Kuadrillak beti ikusi izan dira lur hauetako nortasun ikur moduan, eta Azkoitiko gazteek ere hamarkada asko daramatzate herriari hainbeste bizitza ematen dioten talde horiek osatzen. Horrela, atzera begira jarri eta 70eko hamarkadako urte nahasi eta mugitu haietan kokatuz gero, berehala ohar daiteke bat zein ohikoa zen herriko kaleetan mutil edo neska gaztez osatutako kuadrilla anitz ikustea. Garai hartan, normala zen herri bakoitzean besteetatik bereizten zen kuadrilla bat egotea, izan kide kopuruagatik, adinagatik edo herriko festetan eta gainerako ekintzetan laguntzeko dinamikagatik. Azken arrazoi horrengatik eta kuadrilla osatzen zuten lagun kopuruagatik eman zen ezagutzera Azkoitian, 70eko hamarkadaren bigarren erdian, gerora hain ezaguna izango zen Zuloa kuadrilla. Bertako hainbat kiderekin izandako elkarrizketek garai hartako gazte bizipenak gogora ekartzeko bidea ematen dute.
Hiruzpalau lagun talde batuta sortu zen Zuloa kuadrilla, eta Ipar kalean koka daiteke lagunarte horren hastapena. Kale horretan zen kuadrillara joan ziren hurbiltzen herriko beste talde batzuetako mutilak; batzuk txistua jotzen ezagututakoak, besteak futbolean lagun egindakoak... Baina haietako askoren kidetasuna Anaitasuna mendi elkarteak antolatzen zituen mendi irteeretan izandako harremanetatik zetorren.
Lagun haietako batzuek udaleko festa batzordean parte hartzen zuten: Mirari Etxeza, Pili Aitza eta beste batzuekin batera, haiengandik etorri zen txaranga bat sortzeko ideia. Txarangari izena ipini behar eta Aitor Frantsesa-k eman zuen aditzera Ermuko (Bizkaia) txarangak Zulua izena zuela. Beste lagunei izena gustatu, eta zerbait aldatzeagatik Zuloa izena ipini zioten. Gerora, hortik etorriko zen 40-45 lagunek osatutako kuadrillaren izena ere. Herriko txaranga ofiziala Xoxote zen, baina urte hartako andremarietan Kertena eta Zuloa izeneko txarangak ere atera ziren. Zuloakoek 1977an atera zituzten lehenengo kamisetak Zuloaren izenean. Gerora, herrian hain ezagunak izan ziren alkandora berdeak egin zituzten Donostiako Moro izena zuen denda batean, eta turutak ere Donostiatik ekarri bazituzten ere, horien aurreko konoak Josu Ixkurre-ren aitaren lantokian prestatu zituzten. Txaranga Koldo Ape-k zuzentzen zuen, opor batzuetan Cambrilsetik (Katalunia) ekarritako frak moduko marrazkia zuen kamiseta bat jantzita. Txaranga hari bultzada handia eman ziona Joetxo Salegi izan zen, kuadrillako kide alai hura beti lehena baitzen lagunartean gauza berriak egiteko ahaleginean ibiltzen. Bera izan zen, hain zuzen, Zuloa txarangaren abesti honen letraren egilea: "Ai, ai, ai Zuloatarrak gera, ai, ai, ai gu gazte talde bat. (Berriz). Zuloatarrak gera, gu gazte talde bat, jendia poztutzeko azaldu egin gera. Kalian gora behera ibiliko gera, ta gurekin batera turutazaleak. Ai, ai, ai Zuloatarrak gera, ai, ai, ai gu gazte talde bat. (Berriz). Festa egun hauetan, guk libre daukagu, kalian ibiltzea neska baten bila, baina guk ezin degu neskaik inguratu eta horregatikan beltza erango degu".
Andremarietan txarangarekin festan parte hartzeaz aparte, Zuloakoek egun bat hartzen zuten mozorrotzeko, eta normalean bakoitza bere aldetik mozorrotzen bazen ere, urte batean ezkontza bat ere antzeztu zuten taldean. Beste batean, "kontrafesta" prestatu zuten, udalak andremariak egun bat gutxiagoz antolatu zituelako: horrela, goizerdi aldera atera ziren txarangarekin, eta eguerdirako taldeko bazkaria antolatu zuten Etxe Aitzen; Joxe erretegitik eraman zituzten mahaiak eta bazkaria. Seguruenik, festetako kuadrillen bazkariaren ohitura Zuloakoek hasitakoa izango da. Bestalde, esan behar da Zuloako lagunek parte hartze handia izan zutela herriko hainbat egitasmotan, hala nola udaleko festa komisioetan, Loiolan lehenengoz antolatu zen Kilometroak jaian, ikastolaren alde dirua biltzeko prestatzen zen tabernan eta Aita Santua Loiolara joan zeneko lanetan.
Herriko festaz aparte, mutil haiek oso gogokoak zituzten inguruko herrietako festak, batez ere berbenak. Zuloakoek Egan Azpeitiko musika taldea zuten gogokoen eta beraiena zuten Egan taldea non, Zuloa han! leloa. Berbenak nonahi antolatzen ziren hainbat arrazoitarako dirua biltzeko; izan Ikastolaren alde, presoen alde… Helburu anitz zegoen berbenen antolaketarekin irabazitako dirua bideratzeko. Musika talde asko ziren ezagunak inguruan, besteak beste, Egan, Nekez eta herriko Beti Alai. Zuloakoek ere berbena bat baino gehiago antolatu zuten, eta haiek izan ziren gerora Itoitz bihurtuko zen Indar Trabes taldea Urola bailarara ekartzen lehenak; Azpeitira, hain zuzen ere. Azkoitiko frontoian ere antolatu zituzten berbenak, eta, horretarako disko-jogailua bat eta bi bafle erabiltzen zituzten: lehena frontoiaren bigarren solairuan ipintzen zuten, eta Julioneko Joxemai elektrizistak utzitako bafleak, berriz, frontoiko paretan zeuden bi zuloetan. Hasierako berbena haietan diru pixka bat atera zuten, eta horrekin zein udalak emandako diru laguntzarekin turutak, bi bonbo, bi danbor eta txapak erosi eta kamisetak egin zituzten. Beste batean, festetako gaupasa egunean, udalak berbena antolatu zuen frontoian, eta Zuloakoei eman zien hura kudeatzeko ardura. Musika taldea eta frontoia udalak ipini arren, diru aldetik ez zuten "kito egin", barraren barrutik kanpotik baino jende gehiago ibili baitzen, eta horrela, kontuek ezin inolaz ere koadratu. Zuloakoek antolatutako musika ekitaldiez bada beste pasarte bitxi bat: frontoian jaialdi bat antolatu zuten, eta abestu behar zutenak ez azalduta, haien ordez kuadrillako Ape eta Krixpinek abestu zuten.
Kirolean ere bai
Garai hartan, ohikoa zen diskotekatara joatea ere, eta Zuloakoek, hauetako asko zapaldu zituzten: Txitxarro, Mandiope, Gure Txokoa eta Jazzberri. Baina dena ez zen festa izaten, eta Zuloako lagun asko ziren igandero herriko mendizaleek antolatutako irteeretan parte hartzen zutenak, Gipuzkoan mendi tontor asko egiteko. Mendi irteera haietan bazen, beste batzuen artean, bitxikeria hau: mendian erori eta ipurdiarekin lurra ukitzen zuenak Bitter bat ordaindu behar zien berarekin ziren lagunei. Kirola praktikatzen zuten lagun asko zeuden Zuloan, eta bazen batean edo bestean nabarmendu zenik ere: Aitza, esaterako, erremontean bereizi zen, eta Aitor Kaxka izan zen pilota jokoan urrutien iritsi zena. Azken harekin asko disfrutatu zuten kuadrillakoek herrien arteko pilota txapelketa zela eta, herriz herri ibili baitziren giro ederrean. Dena den, futbola zen Zuloakoek gehien praktikatzen zuten kirola. Hori horrela, urte batean hiru ekipo atera zituzten Azkoitiko Eskola Profesionaleko futbol lehiaketan, eta oroigarri bat ere jaso zuten horregatik. Talde haiek, Zuloa A, Zuloa B eta Zuloa Z izenak zituzten: lehen ekipoa jokalari onez osatuta zegoen, eta haietako batzuek Anaitasunan jokatzen zuten; bigarren taldea futbolean jokatzea gustuko zutenek osatzen zuten; hirugarren taldea, berriz, kuadrillako "soberakinek" osatutakoa zen. Futbol taldeen kamisetak, eta zorte pixka batekin ekipamendu osoa, haiek hornitzen zituzten enpresa edo merkatariak sustatzearen truke lortzen ziren. Horrela, era guztietako izenak agertzen ziren kamiseta haietan; Azkoitiko Hontza putetxekoa, esate baterako. Aldi hartan, norgehiagoka asko zen herrian ziren kuadrilletako futbol taldeen artean; talde euskaldunen eta erdaldunen artean, esate baterako. Lehia giro haren ondorioz, 1978 edo 1979an, Zuloako talde batek irabazi zion futbol partida herriko talde ofiziala zen Anaitasunari. Zuloako taldean, besteak beste, Frantsesa, Gotzon, Iñaki, eta Kaxka aritu ziren, Alkorta atezain zutela. Irabazleek afaria zuten saritzat, eta Zuloakoak izan ziren, irabazle moduan, Atraskuan afaldu zutenak.
Bestalde, garai hartan ohikoa zen kanpin denda hartu eta inguruko lurraldeetara joatea egun batzuk pasatzera. Zuloako gazteak ere ibili ziren han eta hemen, eta Madariagan Aste Santuetan igarotzen zituzten egun zoragarriak ziren beraientzat gogokoenak. Hirutan joan ziren Madariaga Aste Santuan, 15 eta 17 urte zituzten bitarte horretan. Kanpin dendatan egon ziren hasiera batean, eta nahiz eta kanpinean tente geratzen zen hagan patata sartzen zuten tximistek ez jotzeko, ez zituzten gau ederrak pasatzen eguraldi zakarra zenean. Hori horrela, taberna zaharreko Pilartxo gazte haietaz errukitu zen, eta hark utzitako txabola baten atzealdean zegoen oilategian egiten zuten lo geroago. Oraindik gogoan dute kuadrillakoek Pilartxok prestatutako kafesneari zopak egin eta katilukada "mundialak" hartzen zituztenekoa.
Behin, Zuloan jatun fama handiena zuen lagunari kafesne kaiku bat zopekin ipini zioten adarra jotzeko asmoarekin, eta hark dena jan zuen, asko estutu gabe. Lagun hark badu beste pasadizo bat: kuadrillako batzuek apustua egin zuten, nork jan Presaldeko 24 txutxo botaka egin gabe. Lagun hura goian zegoen komunean sartu zen eta 22 jan zituenean, gehiago ezin janda geratu zen. Hala eta guztiz ere, harekin zeudenek beste lagunei esan zieten 24 jan zituela, eta hark zuen tratu txarra ikusita, azkenean kuadrillakoek ordaindu zituzten txutxo guztiak.
Kanpin denda hartu eta joaten ziren tokira joaten zirela, pasadizo barregarriekin itzultzen ziren herrira. Behinola, gehienek 14 urte zituztenean Elizondora joan ziren, Aldalurren autobusean. Han, lehen egunetik hasi zen abentura, kanpin dendak militarren kuarteleko zelaian muntatu baitzituzten, eta nola ez, berehala bota zituzten handik. Elizondon aste osoa txistorra jaten pasatu zuten, bertako harakinarengana joan eta hainbeste metro txistor eskatu ondoren. Samiñoko txabolara ere, ziurrenik, txistorra eramango zuten, baina gauza ziurra da San Martingo Bitturi dendatik erositako anis bidoiak eraman zituztela han hotzik ez pasatzeko. Hondarribian, berriz, taberna batzuetako komunetan papera falta izaten zenez, orduko telefono-aurkibide lodietatik hartzen zuten behar zuten papera. Dirudienez, liburuxka potolo haiek ondo argalduta geratzen ziren Zuloakoak Hondarribitik alde egiterako.
Etxe Aitzek hitz egingo balu!
Zenbait lagun lanean hasi ziren Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko ikasketak bukatu eta gero, 14 eta 18 urte bitarteko adinarekin. Haiek bazuten diru pixka bat, eta ohikoa zen Etxe Aitz tabernan ikustea musean jolasten, beren kafetxoa hartu eta ondo bustitako paperarekin bildutako Fariasa erretzen zuten bitartean. Lanetik zein eskolatik bueltan, beraien bigarren etxea zen Etxe Aitz tabernan elkartzen ziren Zuloa kuadrillakoak. Etxe Aitzek hitz egingo balu!
Azkoitiko Profesionalera eta Azpeitiko Institutura aldatu ziren garai hura oso gogorra zen, egoera sozialari zein politikoari zegokienez: Txiki eta Otaegiren fusilamenduak, Francoren heriotzak eta, batez ere, Euskal Herriak jasandako errepresioak zeharkatu zituen gazte haien parte hartze politikoa. Zuloa kuadrillako batzuk EGAM gazte mugimendu abertzaleko kideak izan ziren, eta haiek parrokia azpiko kantzelean egiten zituzten bilerak. Soldaduskak ere eragin handia izan zuen gazte haien bilakaeran. Haietako batzuk kupoa gaindituta zegoelako soldaduska egitetik libratu baziren ere, beste asko Espainiako Estatuko hainbat lekutara joatera derrigortu zituzten: Madril, Huesca, Kordoba eta Gironara, besteak beste. Zuloako batzuek, beste inora joan ordez, nahiago zuten herriko Gurutze Gorrian egin soldaduska, eta hori lortzeko hango arduradunaren inguruan ibili baziren ere, azkenean alferrikakoak izan ziren saiakera denak, kuadrilla bat bera ere ez baitzuten han hartu. Soldaduskara joandakoek hamaika pasadizo zituzten kontatzeko, eta Gironako koartelera joatea egokitu zitzaion lagunari gertatutakoaz oroitzen dira Zuloako lagun batzuk. Esteban izena zuen hark, eta hura kuarteleko ospitale militarrean zegoen ingresatuta kuadrillako batzuk oporretan hura bisitatzera joan zirenean. Dirudienez, ginebra eta bestelakoak soberan eraman zituzten ospitalera, eta handik kristoren mozkorrarekin atera ziren; barruan geratu zena ere lehen zegoena baino alaiago utzi zuten. Oroitzapen goibelagoak ditu Patxi Agirrebeñak: Madrilgo División Mecanizada Brunete zelakoan suertatu zitzaion hari soldaduska egitea, eta 1981eko otsailaren 23an izan zen estatu kolpe saiakeraren egunean heldu zen hara.
Zuloa kuadrillaren historia izan da mintzagai artikulu honetan, duela mende erdi inguru herriko gazteei bizitzea egokitu zitzaien ingurune sozialaren ordezkari gisa. Baina Zuloakoek osatzen duten lagunartearen ibilbidea ez da amaitu oraindik ere, astelehenetik ostiralera bitartean egunero biltzen baitira goizeko hamarretan, nola ez, Etxe Aitz tabernan. Lagun horiek asko dute oraindik kontatzeko, denak kontatzeko modukoak ez badira ere. Bidean geratu diren baina beti ondoan sentitzen dituzten Joetxo, Iñaki Prailie, Aitor Tripin, Kitterra, Egino, Tomao eta Toota lagunak, berriz, presente dituzte.