Azkoitiko atsotitzak eta esaera zaharrak

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi

Atsotitzek eta esaera zaharrek ingurotan zein Azkoitian zer-nolako erabilera izan duten azaldu du Kepa Alberdik honako artikulu honetan.

Euskal herritarrek betidanik izan dute esaera zahar anitz erabiltzeko joera, nahiz eta gaur egun horietako asko erabiltzen ez diren, ahanzturan erori direlako, eta belaunaldiz belaunaldi transmititzea lortu ez dutelako. Esan beharra dago, esaera hauetako asko lotan daudela, urteak joan eta urteak etorri, kalean gero eta gutxiago entzuten baitira eta gutxien uste dugunean, aldi batean erabiltzen zen ateraldi horietako bat entzuteko parada izaten baitugu.  

Euskal izen bat baino gehiago erabili izan dira esaera zaharra deituraren ordez, hala nola proberbioa, hitz zaharrak, arrapuak, esakuneak, errefrauak edo, Axularrek erabiltzen zituen, atsotitz eta erran komunak. Dena den, gaur egun, atsotitza hitza da gehien erabiltzen den deitura, eta honela defini daiteke: herriak eguneroko bizimodutik ateratako esaera gogoetatsu laburrak, belaunaldiz belaunaldi heldu direnak, eta molde tinkoetan erabili eta zerbait irakasten dutenak. Aditu bat baino gehiagok diote atsotitz hitza Arnaut Oihenart euskal poeta, legegizon, historialari eta politikari zuberotarrak asmatua dela, XVII. mendean.

Azkoitian ere, asko erabili dira mendetan zehar herriaren izaera eta ohiturak jasotzen dituzten atsotitz eta esaera zaharrak. Izan ere, esaera labur horiek gauzak ikusteko, sentitzeko eta epaitzeko modua izan dira gure herrian ere.

Aita Barandiaranek datu asko jaso zuen Azkoitian, 1936ko gerra aurretik egin zuen ikerketan, eta horien artean era askotako atsotitzak jaso zituen. Horietako batzuk urteko sasoi eta garai bakoitzean ohikoa den eguraldiaren arteko loturan oinarrituta zeuden. Hemen, hiru adibide:

  • “Santa Luzia egune, argi daneko ilune”.
  • “San Lorentzok badakar zerutik eurixe, lurrek emango dixo ongi etorrixe”.
  • “Kandelaixuetan bero, paskuetan dardar”.

Bildutako esaera edo atsotitz horietatik gehienek Elizarekin, apaizekin edo garaiko kristau ohiturekin zuten lotura; haietako asko, garaiko jokabide eta ohituren kritika gisa:

  • “Abadiek eta olkixek egiten dien bezelakuek”.
  • “Abadiek diar asko egin eta sabela ondo dute”.
  • “Abadiek ez daukenai begirasun gutxi eta daukenai ondo hitz egin”.
  • “Behartsuren bat gaizki badago, lau aldiz esan behar abadeai etorriko bada, eta aberatsen bat gaizki xamar badago lau edo bost abade alkarren atzetik aberatsan etxera, nahiz bati bakarrik deitu”.
  • “Jesukristo behartsu bizi ta hil zala digute abadiek eta hala ere berak nondik diru gehiago inguratu beti”.
  • “Jaun goikuaren aurrean danak berdinak bagera, zer dala eta dirudunei “primerako eta segundako” entierroak egin? Mundu honetan nahi zuten bezela bizi eta, diru pixkat daukatela eta behartsuak baino lehenago zerura?”
  • “Baserrietara joan, bedeinkasixua bota eta… oilasko parea etxera”.
  • “Santuz-eko kanpaia kanpuan entzuten danean ‘kredoa’ errezatzen da, eta mezie bukatu denien ‘deo gasias (gracias a Diós)’ esan aizako aldamenekoa”.

Aurrez agertutako zantzuen arabera zer eguraldi egingo zuen iragartzen zuten atsotitz herrikoiak ere jaso zituen Aita Barandiaranek Azkoitian:

  • “Arrats gorri, goizean eguzki”.
  • “Goiz gorrixe, laster eurixe”.
  • “Elur urte, janurte”.
  • “Eurixe ai dala euzkixek ertetzen badik, alkarrekin ezkontzen omen dituk”.
  • “Udean ilargi betea badago, perretxiku asko ertetzeik”.

Mito erlijiosoekin lotutako animalien izenak ere jaso ziren:

  • “Txenarak ez dituk akabatu ber Jesukristori burutik arantzak kendu zizkiotelako”.
  • “Txepetxa ez dek akabatu ber Amabirjinaren mantupien egon zalako”.
  • “Txantxangorrixek ez dituk hil ber Jesukristoren odola txupatu zutelako”.
  • “Muskerrak hortzaka egin ezkero, ez dik lagatzen zazpi herriko kanpaiak jo arte”.

Umeen arteko esan batzuk ere ageri dira hemen jasotako esaldi zaharren artean:

  • “Marigorringo hil ezkero, eurixe eiteik”. Bertan ipintzen du, umeek horregatik ez dutela nahi izaten aberetxo hori hil.
  • “Eskuko azkazkaletan txuri une txiki bat baldin badaukak ‘gezurtixe da’ esaten dute”.
  • “Umiekbere lagunek esandakue egixe ohi dan jakiteko, burutik ile bat ateratzen diote eta, putz eginda, eskutik bidaltzen du ilea. Laguna ezin liteke zeruan sartu gezurra esan badio, bere buruko ilea bilatu arte”.
  • “Umiek mantetakuek direnean, beti kuttunekin ibiltzen dire”.
  • Animena jo ezkero, umiek etxera, animek harrapatzia nahi ez padezute”, esan ohi zieten umeei.
  • Beste ohitura polit bat ere badute umiek: abarketak bustitakoan gurasoak ez ezagutzearren oñetatik kendu; hautsa gañera bota eta lurra oñetakuakin joaz abestu ohi du “txuoa, txupa San Migel, ekatsu neri legorra, legorra, legorra”.

Aita Barandiaranek egindako ikerketarako Azkoitian jasotako beste atsotitz batzuk ere badira:

  • Izerrak zeruan eta emakumiak etxian”.
  • “Mundu hontan ahal dana eta ez nahi dana”.
  • Ez gurdi eta ez garo geratu zan”.
  • “Aharixei ere aterako lioke izerdixe”.
  • Soñeko berrixe lenengo aldiz jazten danien, behatza mingainean busti eta soñekoa igurtzi ohi da, esanaz ‘osasunakin urrau’”.

Badira beste lan batzuk ere, adibidez Iraurgi bailarari dagozkion istorio zaharrei buruzkoak, non esaera zaharrak eta hain zaharrak ez diren beste batzuk ere biltzen diren. Horietako batek honela dio: “Elusun eta Martitten, festak baita kattarran eunine”. Izan ere, Azkoitiko Martirieta eta Elosua auzoetan, gaur egun festa egun gutxi egiten badira ere, garai batean festa egun asko izaten ziren. Duela hamarkada batzuk, gainera, erromeri ostean “neska laguntzea” izaten zen, eta une hori noiz iritsiko zain egoten ziren gazteak. Baina neska asko erromeriak egiten ziren lekuetatik urruti zeuden baserrietan bizi ziren, eta mutilek ibilera luzeak egin behar izaten zituzten haiei lagundu ahal izateko, orduan ez baitzegoen batetik bestera mugitzeko gaur egungo erraztasunik. Hori horrela, motoa zuenak abantaila handia zuen neska laguntza egiteko, baserri bideak haiekin ibiltzeko modukoak baziren behintzat. Kontu horretan oinarriturik, batez ere gazteek honela esaten omen zuten orduan: “El que tiene Vespa tiene neska y el que tiene Ossa más hermosa”.

Euskaltzaindiak ere jorratua du Euskal Herriko bazter guztietako esaera zaharrak biltzeko lana, eta horien artean badira Azkoitian jasotakoak, askok pertsonen izateko modua erakusten dutenak:

  • “Lur-otarra baino gibel handiagoa du horrek”. (Oso patxadatsua dela).
  • “¡Hori, puxun hutsa da gero!”. (Izaera haserrekorra eta zakarra).
  • Hari esan edo nire txakurrari esan, dena berdin da”. (Ez dio ezeri jaramonik egiten).
  • “Honek bai, ama lapikotxuan baleuka ere, esango luke honek”. (Ez dakiela sekreturik gordetzen).
  • Larrupe politta; baño ez ibillera”. (Itxura ederra, baina ez biziera).
  • Puxun-hutsa”. (Jenio txarrekoa, zitala, petrala).
  • Sorgin-orraxexe”. (Haur mimosoa).

Aipaturikoez gain, Euskaltzaindiak, beste esaera zahar batzuk ere bilduak ditu gure herrian:

  • Ipurdiko azala berotuko diat gero nik”.
  • Ez nahi baino lehen, baina iritsi da”.
  • Ezta bide bazterrean hupatua ez”. (Zerbait balio du, zerbait estimatzen dugu).
  • Ezta gezur-truka ekarria!”. (Zerbait balio du, zerbait kostatu zaigu).
  • “Han ere txakurrak hanka hutsik ibiliko dira, ba”.
  • “Laga, laga, harri landuari bezalaxe helduko diot nik horrei”. (Nik sartuko dut hori arrastoan).

Atsotitzak, herritik sortuak dira, gauzak eta egoerak ikusteko eta juzgatzeko. Horregatik daude hain barneratuta gure artean, herriaren izaera eta ohiturak jasotzen dituztelako. Gure herrian ere, esaera zahar jakintsu asko dago, eta beraien barnean, gure aurrekoen jakinduria ez txikia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide