Akordatzen?

Trikitiak Azkoitian izan du arnasgunea

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2026ko urtarrilaren 1a

Ezkerrean, Landakanda, eta eskuinean, Laja.

Kepa Alberdi kolaboratzaileak azaroko Azkoitia Guka aldizkariaren Akordatzen? atalerako idatzitako ekarpena da honako hau: 'Trikitiak Azkoitian izan du arnasgunea'.

Trikitia nondik etorri zen ez dago batere argi, eta bertsio kontrajarriak daude gai horri buruz. Trikitiaz ezagutzen diren lehen erreferentziak XIX. mendearen amaierakoak dira. Beraz, trikitiak mende bat baino gehixeago besterik ez darama gure artean, duen tradizioagatik betidanik gure artean dagoela dirudien arren. Esan daiteke, hasiera hartan, hiri eta herri handietan ez zela errotu, besteak beste, bandak eta txistulari-atabalariak beren tokia hartua zutelako. Soinu txikia landa ingurura loturik geratu zen hasieratik, eta harrezkero, baserri munduarekin oso lotura handia izan du. Izan ere, bizimodu arruntean nahiz ospakizun berezietan hartu du lekurik nagusiena. 

Trikitiaren soinua lurraldez lurralde zabaltzen joan zen, eta laster iritsi zen Azkoitia eta inguruetara. Herriko lehenengotariko trikitilari ezaguna Jose Korta Larrañaga Pastor izan zen, eta harekin batera, Martin Aranzeta Martin Bolero. Haiek ezkontzetan eta askotariko festetan jotzen zuten, eta bazen bien arteko lehia, trikitia nork hobeto jo; ehun pezetako apustua ere egin zuten, nahiz eta azkenean, jokatu gabe geratu. Ondorengo trikitilarik onena, ezbairik gabe, Kandido Beristain Larrañaga Norberta izan zen. Norbetak musika ikasketak zituen, eta musika tresna desberdinak jotzeaz gain, konposatzaile lanetan ere gogoz aritu zen. Bailarako erromerietan eta inguruko herrietan jotzen zuen trikitia izen bera zuen semearekin batera, eta pandero jotzaile bezala, berriz, Baztarrikaldeko Dionisio Isasmendi izan zuen ondoan. Gainera, Gipuzkoako Txapelketa Nagusia irabazi zuten 1933an, 1934an eta 1935ean. Aldi hartako trikitilariak dira, baita ere, Jose Mari Larrañaga Lope, Jose Etxaniz Susteta, Bizente Aldalur, Gabino Zubizarreta, Jose Manuel Aranbarri Madarixa Txikixe, Rafael Azpiazu Izarre-Madariaga, Jose Iraeta Usula, Jose Mari Iraeta Usula, Joakin Arrieta Galdakano eta Luis Alberdi Gaztelu, besteak beste. Haien aldean, berriz, ezagunagoak izan ziren Jose Mari Soraluze Epelde Zaharra, Madariagako Katalotza, Tomas Urrategi eta Laja Zaharra. Pandero-jotzaileen artean, Leandro Unzueta, Antonio Sudupe Egurrola Zaharra, Jose Mari Larrañaga Agirre Txikito III eta Uitteko Txikixe ziren ezagunenak.

Egurrola Zaharra eta Epelde Zaharra. 

Trikitiak ezkontza ospakizunetan eta santa eske egunetan bere lekua hartu bazuen ere, erromerietan izan zuen osperik handiena, bertako ohiko musika bihurtu baitzen. Azkoitiko auzo guztietan antolatzen ziren erromeriak eta inguruko gazte denak igandea noiz helduko zain egoten ziren horietara joateko. Erromeriak, besteak beste, Aizpurutxo, Urrategi, Martirieta, Madariaga, Elosua, Oleta, Irukurutzeta, Larraskanda eta Aittolako gurutzean egiten ziren. Baina baziren erromeri bitxiak egiten zituzten beste leku berezi batzuk ere. Esate baterako, Pentekoste jaietan, Montte baserriko ganbaran erromeria egin ohi zen bertako bi dultzaina jotzaileekin eta danbor jotzailearekin. Zabalotegi baserrian ere antolatzen zuten Santa Kutz jaietan. Baina bereziena Lajan Gabon gauean ospatzen zena zen, bertako Laja zaharrak gau osoan soinu txikia jotzen zuen bitartean, gau pasa egiten baitzuten inguruko gazteek.

Porruek kontatzen du Eurovisión lehiaketara joateko eskutitza heldu zitzaiola Madrildik

Erromerietan jotzen zuten trikitilariak ordaintzeko, dirua bildu beharra egoten zen, eta horretarako, ohikoa zen mutilei txartel bat paparrean ipintzea, pezeta baten truke. Aizpurutxon, berriz, tintaz bustitako zigilu bat erabiltzen zuten esku barrua markatzeko. Neskek ez zuten dirurik erabiltzen, eta mutilek bakarrik ordaintzen zuten.

Erromeria haietan, emakumeak lehenengo piezatik hasten ziren dantzan, mutilak begira egoten ziren bitartean. Behin neskak pare bat pieza dantzatutakoan, mutilak poliki-poliki hurbiltzen hasten ziren dantza korrura. Mutilak neskarekin dantzan egin nahi bazuen, "faborez" eskatu eta dantzan hasten ziren, eta gustura ari baziren, bi pieza batera dantzatzen zituzten; aldiz, hain gustura ez baziren ari, hankarekin elkar ukitu eta apartatu egiten ziren, "gero arte" esanda. 

Erromeriak arratsaldeko bost eta erdiak aldera hasten ziren eta ilunabar aldera bukatu. Baina Martirietako erromeriak, adibidez, apaizak edo bere neskameak kanpaia jotzen zuenean amaitzen zituzten, eta Madariagan ere Zurdoren aittittek kanpaia jotzen zuenean amaitzen zuten. Horren ondoren, neskek berehala etxera joan behar izaten zuten, mutilek ez bezala. Neskak etxeratzerakoan, berriz, "neska laguntzea" izaten zen. Lehenengo, egundoko mutil pila joaten zen nesken atzetik, eta gero, banakatzen joaten ziren heinean, atzean geratzen ziren mutilak berriro tabernara bueltatzen ziren. Etxe laguntzea egiteko eskaera beti mutilen aldetik egiten zen, neskek halakorik eginez gero fama txarra hartzeko arrisku handia izaten baitzuten. 

Bestalde, Eliza, udala eta gobernu zibila baturik zeuden trikitiaren kontrako gerran, eta izan ziren debekatutako erromeriak eta atxilotutako trikitilariak eta dantzariak ere. Izan ere, garaiko Eliza integrista gogor aritu zen dantza lotuaren eta trikitiaren aurka, moral ona aitzakiatzat hartuta. Gerraren ondoren, erromeriak debekatu egin zituzten, eta ezkutuan egiten zituzten; ganbaretan eta antzeko leku klandestinoetan. Apaizek, "infernuko hauspoa" esaten zioten soinu txikiari, eta pandero jotzaileek ere ezagutu zuten zentsura, Elizaren arabera, haietako askok "berdekeriak" besterik ez baitzituzten abesten. Horrela, Martirietan dantza lotua egiten bazuten, apaiza gerturatu eta apuntea hartzen zion bikoteari. Madariagan, berriz, pieza heldua jotzen bazen, apaiza ateratzen zen gurutzea bi eskuekin hartuta, eta han amaitzen zen erromeria. Aizpurutxon, soinu jotzailea Bergarako partean jartzen zen eguraldi ona egiten zuenean, eta dantzariak berarekin izaten ziren, zati hartan dantza heldua egitea baitzegoen. Baina eguraldi txarra bazen, soinu jotzailea Azkoitiko parteko aterpean sartzen zen, eta dantzariek han jarraitzen zuten, Bergarako partean beraien aterkiekin babestuta. 

Hori horrela, gazteak gustura ibiltzen ziren, guardasola eskutan zutela dantza solterik ezin baitzuten egin eta soinu jotzaileak dantza lotuak bakarrik jotzen baitzituen. Izan ere, Aizpurutxon, Goiko Benta tabernako sukaldearen erdi-erdian zegoen Bergara eta Azkoitia arteko muga, erreka handik pasatzen baitzen. Aldi hartan, Garizuman ez zen erromeriarik izaten, eta Aizpurutxon, norbait hiltzen zenean ere ez zen ez musika ez dantzarik izaten hurrengo bi hilabeteetan. Dena den, trikitia elementu aurrerakoia izan zen, eta pixkanaka aurre egin zien debeku erlijiosoei eta sozialei. 

Azkoitian, azkenean, 1955ean, Periko Exkerra alkate zenak eman zuen dantza lotua onartzeko urratsa, zalaparta ederra sortuz herrian. Aurreko belaunaldikoek diotenez, gazte pila hurbildu zen plazara lehen dantza lotuak egitera, eta gaineratu dute harrezkero ez dutela ezagutu halako plazakadarik. 

Dultzaina ere bai

Herrian nabarmendu diren trikitilariengana bueltatuz, handien artean handiena, Iñaki Garmendia Laja izan zen, pandero jotzaile desberdinekin lehenengo sari asko irabazteaz aparte, soinu txikia jotzen irakasten eta beste hainbat arlotan izugarrizko lana egin baitzuen. Belaunaldi horretakoak dira familia bereko trikitilari bikote ezagun martirietarrak ere, hala nola Tomas eta Luziano Soraluze Epelde anaiak, Jokin eta Josu Sudupe Egurrola anaiak eta Tomas eta Migel Zubizarreta Zendoia anaiak. Garai bereko soinu jotzaileak dira, besteak beste, Eugenio Alberdi Zabaleta, Joakin Errasti Epelarre, Juanito Garate Maltzeta, Manolo Arrizabalaga Azpiazu Izer, Jose Mari Arrizabalaga Larrañaga Sakristaue eta Asentsio Lizarralde Arrieta Urkiolei. Pandero jotzaile moduan, berriz, Ramon Zubizarreta Landakanda, Luis Alberdi Zabale txiki, Anjel Larrañaga Sudupe, Migel eta Inazio Zubizarreta Soraluze Zendoia anaiak, Jesus Alkorta Epelde Txato eta Jose Luis eta Luziano Soraluze Balentziaga Epelde Goiko baserrikoak aipatu behar dira, besteak beste.

Goian, ezkerrean, 1930eko belaunaldiko monttetarrak: Jose Mari, Jose eta Xanti Sudupe.

1980ko hamarkadako trikitilari gazteei dagokionez, 1985eko Euskadiko Trikitilari Gazteen lehiaketan txapeldunak izan ziren Jauregi anaiak ezin dira aipatu gabe utzi, eta horiekin batera, Etxeberria eta Uitte zein Imuntzo eta Epelarre bikoteak. Horiek baino gazteagoak ere gogo handiarekin zetozen garai hartan, eta ezin aipatu gabe utzi hiru urtetan Haurren Euskadiko Trikitilari Txapelketa irabazi zuten Xabier eta Ibon Zabale anaiak. Hura hasiera besterik ez zen izan bi anai horientzat, gerora ere txapelketa askotan jantzi baitzuten txapela. Haien garai berekoak dira, baita ere, Iosu Arrizabalaga Telletxea Izer, Aitor Epelde eta Xabier Errasti trikitilariak.

Dultzaina izan da aspalditik Azkoitian soinu txikiarekin eta panderoarekin uztartu izan den musika tresna. Jakinekoa da XX. mendeko azkoitiar dultzaina jotzaile zaharrenak kuendetarrak, monttetarrak, txapatarrak, Maltzeta anaiak, Olan anaiak, xemetarrak eta Korta baserrikoak direla. Tomas Soraluze Epelde edo Porrua gaitzizenez ezaguna den trikitilari handiaren aitonak eta birraitonak ere dultzaina jotzen zuten, eta geroztik, izan dira bide horri jarraitu dioten bakar batzuk: esate baterako, dultzainaz aparte saxofoia jotzen zuen herrian hain maitatua zen Kruz Mari Alberdi Alberdi Poxpi-k. Baina Azkoitiko dultzaina jotzaileez ari bagara, ezin aipatu gabe utzi Martirietako Montte baserria, bertako kideak izan baitira, hamarkadaz hamarkada, dultzaina jotzeko usadioaren transmisioari eutsi diotenak. Aita zenak dultzaina jotzen zuen eta hiru semeek taldetxo bat osatu zuten; haietako bik dultzaina jotzen zuten, eta besteak danborra. Haietan ezagunena Manuel Sudupe Kaxkoie izan zen, eta gaur egun, Asier Ostolaza Montte kimu berria dabil plazaz plaza, dultzainarekin eta panderoarekin bazterrak alaitzen. Aita zena, Kaxkoie eta Montte gazteak, dultzaina jotzeaz gain, tresna horiek egiteko lanetan ere arituak dira.

Laja eta Zabale. 

Emakumeak, gaizki ikusita

Orain arte trikiti jotzaile eta pandero jotzaile gizonak bakarrik aipatu arren, emakumeak ez ziren atzera geratu aurreko mendean, nahiz eta emakume soinu jotzaileak ez izan ondo ikusiak garai haietan. Esate baterako, Antonia Beristain Larrañagak, Kandido Norberta zenaren alabak, aitaren soinuarekin ikasi zuen jotzen, eta Pilar Garmendiak, Laja zaharraren alabak, gerora soinu jotzailerik onena izango zen anaia baino lehenago ikasi zuen soinu txikia jotzen, aitaren eskutik. Haiek eta beste askok soinu txikia normaltasunez ikasteko modua izan balute, gaur egun bezala, ezbairik gabe emakume soinu jotzaile apartak izango ziren. Pandero jotzaileen artean, berriz, Mailu Sudupe Zubizarreta Egurrola da ezagunena, Epelde Goiko baserriko Axun eta Arrate Soraluze Balentziaga ahizpekin batera.

Eta non eta nola ikasten zuten soinu txikia jotzen garai hartan? Normalean irakaslea eta ikaslea aurrez aurre jarri eta "hau horrela jo ezak eta bestea hala" esanaz ikasiko zuten ia guztiek. Irakasle moduan ibiliak dira Epelarre, Kandido Beristain aita-semeak, Zendoia, Maltzeta eta Laja, esate baterako, baina hemen ibili zen irakaslerik ezagunena kanpotik etortzen zen Jazinto Rivas Elgeta izan zen. Gizon berezia zen Elgeta: apopilo moduan egoten zen baserrietan astebete inguruz etxekoren bati soinua jotzen irakasten zion bitartean, eta goizean lo egiten zuen eta bazkalondoren hasten zen irakasle lanetan. Baina esan daiteke herriko trikitilari askok beren kabuz ikasi zutela soinu txikia jotzen, sinestezina dirudien arren. Horrela, Tomas Zubizarreta Zendoiaren emazteak, magnetofoia ematen zuen Lajak Martirietan soinua jotzen zuenean, eta senarrak gero handik ikasten zituen doinuak. Izan ere, irratirik eta antzekorik ez zen garai hartan, eta besteen melodiak erromerietan edo jaialdietan entzun eta gogoan hartzen zituzten, gero etxean soinu txikiarekin doinu berberak ateratzeko. Ondoren, Loiola, Arrate eta Segura irratiak hasi ziren trikiti piezak grabatzeko lanetan, eta, horrek asko lagundu zuen, trikitiaren zaletasuna eta giroa indartzeaz gain, soinu jotzaile batzuk irrati saio horiez baliatu baitziren beren errepertorioa aberasteko. Bere garaian irratiek eta txapelketek zerikusi handia izan zuten trikitia sustatzeko zereginean. Gauzak asko aldatu dira, eta orain, esate baterako, Bizkargi musika eskola dago, eta Xabier Alberdi Zabale urte askotan ari da han lanean, soinu txikiaren transmisioari bidea eskainiz.

Bestalde, trikitiaren munduan bada hainbat pasadizo eta kontu xelebre, eta Azkoitiko trikitilariek ere badituzte horrelako nahi beste. Esate baterako, Tomas Soraluze Porruek kontatzen du Eurovisión lehiaketara joateko eskutitza heldu zitzaiola Madrildik. Bost lagunek joan behar omen zuten grabazioak egitera, eta noski, erdaraz abestu behar zutela ipintzen zuen gonbidapenean. Eskerrak Azkoiti aldean geratu ziren! Beste batean, Tomas Porrue eta Egurrolaren anaia joan omen ziren festa batzuetara trikitia jotzera eta han ikusi omen zituzten bi aizkolari "zeharo txarrak" beren lanak egiten. Porruek eta Egurrolak, "geuk jokatu behar zieagu" esan zioten batak besteari. Azkoitiarrek irabazi egin zuten, eta tokikoak haserre geratu zirela dirudi, ez baitzieten berriro deitu trikitia jotzera joateko. Joakin Errasti Epelarrek ere kontatzen zuen, behin Iturbiderekin Errenteriara joan eta kalejiran zenbiltzala, jendearen ordez txakur batzuk hurbildu zitzaizkiela eta kalejira osoa haien laguntzarekin bakarrik egin zutela. Hura nahikoa ez, eta dirudienez, hurrengo eguneko egunkarian letra handiekin eman zuten gertaera barregarri haren berri. Beste batean, Migel Alberdi Uitte bere anaia Patxi perkusionistarekin joan omen zen Arratera grabaketa bat egitera. Patxik jotzen zuen botila ez mugitzeko zerbait prestatu nahi, eta Migelek, botila, txapa eta antzeko zazpi-zortzi gauza xelebre jarri omen zituen lau hankadun ohol zati bati lotuta, tartean baita sega-potoa ere. Arraten denak txundituta geratu omen ziren, munduan horrelako beste musika tresnarik ez zela eta. Seguru ezetz!

Kandido Beristain soinu-jole txapeldunari omenaldia 1935an. Erdi-erdian Beristain bere emaztearekin.

Aurreko mendean, Azkoitiko auzo guztietan ziren soinu jotzaileak eta pandero jotzaileak, baina Azkoitiko eta beste leku hainbatetako erromeriak iraganeko oroitzapen gisa geratu dira, nahiz eta oraindik badauden horiek ospatzen diren leku bakan batzuk. Argi dagoen moduan, aurreko belaunaldietako trikitilariek, beren nortasun xumearekin, lan handia egin dute, eta izugarria da utzi duten ondarea. Hori kontuan hartu behar dute gaur egun trikitiaren munduan murgilduta daudenek, aurrekoak zer izan diren eta zer utzi duten gogoan hartu behar dute bide beretik jarraitu ahal izateko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide