Udal ordenantzak udalek onartutako arau juridikoak dira eta toki eskumeneko gaiak arautzea dute helburu. Tresna horiek tresna legalak dira, udalerriek autogobernua izateko eta beren baliabideak eta zerbitzuak eraginkortasunez administratzeko aukera ematen dietenak. Ordenantzen helburua bikoitza da: alde batetik, biztanleen bizi-kalitatea hobetzea eta, bestetik, tokiko politika publikoen ordena eta horiek betetzea bermatzea.
Merkataritza ordutegien erregulaziotik hasi eta hondakinen kudeaketa eta parkeen kontserbaziora arte, ordenantzek komunitatearen ongizaterako eta antolaketarako funtsezkoak diren hainbat alderdi biltzen dituzte. Gaur egun, udalean onartutako ordenantzetatik datozen araudien arabera funtzionatzen jarraitzen badugu ere, araudi horiek ez dute zerikusirik aurreko mendeetan onartutako ordenantzekin. Mendeetan zehar gure gizarteak izandako aldaketa sakonen ondoren, ulertezinak zaizkigun hainbat bitxikeriez beteta daude gure arbasoek bete behar izan zituzten agindu haiek. Horren adierazle zuzenak dira 1413. urtetik 1925. urtera bitartean Azkoitiko ordenantzek diotena.
Aurreko mendeetan hartutako neurri esanguratsuenak, herriko garbitasunean eta higienean, saltzen ziren produktuen kontrolean, ikastetxeetan irakasteko jarraibideetan, merixuen eta gauzainen zeregin eta betebeharretan, ordena publikoan eta, batez ere, azkoitiarren erlijiotasunean eta moraltasunean oinarritzen ziren.
Garbitasuna
Ordenantza guztietan garrantzi handia eman zaio herriko kaleak eta etxeak garbi mantentzeari. Hori dela eta, erabat debekatuta zegoen ur zikinak edo pixak kalera botatzea eta balkoietatik alfonbrak eta arropak astintzea; udan 07:00etatik eta neguan 08:00etatik aurrera zegoen zeregin horietarako ordua finkatuta (1915 urtea). Era berean, plazako garbitokian ezin zen inolako zaborrik bota, ezta okelik edo arrainik garbitu ere. Araudi hura ez betetzeagatik 500 marabediko isuna ezartzen zuten, erdia erregearentzat eta beste erdia erdibana banatzen zuten salatzailearen eta udalaren artean (1573 urtea). Herriko kaleak ere egunero garbitu behar ziren eta garbitegiak eta abereentzako askak, ,aldiz, astean behin (1915 urtea). Herriko establezimenduek, modu berean, hainbat betebehar zituzten lokalen garbitasunari dagokionez. Esate baterako, tabernak, harategiak eta arrandegiak egunero ikuskatzen zituzten infekzio-fokuak saihesteko. Tabernei buruzko araudiak, gainera, jateko eta edateko ontziak garbitzeko ur-korrontea zuen marmolezko mostradore bat izatea eskatzen zuen eta, lokaleko hormak eta sabaiak gutxienez urtean bi aldiz karez zuritu behar izaten zituzten (1915 urtea). Ostatuetako logelak ere urtero zuritu behar ziren karearekin eta debekatuta zegoen paretetan papera ipintzea, bertan hauts asko biltzean intsektu eta larben biltegi bihurtzen zirelako (1915 urtea).
Animalien zaintza
Ordenantzetan, betidanik aipatu izan da animalien zaintza, hauek gaixotasunak transmititzen dituztelako. Garai batean, ohikoa zen, herriko kaleetan era askotako animaliak aske ikustea, jabeen inolako kontrolik gabe. Horregatik, hori eragozteko neurriak hartzen zituzten. Horrela, bereziki txerriak eta txakurrak leku publikoetan aske ibiltzea debekatzeaz gain, azken horiei beste neurri batzuk ere ezartzen zitzaizkien. Esate baterako, txakurren artean gaixotasun epizootikoren bat agertzen zenean, beraien jabeek hauek lotuta edukitzeko agindua zuten, eta leku publikoetan abandonatuta aurkitzen zirenak hil egiten zituzten.
Era berean, txakur bat hidrofobiaz erasota zegoela susmatzen bazen, txakurraren jabeak, beharrezko neurri guztiekin, herritik kanpora atera eta hil egin behar izaten zuen. Hori gertatzen zenean, herriko txakur guztiak lotzeko eta giltzapetzeko agindua zegoen, eta ezin ziren jabeen etxeetatik atera agindu berria jaso arte (1895 urtea).
Elikagaien eta edarien kontrola
Duela gutxi arte, administrazioak ez zituen elikagaien eta edarien ekoizle, hornitzaile eta jatorri puntua kontrolatzen eta, beraz, produktu horien kalitatea, osagaiak, pisua eta abar, ez zetozen bat haiengandik espero zenarekin. Horregatik, herriko udala arduratzen zen, ordenantzen bidez, produktu horien kalitatea kontrolatzeaz eta, gutxienez, oinarrizko produktuen kontrol ahalik eta zehatzena egiteaz. Horrela kontrolatzen ziren, adibidez, salmenta postuetako sagardoa, esnea edo ardoa, ohikoa baitzen hauen edukia handitzeko, ontzietan edo botiletan ura gehitzea. Hornitzaileei arau hausteagatik ordaindu behar zuten isunaz gain, ureztatutako sagardoa erretiratu egiten zitzaien herriko pobreen artean banatzeko (1573 urtea).
Ogiaren pisua ere asko kontrolatzen zen herrian, baita haren kalitatea ere, pisua irabazteko, beste osagai batzuen artean, eskaiola gehitzen zionik ere bazelako.
Halaber, bazen lehen orduan azokara arrain fresko guztia erostera joaten zena ere, gero prezio altuagoan saltzeko (1573 urtea). Egoera horiek eta antzeko asko ziren kontrolatu beharrekoak ordenantzen araudien bitartez, herritarrek zituzten premiek adimena eta pikardia asko zorrozten baitzituzten.
Erlijio ospakizun garaiak
Elizak ezarritako moraltasunarekin lotutako neurriak eta debekuak ere garai bakoitzeko ordenantzetan txertatzen ziren. Horrela, igandeetako meza denboran, herritarrak ezin zuten ostatuetan eta tabernetan egon, eta erabat debekatuta zegoen pilotan edo beste edozein jokotan aritzea, bai udaletxeko arkupeetan, bai gainerako leku publikoetan ere (1720 eta 1895 urteak).
Derrigorrezkoa zen, baita ere, jai berezietan udala funtzio erlijiosoetara joatea, merixuek lagunduta (1895 urtea).
Era berean, prozesioek irauten zuten bitartean, bertan parte hartzen zutenek eta, parean zeuden gizonezkoek, txapela kenduta burua agerian behar zuten eta ezin zuten ez erre ez ozen hitz egin. Horretaz gain, prozesio garaian, salmenta establezimenduetan ezin zen salmentarik egin.
Jai egunetan, halaber, Elizaren baimenik gabe lan egitea debekatuta zegoen eta, dendak, goizeko bederatziak arte baino ezin ziren ireki (1895 urtea). Nola ez, legeek baimentzen zuten gaztigurik handienaz zigortzen zituzten, Jainkoaren, Ama Birjinaren, santuen, dogmen eta gauza sakratuen aurka gaizki esaka edo biraoak esaten jarduten zuten edonor (1895 urtea).
Eta zer esan dantza desberdinen debekuaz? Esate baterako, garai batean, ezin zen Avemaria ondoren dantzatu eta, “dantza lizunak eta, morala eta ohitura onak iraintzen zituen beste edozein ekintza” ere debekatuta zeuden herriko jurisdikzio osoan, horien artean “baltseoa” izenez ezaguna zen dantza lotua (1895 urtea).
Ikus daitekeenez, garai bakoitzean moraltasuna betetzearekin zerikusia zuen araudia oso zorrotza zen eta, neurri gogorrak hartzen ziren, baita erreketan edo presatan modu “desegokian” bainatzen zirenekin ere, duintasun, zintzotasun eta moral publikorik eza argudiatuz (1895 urtea).
Herriko ordenantzak ziren, baita ere, eskoletako funtzionamendua arautzen zutenak eta, kasu honetan ere, doktrina eta otoitzak ziren eskola-orduen bilakaera zehazten zutenak. Horrela, maisuak, arratsaldero, arrosario santua errezarazi behar zien ikasleei eta, larunbat arratsaldea baliatzen zuten doktrina errepasatzeko. Ordenantzek ideia honetan oinarritzen zuten ikaskuntza mota hau: “Para que de tierna edad y por este medio vayan acostumbrándose a una cosa tan piadosa y a la devoción de la Santísima Virgen”. Era berean, maisuei honako betebeharra ere ezartzen zitzaien: maisuak, ikasleak jaiegun guztietan elizkizunetara joan daitezen ahalegindu behar du, hala nola meza nagusira, sermoi eta platiketara, salbera eta abar. Arduragabeak diren ikasleak eta ofizio horietan behar bezalako debozioarekin ez daudenak zigortzera behartuta dago maisua (1768 urtea).
Kaleko jarrerak
Udazkenean eta neguan 21:00etatik aurrera eta, udaberrian eta udan, 22.00etatik aurrera, debekatuta zegoen kalean bakarrik edo taldean garrasika ibiltzea, edozein motatako kantak abestea, zentzerradak egitea edo liskarrik izatea.
Zigortzeko arrazoiak ziren, baita ere, elkarrizketa lizunak izatea, txistua jotzea edo pertsona bat hitzen edo keinuen bidez gogaitu edo iraintzea. Zigortu egiten ziren, halaber, herritarrei kalteak eragin diezazkieketen era guztietako jolasak, harri botatzen ibiltzea, adibidez; gurasoak edo tutoreak ziren haien seme-alabek eragindako kalteen erantzule zibilak. Desordenak edo eskandaluak eragin zitzakeen mozkorrak ere ezin zuen kalean edo beste edozein leku publikotan ibili. Merixuek haiek atxilotu eta herriko kartzelara eramateko ordena zuten. (1895 urtea).
Merixuek eta gauzainen arauak
Bai, merixuek eta gauzainek oso egoera desberdinei aurre egin behar izan diete garaian garaiko ordenantzen araudiak aplikatu eta betearazteko. Baina, aldi berean, merixuek eta gauzainek zorrotz bete behar izan dituzte beraientzat ordenantzetan espresuki idatzita zeuden artikuluek esandakoa. Ordenantzen arabera, adibidez, gauzainek ezin zuten zerbitzu orduetan, ez bere etxean eta ez beste inoren etxean sartu inolako aitzakiatan. Era berean, ezin zuten jendearekin kalean hitz egin, beren lana alde batera utzita.
Beren eginbeharrik bitxienen eta, era berean, garrantzitsuenen artean, 40 eta 50 pauso ematen zituzten bakoitzean, ordu eta erdiak eta eguraldia ahots argian eta ulergarrian iragartzea zegoen. Ordua esaterakoan, “Ave María Purísima” ere esan behar zuten. Horrela, ohikoa zen, adibidez, hauen ahotik “Hamabi eta erdiak, Ave María Purísima eta euria hasten du” iragarpena entzutea (1867 urtea).
Merixuek gauzainak baino hobeto prestatuta egon behar zuten eta, horregatik, baldintza zorrotzagoak eskatzen zitzaizkien. Hautagaiek behar bezala irakurtzen eta idazten jakin behar zuten eta aritmetikaren funtsezko lau eragiketak ezagutu. Horrez gain, 25 urte baino gehiago eta 50 baino gutxiago izatea eskatzen zitzaien, eta herriko erretoreak eta alkateak emandako ziurtagiriaren bitartez ordura arte izandako jokabide ona egiaztatu behar zuten. Era berean, merixua izan nahi zuen hautagaiak, herriko medikuak sinatutako agiri bat aurkeztu behar zuen, lan hura betetzeko gauza zela egiaztatzen zuena.
Bestalde, ordenantzetako artikuluetan argi eta garbi azaltzen zen, merixuek beti kendu behar zutela burukoa irudi sakratuen prozesioetan eta Sakramentu Santuaren aurrean aurkitzen zirenean. Era berean, bandera nazionalari, alkateari, zinegotziei, merixu buruei, apaizei eta agintari zibil zein militar orori agur egitera behartuta zeuden. (1867 urtea).
Herriaren eguneroko jarduera kontrolatzen zuten ordenantzen barruan, beste arau asko izenda daitezke, hala nola, eskaleekin hartutako neurriak, edonolako funtzio edo bilera iragartzeko baimenak, miserikordiako funtzionamendua kudeatzen zuen araudia eta abar. Azken batean, ordenantzek argi eta garbi bereizi dute Azkoitiko gizarteak bere bizitzako garai bakoitzean izan duen izaera eta nortasuna, mendeetan egin duen bidea marraztuz.