Baldako dorretxea eta bertako leinua

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2025ko urr. 8a, 09:00

Balda etxea, artxiboko irudi batean.

Kepa Alberdik Balda etxearen sendia, historia eta hango pasarteak jaso ditu honako artikulu honetan. 

Gaur egun desagertuta dagoen bizitzeko modu eta kultura baten lekuko dira dorreak, baina orain ez bezala, garai batean, gizarte, ekonomia eta kultur balio zehatzen multzo batekin identifikatzen ziren; arrakasta sozial eta ekonomikoa zuten familiekin, hain zuzen ere.

Azkoitiko dorretxeen artean Baldako dorrea da garrantzitsuena, bere antzinatasunagatik eta historiagatik. Azkoitiko ahaide nagusien etxe bakarra da, eta era berean, Gipuzkoako leinu ospetsu eta zaharrenetako baten erdigunea. Baldako dorretxea Erdi Aroan eraiki zen, XII. mendearen hondarrean edo XIII. mendearen hasieran. Hastapenean gotorlekua izan zen, bandoen arteko borroketan ganboatarren alde borrokatu zuten dorrerik garrantzitsuenetakoa, eta garai hartakoa da etxearen aurrean ikus daitekeen armarria. Bertako leinua, baldatarrena, gure herrian izandako pasadizo beltz eta odoltsuenen protagonista izan zen, baldatarrek hainbat gerra, arpilatze, elizen profanazio, heriotza eta beste hainbeste gertaera bortitzetan parte hartu baitzuten.

Balda etxekoek bandoen arteko gerra hartan parte hartze zuzena izatean, 1318an, oinazterrek su eman zieten Baldako dorreari eta bertako elizari. Ekintza hartan, Balda etxeko jauna zen Juan Martinez Balda eta bere seme Pedro Ibañez Balda hil zituzten. Azken haren semea bizirik atera zen, hura hazten zuen emakumeak bere etsai oinaztarrengandik ezkutatu zuelako, Urruzola errotara eramanda, handik Elgetara, eta ondoren, Bizkaira.

Bandoen arteko istiluak ugariak izan ziren hurrengo urteetan ere, eta Otxoa Lopez Balda ahaide nagusia izan zen Usurbilen egin zen bigarren borrokaldian oinaztarren aurka borrokatu zuena. Izter-zainak ebaki zizkioten, eta bereek hiltzat hartu eta etxera ekarri zutelako salbatu zioten bizitza. 1387an, Fortuno Balda izan zen ganboatarrekin Bizkaiko Marzanaren etxea erretzera joan zena. Hurrengo mendean ere erasoaldiak eta bestelako gertakari lazgarriak bizi izan ziren inguru hauetan, eta giro gaizto hura medio, Urtiz Balda ganboatarrak Lazkaoko jauregi oinaztarra eraso zuen, eta bertako oinordekoa bere amaren besoetan hil ondoren, garai hartan aurkako bandoko emakumeekin ohi zen moduan, ama berari gona moztu zioten, iraina oraindik eta gehiago areagotuz. Gabonetan, oinaztarren dorretxeari sua eman, eta ahaide nagusia ez ezik, beste bederatzi lagun ere hil ziren. Lazkanotarren ume hilketa hark 1420ko izan zuen mendekua, Lazkaoko jaunaren aldekoek Azkoitira etorri eta Baldako jauregia erretzeaz gain, Fortuno Balda ahaide nagusia hil eta herrian triskantza izugarria egin baitzuten. Eraso horretan, ganboatarrentzat prestatuta zegoen gisatua jan eta eltzeak buruz behera ipini omen zituzten, mespretxu gisa.

Baldatarren armarria Balda etxeko fatxadan.

Handik urte gutxira, 1446an, Ladron Balda ganboatarrak bere guda-gizonekin Juan Lopez Lazkao oinaztarraren taldea eraso zuen Zumarraga aldean. Oinaztarrak garaile atera ziren, eta berriro ere, baldatarren dorretxea erretzeaz gain, Azkoitiko herriaren zati handi bat ere erre egin zuten. Guztira, hirurogeita hamar lagun eta hamabi nagusi hil zituzten. Hurrengo bi urteetan bi taldeen arteko guduak errepikatu ziren. Ladron de Balda azkoitiarra hurrengo urteetako gatazketako kroniketan ere ageri izan zen eta 1447an Berastegi inguratzeko ekintzan eta 1448an Arrasateri su ematean parte hartze zuzena izan zuen hark ganboatarrekin.

Herriko jendea jauntxo haiekin borrokatzera behartuta zegoen kasu askotan, eta hainbeste urteko borrokaz nekatuta, jauntxoen kontra jartzera heldu ziren azkoitiarrak eta beste herri askotako biztanleak. Beste aldetik, Gipuzkoako 18 buruzagi bandokideek elkarren arteko ika-mikak alde batera utzi, eta 1456ko uztailaren 31n erronkako deia iltzatu zuten Azkoitiko atean. Erronka publiko hura hiribilduetako buruzagiei eta botere hasiberriei zuzenduta zegoen, haiek arma zitezen eta norgehiagoka dueluan ebatz zedin haien arteko etsaigoa. Ekintza harekin, probintziak bandokideekin zeukan gatazka punturik gorenera iritsi zen. Hori horrela, ganboatarren eta oinaztarren arteko istiluek gizartean sortzen zuten arriskua eta ezinegona ikusita, herri desberdinak bildu eta Gaztelako Enrique IV.a erregearengana jo zuten, arazoari irtenbide bat aurkitu nahian.

Puntu hartara helduta eta lur hauetan bere interesak kaltetuak zirela ikusirik, Enrique IV.a Gaztelakoak esku hartze zuzena izan zuen auzian. Ahaide nagusiek garesti ordaindu zuten beren harrokeria eta kondenatu asko izan ziren; haien artean, Baldako jauna. Lehenik, 1456an, beste dorre asko bezala, Baldako dorrea lehen solairuraino eraitsi zuten, haren izaera militarra suntsituz. Bandokideen dorreei goiko partea mozteak esanahi argia zuen: gizarte eredu bat bestea garaitzen hasia zen. Ondoren, 1457an, bertako jauna zen Ladron Balda Granadako erresumaren mugan zegoen Ximena de la Fronterara erbesteratu zuten beste buruzagi askorekin batera, eta haien artean zegoen Jesusen Lagundiaren sortzailea izango zen Loiolako Inazioren aitona. 1460an deserria barkatu zitzaien lau urte lehenago hemendik bidalitakoei, baina Ladrón de Balda 1457an atzerrian zegoela hila zen. Baldako eraikinari dagokionez, handik urte batzuetara berreraiki zutenean, itxura zibila eman zioten, adreiluzko bi solairu gaineratuz eta, gerora, aldamenetan beste bi gorputz gehituz.

Baldatarren leinuak botere handia izan zuten mendeetan zehar, eta horren erakusgarri da, Baldako Andre Maria elizako patronatua luzaroan etxe horretako jaunen eskuetan egon zela. Baldako eliza hori lehenik Zaldun tenplarioena izan zen, eta ordena hori desagertu zenean Gaztelako Koroara igaro zen; hark eman zion Baldako etxeari bere patronatua. Balda elizako patronatua lurralde hauetako errenta handienetakoak eman zituena izan zen beti, eta bera zuzentzen zuen jaun baldatarrari, beste biztanleei baino estatus sozial handiagoa aitortzen zitzaion. Baldatar zaindariak Elizan gurtza bermatu behar zuen, eta horren truke, zenbait eskubide aitortzen zitzaizkion, hala nola, tenpluko lekurik nabarmenenetan esertzea eta lurperatzea, edo leinuaren armarria tenpluaren leku gailen baten jartzea. Patroi gisa, elizkizunetarako eta bestelako ekimenetarako behar ziren elizgizonen artean banatu behar zituen hamarrenak ere jasotzen zituen herritarrengandik, baina, normalean, patroiak beren onurako erabiltzen zuen diru hori. Baldako eliza hura izan zen herriko parrokia, XVI. mendean Bastarrika familiaren lurretan gaurko eliza eraiki zuten arte. 1509an izan zen eliza batetik besterako Sakramentuaren aldaketa eta gertaera larriak izan ziren zeremonia hartan, kondairak dioenez, baldatarren arkabuzak tiroz hil baitzuen herriko erretorea, hura aldareko Sakramentua lekuz aldatzen ari zenean.

Balda etxeko kaperatxoa.

Bestalde, garai hartan, lurralde hauetako jauntxoek hainbat modutan zerbitzatzen zuten Gaztelako erregea, eta Balda etxeko zenbait jaunek ere hala egin zuten, morroi edo agindupeko gisa. Horrela, Pedro Lopez Baldak Gaztelako Alfonso XI.a erregeari zerbitzatu zion, Ladron Balda Gebara, berriz, Gaztelako Enrique IV.a erregearen morroi izan zen eta Juan Garcia Baldak errege hori eta, ondoren, Errege Katolikoak zerbitzatu zituen. Oinordetza-lerroan, Hernando Balda Ganboak jarraitu zion aurrekoari, eta, hark bere zerbitzariekin batera, Errege Katolikoak zerbitzatu zituen Nafarroako konkistan, 1512an Belateko guduan, 1521ean Noaingo guduan eta 1524an Nafarroako azken gotorlekua izan zen Hondarribia hartzeko guduan.

Baldako etxean izen bereko leinua bizi izan zenm, eta etxe horretako lehen jauna, XIII. mendean bizi izan zen Martin Balda izan zen. XV. mendera arte, familiako gizonak izan zituen oinordeko, 1457an Ladron Balda jauna, erbesteratuta zegoela, oinordekorik gabe hil zen arte. Haren iloba zen Maria Saez Lastur y Baldak hartu zuen bere oinordekotza. Maria, Ondarroako Martin Garcia Likona jaunarekin ezkondu zen, eta horrela, azken hura Baldako jaun berria izatera pasatu zen. Hark, Gaztelako erregeak eraitsitako eta Ladron Baldaren gobernu txarragatik zorrez betetako Balda etxea berriro indartu zuen, eta erregearen zigorraren bidez galdutako patronatua berreskuratzea lortu. 1459. urtetik aurrera, Martin Garcia Likonak eta bere emazteak Baldako etxea berreraiki zuten, lehen zuen defentsa-estiloa alde batera utziz. Zortzi urte geroago, bien alaba, Marina, Beltran Loiolakoarekin ezkondu zen. Horrela, bi leinu batu ziren: Loiola eta Balda, zeinak hamarkada askotan aurrez aurre egon zirenak, oinaztarren eta ganboatarren bandoei atxikiak, hurrenez hurren. 1491n jaio zen bikote haren azken umea Loiolako Iñigo izan zen, gerora Loiolako San Inazio izango zena. Esaten da, Loiolako San Inazio Baldako etxean jaio zela, garai hartan ohikoa baitzen erditzera zihoana amaren etxera joatea, hark alabari bere haurdunaldiko azken asteetan, erditzean eta ondorengo errekuperazioan lagun ziezaion. Hori horrela, Loiolako San Inazioren ama Balda etxean jaio zenez, santuaren ohorezko kapera eraiki zuten bertan.

Azken mendeetan, Baldako etxeak izan duen erabilera ez da batere egokia izan. Izan ere, bere historia luzean, Gaztelako erregearen aginduz suntsitu eta berreraiki ondoren, tropa frantsesak bertan bizi izan ziren Konbentzioko gerra hona iritsi zenean, eta oso egoera kaxkarrean utzi zuten. Urte batzuk geroago, berriro ere, frantsesak heldu ziren bertara, oraingoan Napoleonen tropak eta, segidan, bi gerra karlisten ondorio larriak jasan zituen.

Ezin dugu aipatu gabe utzi 1880ko hamarkadan Frantziatik etorri zen Aita Crost jesuitak idatzitako dokumentu batzuetan oinarritutako hipotesi bat: dirudienez, gizon hura hemen inguruko hainbat dokumentu aztertzen ibili zen, eta egungo Baldako etxea eta antzinako Baldako dorrea ez direla eraikin bera esaten duen ondoriora heldu zen. Horren arabera, Baldako dorre zaharra zegoen tokian baratze batzuk egon ziren geroago, eta ondoren etxe bat eraiki zen. Etxe hori Baldatxo baserria izan zitekeen, garai baten Baldako eliza zaharra zenaren portikoaren aurrean dagoena, gaur egun herriko hilerria dagoen aurrean, alegia. Baina oraindik hipotesi hutsa da bakarrik, eta horretan utziko dugu.

Gaur egun, Baldako etxeak garai batean Azkoitian zen familia garrantzitsuaren lekuko izaten jarraitzen du. Bere pareten artean, gure historiaren puska handi bat gordetzen du, eta orain guri dagokigu, herri gisa, berak guretzat duen esanahi guztia gorde eta zaintzea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide