; esate baterako, garai bateko sinesmenek, mentalitateek eta ohiturek ez dute kasu askotan zerikusirik gaur egungo gizartean errotuta daudenekin. Azkoitian ere, belaunaldiz belaunaldi, kontu xelebre eta bitxi franko transmititu izan dute arbasoek etxeko mahai bueltan edo sutondoan izandako solasaldietan, baita idatzi zaharren bidez heldutako kontu anitzen bidez ere.
Beste hainbat lekutan bezala, Elizaren bueltan sortutako ohitura, betebeharren eta aginduen errotzeak, gaur egun sinesgaitzak irudi daitezkeen egoera bitxiak bizitzera eraman ditu azkoitiarrak. Esate baterako, 1927ko herriko jaietan, festetan emakumeen kontura liskar asko izaten zela eta, On Joakin herriko apaizburuak erabaki zuen festak irauten zuenean haiek elizan sartuta egon behar zutela. Urte hartan bakarrik egin zen horrelakorik, hurrengo urtean alkateak neurri hori hartzea galarazi baitzuen, emakumeen partaidetzarik gabeko festak aspergarriak zirela argudiatuz. Bestalde, Elizak sexu harremanak ezkontzaren barruan eta helburu sortzaileekin bakarrik onartzen zituen, eta urtean zehar, gutxi-gorabehera 270 sexu kontinentzia zeuden ezkontza sakramentuarekin lotutako bikoteentzat. Antzeko zerbait gertatzen zen Elizak haragia kontsumitzea debekatzen zueneko abstinentzia edo bijilia egunetan, urtean 150 egunekoa izatera ailegatzen baitzen. Hori bai, Elizari salbuespenak eta buldak erosten zizkiona neurri horietatik salbu geratzen zen.
Parrokoari oilaskoa, arrautzak eta ogi egin berria emateko ohitura zuen etxe bakoitzak
Elizak beti atera izan die probetxua herri xehearengan errotutako sinesmenetan oinarritutako ohiturei. Horren adierazle dira Elosuko etxeek Elizarekiko zituzten betebeharrak: Obligaziñua izenez ezagutzen zen horretan, etxe bakoitzak, parrokoari oilaskoa, arrautza pare bat eta ogi egin berria emateko ohitura zuen. Gabonetan oilo bat ematen zioten, eta ohitura horri erregalua deitzen zioten. Martxoan, bildots bat ematen zioten etxe bakoitzean, eta abuztutik irailera bitartean, berriz, gari anega erdia eta arto anega erdia. Azken ohitura hori, berriz, primiziak izenaz ezagutzen zen. Baina herritar batek baino gehiagok, gehiegikeria horrekin guztiarekin aspertuta, Elizari eskarmenturen bat ematen ere asmatu zuen: esaterako, ba omen zen hemengo apaiz bat, sermoia pulpitutik ematean ukabilarekin baranda joaz lur gainean sortzen zen jeneroa apaizarena zela esaten zuena, eta beraz, hango zati on batzuk berari ematea ez ahazteko esaten zuena. Azkoitiko baserritar batek, hori entzunda, hurrengo urtean soro guztia patata emateko prestatu omen zuen, eta patata lur gainean egoten ez denez, batere eman beharrik ez omen zuen izan.

Erromerietako dantza soltea eta dantza lotua edo baltseue zirela eta, gai horren bueltako hamaika kontu xelebre ere jaso izan dute herritarrek gurasoengandik. Aurreko mendearen erdialdean Azkoitian dantza soltea galarazita zegoenez eta ondoko herrietan horrelako galarazpenik ez zenez, azkoitiarrak inguruko herriekin muga egiten zuten lekuetako erromerietara joaten ziren, hala nola Zamalekura, Oletara, Madarixara eta Aizpurutxora. Horrela, azkoitiarrek, dantza lotua egiteko aukera izaten zuten mugaz bestalde pasatuta. Aizpurutxon San Agustin tabernan egiten zen erromeria, baina kontua da, taberna horretako jantokia Azkoitiko partean zegoela, eta sukaldea, berriz, Bergarakoan. Normala den bezala, jantokian egiten zen dantza heldua, bertan leku gehiago zegoelako, baina libre ez zegoenez, merixua joaten omen zen makilarekin, eta orduan, Bergarako partean zegoen sukaldera pasatzen omen ziren dantza mota hori egitera. 1955era arte iraun zuen debekuak Azkoitian, Pedro Alberdi Peron Txiki alkateak neurria indargabetu zuen arte. Baina erabaki hura ez zitzaion debalde atera alkateari, ordainetan, Osoro erretoreak udalak parrokian zuen aulkia erretirarazi baitzuen. Bide batez, alkatearen bi seme luistarrren kongregaziotik bota zituzten, eta jarraian, haien arrebak eta zenbait herritar ere bai. Dena den, 1713an gai berari lotutako jazarpen zorrotzagoak ere ezagutuak zituen Azkoitiak, Korrejidoreak honako neurriak hartzea agindu zuenean: "...mandaba y mandó que no puede haber danza, baile, tamboril, ni otro instrumento alguno en lo despoblado ni en ermita, de día ni de noche, pena de cuatro ducados...".
Beste herrietan bezala, Elizaren jarduteko moduarekin lotutako anekdota asko aurki daitezke Azkoitian ere, eta horien artean, honako pasadizo hau kontatzen zuen Pedro Irizar hizkuntzalari azkoitiarrak: Azkoitiko abadea zen On Domingori horrela zuzendu zitzaion behin, apaizak komentuetan mutil eta neska koskor asko sartu zituela ikusita: "Zertako hainbeste saxau gonbentotan sartzen? Gero erdixek irten eittebe". Eta On Domingok horrela erantzun omen zion, arrazoi handiz: "Bai, bañe beste erdixek gelditzeiez barruan".

2011n herritarren arreta eta jakin mina piztu zuen gertaera bat ere izan zen Azkoitian: azkoitiar ezagun batek Txurruka etxeko fatxadan gauez pertsona baten aurpegia ikusten zuela zioen. Albiste hori herritarren artean zabaltzen zihoan heinean, ohikoa zen jendea kaletik Txurruka etxeko hormari begira ikustea, irudi hura aurkitu nahian. Istorio hura are gehiago korapilatu zen, herriko historialari eta kronika egile den Juan Bautista Mendizabali gertatzen zena kontatu ondoren, hark ere aurpegi baten irudia paretan garbi antzeman zuenean. Izan ere, historialariak berehala eman zuen aditzera etxe horretan Larramendiko Josefa (1652-1721) ospetsua bizi izan zela. Herrian Ama Josefa deituraz ezagutzen den pertsona horren bizitza, esperientzia paranormalez gain, gertakari misteriotsuz inguratuta egon zen, eta hortik etorri ziren herritarren arteko esames guztiak, haietako batzuek esaten baitzuten paretan agertzen zen irudia emakume bitxi haren aurpegiarena izango zela.
Balda eta Tubalda
Bestalde, Felix Lichnowsky militar eta politikari prusiarra zein Silesiako printzea zenak karlisten alde eginez hartu zuen parte Lehen Gerra Karlistan (1833-1839), eta gerra hartako esperientziak bilduz, oso ezaguna egin zen Gerra karlistaren oroitzapenak 1837-1839 liburua idatzi zuen. Liburu hartan, egilearen asmo nagusietakoa gerraren deskribapena azaltzea izan arren, tarteka euskaldunek eragin zioten harridura ere jaso zuen. Bere liburuko deskribapen bat Azkoitiko herriari buruzkoa da. Horrela dio bere idazkian: "Bertako biztanleak hiru probintziatako ederrenak dira. Izan ere, inoiz ez dut irudi ederragorik aurkitu, eta igandean, meza ondoren, jendea ehunka bildurik dagoenean, ez da ikusten atsegingarria ez den aurpegirik. Emakumeek gerri finak eta lirainak dituzte, oin txikiak, aurpegi erregularrak, espresioz betetako eta betile luzez itzaleztatutako begi handi eta beltzak. Oso ondo pasatu genuen Azkoitian".
Printze hark ez ezik, idazle askok idatzi dute gure herriaz eta bertako biztanleez, eta horien artean badira bat edo beste oso kontu xelebreak idatzitakoak. Lope Martinez Isasti apaiz eta historialari lezoarrak, adibidez, Gipuzkoako historiaren berri jakiteko funtsezko liburua idatzi zuen 1625ean: Compendio histórico de la muy noble y muy leal provincia de Guipúzcoa. Bertan azaltzen dituen asmakerien artean, Azkoitiko Baldako etxearen antzinatasuna egiaztatu nahi zuen, eta horrela idatzi zuen: "Azkoitiko jurisdikzioko etxe eta orube hau hain antzinakotzat jotzen dira, ezen esaten baita Uholde Handiaren ondoren Espainiara etorri zen Noeren biloba Tubal Patriarkaren eraikina izan zela". Idazleak, serio eta benetan azaltzen du baieztapen hori Baldako etxeaz idatzitako lanean, eta epigrafean izenburu zera du: Balda, por otro lado Tubalda.
Egoera bitxien protagonista izan dira, halaber, euskaraz besterik jakin ez eta gaztelaniaz mintzatzea egokitu zaien herritar batzuk. Behin, madrildar batzuk etorri omen ziren herriko baserri batera, eta ziotenez, inoiz ez zuten ikusi txahal txiki bat bere amaren errapetik esnea edaten, eta ukuilura inguratu omen ziren baserritarrarekin. Baserritar hura, bere intentzio onenarekin, honela zuzendu omen zitzaien kanpotarrei: "Sentar, sentar en este ipurtarpe que la chal ver enseguida en errape". Horrez gain, Inaxio Barbero beste pasarte baten protagonista da: Erretore etxe aurrean omen zegoen abarketa egiten edota zorua josten, kanpotik etorritako saltzaile batek berarekin lanean ari zirenei Alberdi Hermanas dendagatik galdetu zienean. Inaxio berehala jaiki omen zen, eta horrela erantzun omen zion: "Allá abajo pareta letra", kalean beheraxeago zegoen dendak paretan zuen errotuluaren berri emanez. Azkoitiko beste istorio batek dio alaba eskumuturreko minez esnatu zela, eta gaur egun soinketa ikasgaira joan behar zuenez, amak idatzi bat prestatu eta bidaltzea pentsatu zuela, alabak gimnasiarik ezin zuela egin adieraziz. Horrela idatzi omen zuen: "Mi hija tiene el muñeco roto". Dirudienez aitari ez zitzaion zuzena iruditu idatzitakoa, eta horrela esan omen zuen: "Gaizki ari zara, el muñeco hankakoa izaten da".
Errebalean Asaneko denda zaharra izan aurretik bertan zen tabernan gertatutako beste pasadizo barregarri batek, berriz, horrela dio. Betikoak ibiltzen omen ziren taberna hartan, eta haien artean, Amadeo, Presalde Zaharra eta beste batzuk. Halako batean, tirabiran hasi omen ziren haietako batzuk, beraien artean gaztelaniaz hobekien nork hitz egiten zuen eztabaidagai harturik. Sestra luzatzen hasi, eta apustua egin omen zuten, hizkuntza horretan trebeagoa zein zen jakiteko asmoz. Apustuari hasiera eman zionak, Bizkargiko tximinia luzea kea botatzen ikustean, "Qué ke" esan omen zuen, han zeudenak harrituta utziz. Elkarri begiratu ondoren, Amadeok hartu omen zuen hitza, honako hau esanez: "Har zak jokautakoa txarri horrek, gu baino gehixo haiz eta". Dirudienez, han elkartutakoen artean lehen hitza hartu zuen hark zuen mailarik handiena, eta berak eraman omen zituen jokatutako txanpon guztiak.
San Martin auzoko Idiakez kalean bizi zen Gazteluneko familiako hiru alaben gertakizun baten berri ematen duen beste pasadizo bat ere bada. Dirudienez, hiru ahizpak oso "modernoak" ziren garai hartarako, eta sarri joaten ziren Donostiara aste bukaeratan. Horrela, egun batean, beraien "klase" hura erakutsi nahian edo, horrela esan omen zioten elkarri: "Tranbian sartzen geanin gerau baino len, salto eingo inau, pueblerinak emateke". Horrela, salto egin, eta azkena han erori omen zen luze-luze. "Joxepa, Ines...", oihu egin hark lurretik, eta ahizpek kasurik ez egitean, atzetik abiatu omen zen belaun biak dena urratuta, "ez al nauzue eroitzen ikusi?" galdetuz. Beste bi ahizpak horrela erantzun zioten guztiz umiliaturik: "Eman diunan lotsikin heuri kaso eingo ginenan".

Beste istoriotxo bat ere bada entzuna, oraingoan, Ascensio Cuende Maltiempo konpittero famatua eta Xabier Arzalluz politikariaren aita zen Felipe Errexil direla protagonistak. Dirudienez, garai baten, Errexileneko eraikina eta Toleneko etxearen artean Txakur-zulora joateko kaletxo bat zegoen, eta ertz hartan egoten zen gau osoan Tolosara goizero ateratzen zen autobusa. Goizeko seietan abiatzen zen, eta Felipe Errexil zen hura gidatzen zuen txoferra. Sasoi hartan, autobus haiek motorra berotu beharra izaten zuten bidaia egin baino lehen, eta Felipek gutxienez ordu erdiz martxan edukitzen zuen, izugarrizko burrunba ateraz. Autobusa abiatzen zen pare hartako etxean bizi zen aipatutako Ascensio Maltiempo, eta halako batean, Felipe Errexil-ek eta biek kalean topo egin zutenean, horrela esan omen zion txoferrak Maltiempori, adarra jo nahian: "Goizeko xeiretan aitze al dezu automobile martxan ipintzetanien Tolosa juteko?". Felipek uste zuen besteak modu txarrean erantzungo ziola esan zionarekin guztiz haserretuta, baina Maltiempok horrela erantzun omen zion: "Bai, Felipe, egunero aitzeiat, oriñela txixez betetzeiat, eta ohien buelta erdixa eiñez, berrize lo eitteiat lasai, hamarrak edo hamaikek arte, eta pentsatzeiat: Felipe gizajue, oiñ Tolosaño junber". Horrela, azkenean, Maltiempok jo zion adarra Felipe Errexili.
Horiek azkoitiarrei buruzko bitxikeria solte batzuk besterik ez dira, azkoitiarrak protagonista izan dituzten gertakari eta pasarte bitxien kontaketa nahi beste luzatzea egongo bada ere. Konta genitzake Azkoitian gertatutako sorgin, mirari eta aparizio istorioak. Kontakizun serioagoak ere konta daitezke, besteak beste, herriko urkamendian zirgilo bat ipiniz borreroa kanpotik ekarri eta zaldi baten laguntzaz lepoa moztu zioten gaizkilearena. Pasadizo berriago moduan, Jorge Oteizak Azkoitiko pilota frontoiak Izarraitz tontorrean bertan eraiki nahi zituela ere konta daiteke. Asko dago oraindik kontatzeko, baina beste batean izango da hori.