Gure herriaren ikurrak

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2025eko abenduaren 16a

Barriken iturria Plaza Berrin egon zenean.

Kepa Alberdik Azkoitiko ikurren inguruko honako ekarpen hau argitaratu du. Haren arabera, San Martingo muinoa eta ermita, euskara, Plazaberri, pilota, Barriken iturria eta beste hainbat ikur dira herriaren "sentimena" adierazten dutenak. 

Zaila da Azkoitiko herriaren berezko ikurrak, beste herrietatik ezberdin egiten duten eta nortasun propioa ematen diotenak, izendatzea. Beti esan izan da, herri baten ikurrek bertako biztanleen sentimena adierazten dutela, eta azkoitiarrok, badugu zer esanik gai honetan, gurea berezko nortasuna duen herria baita; izaera, historia eta kultura ondare berezi baten gordailua.

Normalean aipatu ohi diren sinboloak, besteak beste, banderak, armarriak, izen handiko kaleak edo eraikin ospetsuak izan dira, baina Azkoitian, ikurrik esanguratsuena gure hizkuntza da: euskara, gure artean hizkuntza bizia izaten jarraitzen duena, hizkuntza hori balioesten duen eta mantentzen eta hedatzearen alde lan egiten duen komunitatea duena.

Gure herriko historian atzera eginda, nola ez, San Martingo muinoa eta eliza aipatzetik hasi behar dugu, VII. mendetik aurrera behintzat, bertakoentzat leku sakratua izateaz gain, gure komunitatearen sorrera, herri moduan, leku horretatik baitator. San Martingo ermita bertako kanpai hotsagatik eta erlojuagatik da ezaguna, horiek markatu izan baitute, betidanik, azkoitiarren eguneroko bizitza. Beti bistan dugun ikurra da azkoitiarrentzat, hor jarraitzen baitu bere dorre sendoarekin eta erloju esferekin; bere muinotik, herri honen faro-zaintzaile izaera hartzen du.

Abarketa lanetan Floreaga eraikinaren ondoan. 

Baldako dorrea eta bertako leinua dira herriaren sorrerarekin zerikusia duten beste ikurrak. Bere antzinatasun eta historiagatik gure herriko dorretxeen artean garrantzitsuena izateaz gain, Azkoitiko Ahaide Nagusien etxe bakarra da, Gipuzkoako leinu ospetsu eta zaharrenetakoa, gotorleku izandakoa, hain zuzen ere. Dorretxe hori XII. mendearen amaieran edo XIII. mendearen hasieran eraiki zen, eta bandoen arteko borrokan ganboatarren alde ihardun zuten bertakoek; ordukoa da etxearen aurrealdean ikus daitekeen armarria. Baldatar leinuaren etxea herriko historiako gertaera bortitz eta odoltsuenen protagonista izan zen, eta bere paretek gure historiaren zati garrantzitsu baten lekuko eta gordailu izaten jarraitzen dute.

Baldako dorrearekin batera, Idiakez dorrea edo Etxe Beltz izenez ezagunagoa den eraikina da, garai batean bizi izan ziren gatazka eta gudutara garamatzana. Etxe Beltzeko jauntxoak, idiakeztarrak, XV. mendetik XIX. mendera bitarteko Espainiako gerra ospetsuenetan nabarmendu ziren, beti ere, Espainiako Koroiaren alde, Errekonkistatik Independentziaraino doazen gerretan parte hartuz. Etxe Beltzeko Granadako Dukea izan zen, baita ere, Carlos V. erregegaiaren laguna izanik, hemengo karlisten artean indar handiena zeukana. Carlos V.a askotan izan zen Etxe Beltzen, eta horietako batean, alargundu eta gero, 1838an, bertan ezkondu zen bere iloba eta koinata zen Maria Teresa de Braganza Beirako printzesarekin. Dorre honen fatxadaren koloreak ere zeresana eman du, hortik datorkiolako bere izena. Esan behar da, duela gutxi arte horrela uste bazen ere, ez dela zuzena Bigarren Karlistadan Etxe Beltz eraikina setiatua izan zela eta gero su eman ziotela guztiz belztuta geratzearen ondorioz, gero kolore beltzez margotu zutela.

Azkoitiko parrokian dagoen Cavaille Coll organoa.

Etxe Beltzen eta parrokiaren artean tunel edo pasabide bat zegoen uste zaharra ere herritarren beste asmakizun bat izan arren, badute lotura bat baino gehiago bi eraikin horiek, esate baterako, idiakeztarrek Parrokiako patronatua izan baitzuten bere garaian. Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko Parrokia handikiro nabarmentzen da hirigunean, eta are gehiago, 1946tik aurrera. Izan ere, urte horretan amaitu ziren dorrearen kupula berriaren lanak, zaharra tximista batek suntsitu baitzuen 1943ko martxoan. Parroki horrek balio historiko handia du, funtsezkoa gure nortasun kulturala ulertzeko eta gure iraganarekin konektatzeko. Parrokiaren barruan, 1898ko otsailean estreinatutako Cavaille Coll organo erromantiko-sinfonikoa nabarmendu behar da. Organo hori izen bereko organogile ospetsuak eraikitako azken organoa da eta, esan daiteke gure herrian dugun harribitxi musikala dela.

Parrokia inguratzen duten kaleen eta antzinako eraikinen artean, Plazaberri izenez ezagutzen dugun gunea nabarmendu behar da, San Martingo muinoaren ondoan urte batzuetan egon ondoren, bertan kokatu baitziren lehenengo azkoitiarrak, herriguneko lehen etxeak han altxatuta. Horrela, XIV. mendean abiatu zen etorkizunean hiru etxe ilara eta bi kale izango zituen barruti harresitu haren historia. Bi ate zituen harresitutako eremu txiki hark gure herriaren historia markatu zuen, baina ez du beti orain duen itxura izan, mende hauetan lur eremu hori etengabe eraldatzen joan baita, gertakari aipagarri batzuk tarteko. Esate baterako, 1654an, sute batek bertako ia etxe guztiak erre zituen, eta eraikuntza sendoak bakarrik geratu ziren zutik. Handik bi mendeetara, 1830ean, harresi barrura sartu eta bertatik ateratzeko erabiltzen ziren bi ate handiak eraitsi zituzten eta, 1844an, erdiko etxe ilarako bi etxe erori eta ilara bereko beste etxeak aztertu ondoren, guztiak eraistea erabaki zen. Ordutik egin diren aldaketa batzuen ondorioa da orain Plazaberrik erdian duen zabalgunea.

Etxe Beltz jauregia. 

Gaur egun parroki aurreko zubiaren ondoan dagoen Barriken iturriak ere Plazaberrin izan zuen lehen kokapena 1831n, Etxe Beltz aurrean zen Idiakaiz plazatxoan, hain zuzen ere. Ordukoa da gerora Azkoitiko ikurra bihurtu den iturria. Esan behar da, iturri honek proiektu desberdinak izan zituela. Esate baterako, 1783an, Francisco de Iberok diseinatutakoak letoizko lau txorrota zituen, eta 1830an proiektatutako iturria, berriz, hiru txorrota nagusiz eta jaspe harrizko lau pitxerrez apainduta agertzen zen. Beste proiektu batek, kolore eta mota askotako harriak jasotzen zituen: zokaloa eta azpiko oinarria, Pikoagako harrobiko zenizienta harrizkoak; aska, Erramutxo eta Artxuitxordiko lasto-harriarekin eginak; barrikak eta txarroa, Baldako Santa Mariaren hondakinetatik ateratako harriarekin eginak; idulkia, Txabolazarrako harri kaliza zurizkarekin landutakoa. Azkenean, ordea, Barriken iturria egun ezagutzen dugun gisan eraiki zuten.

Esan dezakegu, kanpotarren begiradatik, Ilustrazioaren bueltan 1764. urtean sortu zen Euskalerriaren Adiskideen Elkartea dela Azkoitiko ikurrik nagusienetakoa. Elkarte horren sortzaile izan ziren Xabier Munibe Peñafloridako Kondea, Manuel Ignacio Altuna eta Joaquin Maria Egia Narrosko markesa azkoitiar aristokratak. Azkoitiko Zalduntxoak deituraz ezagutzen ziren. Hiru lagun haiek Xabier Muniberen etxean antolatutako tertulietan biltzen hasi ziren, eta haiekin batera elkartzen ziren jakituria handiko gizonak. Filosofia ilustratuaren korronteak, gizabanakoaren eraldaketa intelektuala bultzatzen zuen jakintzaren bidez, nahiz eta, garai hartan  inguru oso erlijioso eta tradizionalarekin egin zuen topo. Mugimendu kultural eta intelektual hark haustura soziala eragin zuen, eta Azkoitian sortutako elkarte hura Espainiako estatuko mugimendu ilustratu garrantzitsuena bihurtu zen berehala. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea izan zen, baita ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren batasun sentimental eta politikoa indartzeko helburuarekin, Irurak bat ikurra lehenengo aldiz plazaratu zuen elkartea.

Intsausti jauregia. 

Bestalde, gure herria bereizi duen lanbiderik izan bada, abarketagintza izan da, denbora luzean, abarketen artisau-fabrikazioa izan baitzen ofiziorik funtsezkoena Azkoitiko ekonomian eta gizartean. Abarketa industriari esker ospe handia hartu zuen gure herriak, eta “abarketagileen herria” izenez ezagutu zen hainbeste hamarkadatan. Izan ere, abarketentzako osagai edo abarketak egiten zituzten tailer handiak, txikiak eta familiarrak ziren garai batean herrian; 1940 inguruan, esaterako, horretan aritzen ziren 53 bat lantegi zenbaten ziren herrian. Abarketa lanbide hark bazuen berezi egiten zuen ezaugarri nagusi bat: abarketa industriaren lana osatuz, ia herriko etxe guztietan aritzen ziren heldu eta gazteak abarketak eskuz amaitzen, horiei oinaren forma eman ondoren, gaineko oihala josiz. Lan hori orduko lantokietatik kanpo egin arren, ez zen beti etxe barrutan egiten, eta hor kokatzen zen garai hartako gure herritarren beste ikur bat, oso ohikoa baitzen abarketagileak beren etxeko atarietan “txortan” edo “errefortzaketa” lanetan ikustea, batez ere eguraldiak horretarako laguntzen zuenean. Emakumeek bezala, gizonezkoek ere jarduten zuten lan horretan, eta ohikoa zen herriko edozein txokotan, esate baterako, Plazaberrin, Aingeru Kalen, Goiko Kalen edo Guardi Kalean, lagun talde abarketagileak lanean ikustea, bitartean, besteak beste, ingurukoek maxixatu, abestu edo arrosarioa errezatzen zuten bitartean.

Pilota da gure herriko beste ikur nagusienetariko bat, pilotari esker gure herriak izen propioa hartu baitu. Pilotari on eta mitiko asko eman ditu Azkoitiak, eta hortik datorkio ondo merezitako 'pilotarien sehaska' izena. Era berean, udaletxe azpiko arkupetan dagoen Kontzejupe frontoiak ere bere izen propioa hartua du: Pilotaren unibertsitatea. Izan ere, bertan ernatu eta prestatu dira gure herriak eman dituen pilotari ospetsuak, Azkoitia izan delarik pilotari mitiko gehien eman duen herria. Pilotari on asko ezagutu ditugu, baina, bat aipatzekotan, Atano III.a handia aipatu behar da, hura izan baitzen aurreko mendean, bere kemen eta nerbio biziarekin, ordura arteko pilota joko klasikoa eraberritu zuena. Izan ere, Atano III.a izan zen bere sake, bolea, erresto, ezker eskuarekin jolasteko era ezohikoa eta zituen beste ahalmen eta gaitasun bereziekin pilota mundua irauli zuena.

Orain arte aipatutako ikur guztiek gure herriari bere nortasuna marrazten lagundu badiote ere, bada beti herrietan ikur nagusitzat hartzen den sinboloa, eta hori, herri bateko bandera eta armarria dira. Gure herriko banderak kolore gorria du, eta daraman armarria aspaldikoa bada ere, 1990ean onartu zen ofizialki. Esan behar da, beste leku askotan bezala, Azkoitiko armarria kanpoko lege eta arautegien bidez egindakoa eta garai batean ematen ziren prozesuen bidez gauzatutakoa dela, eta orduan, ezin esan, gaur egun azkoitiarrok, orokorrean, armarri horrekin identifikatzen garenik. Izan ere, gurekin mende batzuk badaramatza ere, ez ditu, berez, gure identitatea, esentzia, sentsibilitatea eta izaera adierazten; ukatu baizik.

San Martingo ermita. 

Azkoitia, bere nortasun eta izaera propioa dituen herria da, eta ikurrina, Gernikako arbola, lauburua, eguzki lorea, argizaiola, euskal makila eta abar gure Euskal Herriaren ikur nagusitzat hartzen ditugun bezala, bere esanahi osoarekin, gure herrian, Azkoitian, aipatutako San Martingo muinoa eta ermita, euskara, Plazaberri, pilota, Barriken iturria eta aipatu gabeko beste hainbat ikur dira, gure sentimena adierazten dutenak. Sinboloen funtzio nagusia, zerbait zabalagoarekin, kidetasun eta lotura zentzua sortzea da eta, gure kasuan, pozik egon gaitezke, bizi garen herri honek eskaintzen dizkigun ikur ugariekin.

Udaletxea eta azpiak kontzejupe.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide