Pelotai Eune 2022

Pilotak poz handiak eman dizkio Azkoitiko herriari

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2022ko eka. 15a, 09:00

1966. urteko pilota partida bat Kontzejupean. (Argazkiak: Josu Arroitajauregi eta utzitakoak)

Datorren larunbatean, ekainak 18, VI. Pelotai Eune ospatuko da Azkoitian. Egun hori aitzakiatzat hartuta, Kepa Alberdik honako ekarpen berri hau idatzi du.

Pilota ez zen Euskal Herrian sortu, baina bertan sendo errotu zen. Esan dezakegu, gainera, azken urteetan susperraldi nabarmena izan duela. Gure herrian ere, urteak joan eta urteak etorri, pilota nagusitu zen beste joko eta jolas guztien gainetik. Harrezkero, pilotak asko eman dio Azkoitiari, pilotari esker gure herriak izen propioa hartu baitu; alderantziz, txapeldun askoren sorterria izanik, pilota munduak ere asko jaso du bertako pilotari handiei eta bertan aspalditik bizi den pilota giroari esker. Pilota jokoa aipatzerakoan, berehala etortzen zaizkigu gogora bertako pilotari mitikoen izenak, horiei esker hartu baitu Azkoitiak ondo merezitako "pilotaren sehaska" izena. Azkoitiko kirol bizitza aipatzerakoan, aparteko garrantzia eman behar zaio pilotari, pilotariei, eta nola ez, "pilotaren unibertsitatea" izena hartu duen udaletxe azpiko Kontzejupe frontoiari.

Kontzejupea, plaza aldatik begiratuta.

Parrokiako harrizko hormetan zegoen kokatuta Azkoitiko lehen pilotalekua. Pilotari buruzko lehen albisteak, berriz, XVII. mendekoak dira, hain zuzen, parrokiaren eta guda-dorrearen aurrealdean trinkete txiki bat eraiki zenekoa. Ondorengo mendearen hasieran eman zitzaion lehen bultzada garrantzitsua pilotari, aipatutako trinketea bota eta haren ordez ederrago bat eraiki zenean. Herrian oso harrera ona izan zuen pilotaleku hark, eta urteetan zehar pilotazaletasuna areagotzen ari zela ikusita, herriko agintariek Goiko Losa izeneko pilotaleku berri bat eraikitzea erabaki zuten herriko plazan. Pilotaleku hura 1770ean eraiki zuten, nahiz eta gaur egun ezagutzen dugun frontoi eraberritua 1922an inauguratu. Goiko Losa pilotalekua, 1923an sortutako pilota elkarteak hartu zion errentan udalari, eta elkarteak pilota giroa suspertzeko lan handia egin zuen; izan ere, igande, jaiegun eta herriko festa egunetan partidak antolatzen zituzten. Kontzejupen pilotan aritzeko ohitura ere indar handia hartzen joan zen denborarekin, eta horren ondorioz, agintariek bertako zorua eta hormak konpontzea erabaki zuten 1894. urtean. 1932ko herriko jaietan, ostera, Etxaniz anaiek 1.300 ikusle sartzen ziren Gurea pilotaleku itxia inauguratu zuten Baztarrikaldean, herrian zegoen pilota giroa ikusita. Baina, badira pilotaleku gehiago gure herrian, hala mendi auzotan, nola herrigunean. Horiek guztiez gain, Xabier Munibe ikastolakoa, Floreaga ikastetxekoa, Izarraitz Lanbide Heziketakoa eta Oteizaren Frontoiak daude herri barruan. Auzoetan, bestalde, Madariaga, Urrategi, Aizpurutxo, Martirieta, Elosu eta Astarbeko pilotalekuak.

Gipuzkoan, pilota oso kirol praktikatua izan zen. Horren adibide da honakoa: Mondragonesek Lekeitioko Zapateritori 1917an titulua kendu zionetik, Gallastegik 1953an galdu zuen arte, txapelketa gipuzkoarrek irabazi zuten beti. Azkoitian ere izugarri hazi zen joan den mendearen hasieran pilotarako zaletasuna, eta gerora izan ziren pilotari handiek zaletasun horri eusteaz gain, areagotu egin zuten. Neskek ere asko jokatzen zuten esku pilotan. Horrela, egunerokoan, pilota giroan murgiltzen zen herria, eta frontoi guztiak beti okupatuta egoten ziren. Izan ere, lanetik irten orduko, bai eguerdian zein arratsaldean, jendea frontoiak okupatzera joaten zen, eta pilota partidak ikusteko ere jende asko elkartzen zen, bai Kontzejupean eta bai Goiko Losan. Halaber, ohikoa zen frontoi horietan apustua egitea. Jaiegunetan, ohikoa zen 06:00etarako Kontzejupeko "gurutze-barruan" pilota lehiak ikustea, eta goizean goizo frontoia okupatzeagatik ordaindu egiten zen. Kontzejupean helduak ibiltzen ziren pilotan, eta gaztetxoek ez zuten han jokatzeko aukera handirik izaten, are gutxiago haiek baino zaharragoak lantokietatik ateratzen zirenean. Dena den, herriko gazteentzat edozein pareta zen egokia pilotarako, eta hortik dator herrian zehar hainbeste "se prohibe jugar a la pelota" zioten kartel egotea. Zaharragoek ere beraien arazoak noiznahi izaten zituzten pilotan aritzeko. Pilota jokoa guztiz debekatuta zegoen igandeetako Meza Nagusiaren bitartean eta bezperetan, nahiz Aste Santuko ostegun, ostiral eta larunbatean, eta horregatik, guztiak parrokiako kultuetara joaten ziren. Guztiek hori errespeta zezaten, merixuek ura botatzen zuten Kontzejupeko zoruan, pilota jokoa egun osoan galaraziz.

1966ko pilota partida bat, Kontzejupean.

Esku pilotaren jokoak zeremonial bat zuen, gurtza tradizional bat. Zaletuen segizioa izugarria zen, eta baziren pilotariei oinez egin beharreko joan-etorrietan laguntzen zieten lagunak ere. Mariano Juaristi Mendizabal Atano III.ak, esaterako, oinez egin zuen Eibarren (Gipuzkoa) pilotan jokatzeko joan-etorria 17 urte zituenean, orduan Azkoitian auto bakarra baitzegoen. Beste garai batzuk ziren, baina, ohikoa zen pilotan oinutsik aritzea, bestela abarketak apurtu egiten baitziren. Eskuak zaintzeko izotza erabiltzen zuten pilotariek, eta gaur egunean erabiltzen diren takoen ordez, esparatrapu soilaz baliatzen ziren. Pilota era guztietara jokatzen zuten, gainera: lagun bat bi edo hiruren aurka, bi lagun hiruren aurka, lagun bat esku batekin eta bestea bi eskurekin, bikoteari esku bat lotuta, zakuetan sartuta... Denborak aurrera egin ahala, galdu egin dira beste ohitura bitxi batzuk ere. Esaterako, pilotari batek egindako jokaldiarekin edo tantoa zaletuek gustukoa bazuten, horiek kantxara txanponak botatzen zituzten. Atano III.a bere kirol ibilbidearen gailurrean zegoenean, adibidez, zilarrezko ogerleko edo duro pila bat bota zizkioten Gasteizko frontoian, eta haietako 24 jaso zituen. Bestalde, udan Zestoako (Gipuzkoa) bainuetxera joaten ziren bisitarientzat pilota partidak ere antolatzen zituzten. Partida horien aurretik, askotan, pilotariek beraien artean hitz egiten zuten partida nork irabazi edo galdu, horrela diru gehiago irabazteko. Zestoara joandako bisitariak ez ziren kontu horietaz jabetzen, eta makina bat tongo izan ziren. Izan ziren galtzeko asmoz kantxara irtendako bi pilotari ere; sake ateratzaileak nahita sakea motz atera arren, aurkaria atzetik aurrera etorri eta hark boleaz txapa azpira bota zuen pilota nahita.

Azkoitiak pilotari handiak eman ditu hamarkada askotan. Paper zaharrei erreparatuta, Pittirri da herri kondairak aipatzen duen lehen pilotaria. Aldiz,  Francisco Aranbarri Irureta Patxi Txiki, izan zen Azkoitian esku pilotan trebatzen hasi zen lehenengoetako pilotaria. Azkoitia pilotari maila ona erakusten hasia zen ordurako, eta eskuz banakakoan Jose Maria Urzelai nabarmendu zen hasiera batean. Herrian pilotarekiko zaletasun handia zegoen, eta berehala bereizi ziren beste pilotari handi batzuk ere. Azken horien artean, Joxe Joakin Larrañaga Txikito de Azkoitia nabarmendu zen. Gaztea izan arren, segituan bihurtu zen frontoietako maisu; hura izan zen hurrengo hamar urteetan Euskal Herriko pilotari ospetsuena eta entzutetsuena. XIX. mendearen bukaera zen, eta nola ez, garai hartan beste pilotari handi batzuk ere eman zituen Azkoitiak: Aixerna, Romualdo Larrañaga, Barbero, Sustarra, Nemesio Altamira, Juan Mari Cuende, Angel Andreu, Victoriano Epelde, Narciso Casteig, Luis Uria, Justino eta Jose Leon Urzelai, Peru, Luis eta Santiago Etxaniz, Jose Etxaide, Francisco Zabaleta, Francisco Lasa, Leandro, Felix eta Lorenzo Unzueta, Jose Aramendi, Pasay, Pedro Olalde eta Juaristi anaiak, besteak beste. Garai horretakoa da, hain justu, esku pilotan inoiz izan den tantorik luzeenetakoa, luzeena ez bada. Txikito de Azkoitia eta Urzelai azkoitiarrak dira pasadizo horren protagonistetako bi: 1905ean, eskuzko partida bat jokatu zuten Txikito de Azkoitia-Urzelai eta Takolo-Baltasar bikoteek Donostiako Moderno frontoian, eta horien arteko tanto batek 43 minutu iraun zituen. Kondairak dioenez,  ikusleetako bat Donostiako Loiola auzoko sagardotegi batera joan zen tantoa hasi ondoren, eta meriendatu eta frontoira itzuli zenean, tanto haren amaiera ikusteko moduan izan zen.

Azkoitiko udal pilotalekua, 1961ean.

Garai hartako eskuzko pilota jokoa piloteoan oinarritzen zen, eta askotan amaiezina bihurtzen zen. Atano III.a izan zen, bere kemen eta nerbio biziarekin, ordura arteko estilo klasikoak eraberritu zituena. Sakearekin, bolearekin, errestoarekin eta ezker eskuarekin jolasteko zuen era ezohikoekin pilota mundua irauli zuen hark. Atano III.a 1904an jaio zen Azkoitiko Floreaga jauregian, eta 1926an jantzi zuen bere modalitateko lehen txapela. Hurrengo hamalau urtetan ez zuen titulua jokoan jarri, aurkaririk ez baitzuen; urte askotan garaipena besterik ez zuen ezagutu. 22 urtean txapeldunen txapel gorria buru gainean izan ondoren, 1948an galdu zuen titulua Gallastegi eibartarraren aurka. Atanok orduan 44 urte zituen. Lau urte lehenago, ordea, beste titulu handi bat ere eskuratu zuen hark, Munduko Trinkete Txapelketa irabazi baitzuen. Gerora ere maila handia eman zuen Azkoitiko pilotari handiak, baina 62 urte zituela jokatu zuen Andoainen (Gipuzkoa) bere azken partida; Kortabitarteren aurka aritu zen ordukoan. Atano III.a zen pilotan txapelarekin jokatzen zuen bakarra edo bakarrenetakoa, baina, zer esanik ez, txapeldunaren txapela janzteko, txapel beltza buru gainetik kendu behar izaten zuen. Azkoitiko Atanotarren eta Txikitotarren dinastiak dira joan den mende erdialdera arteko dinastiarik ospetsuenak, baina ezin dira ahaztu, 1936ko Gerra Zibilaren ondoren jokatu zuten ospe handiko beste pilotari azkoitiar batzuk: Diego Cuende, Lorenzo Juaristi Sustarra, Iñaki Urzelai, Lertxundi anaiak, Francisco Martinez, Antonio Epelde, Martiarena, Luis Arregi, Nicolas Etxaniz, Eduardo Olano, Jose Uranga, Amado Beristain, Tomas Alberdi, Soraluze anaiak, Miguel Alberdi, Elias Lete eta Josa Garate, besteak beste. Gerora, Atanotarrekin batera, Tapia eta Anduezatarrak izan dira herriko pilota familia emankorrenak. Era berean, ezin dira ahaztu garai hartan Beti Poz elkarteko kumeak bezala ezagutzen diren Pedro Mari Gabilondo Karretero, Joakin Oteiza, Luis Sudupe, Xabier Errazu, Patricio Alberdi, Xabier Ansola, Bixente Orozko eta Jose Mari Zuazolazigorraga, besteak beste. Luis Mari Agirre Etxezakorta, Enrique Larrañaga, Aitor Alberdi Xeme, Jesus Mari Salegi, Aitor eta Iñigo Alberdi anaiak Kaxka, Jose Luis Zubizarreta, Jokin Errasti eta Xabier Errasti, Iñaki Larramendi, Ruben Zapirain eta Iban Etxaniz ere gogoan izan behar dira. Geroztik ere, hor dihardute 1980tik aurrera jaiotako azkoitiar pilotari bikainek.

Azkoitiko Txikito. (Isabel Vidarteren bildumako argazkia).

Atano III.a.

Atano III.ak lortutako tituluak aipatuta, ezin dira alde batera utzi gure herriari hainbeste poz eskaini dizkioten beste hainbeste pilotari azkoitiarren tituluak. Marcelino Juaristi Atano IV.a, esaterako, Frantziako Trinkete Txapeldun bilakatu zen 1934ko apirilean Santiago Salegirekin, eta ondorioz, baita munduko txapeldun ere. Bi hamarkada geroago, 1966an eta 1968an, berriz, Luciano Juaristi Atano X.ak, Espainiako txapelketak irabazi zituen. 1979an, berriz, Jesus Mari Andueza Andueza VI.ak Espainiako eta munduko titulua eskuratu zituen pilotari amateurren mailan. Profesional mailara igaro zenean, bigarren mailako txapela jantzi zuen hark. 1991ean, ostera, Jokin Errasti pilotari azkoitiarrak ere bigarren mailako txapela jaso zuen. Jokin Larrañaga Piztixe-k, aldiz, trinketeko zilarrezko domina jantzi zuen soinean Bartzelonan 1992an jokatutako Olinpiadetan.

Hala eta guztiz ere, izan zen herrian pilotari onen sortarik gabeko garai bat. Une zail haietan, eta arazoari aurre egiteko, pilotazale talde sutsu batek Beti Poz Pelotazale Elkartea sortu zuen. 1958ko apirila zen, eta elkarteren jarduna fruituak ematen hasi zen, herritarren artean berriro ere pilota aktibatuz eta suspertuz. Haiek zuten lehen helburua pilota sustatzea zen, kirolarien kopurua handituz eta beraien koloreak defendatzen zituzten pilotariak kirolean prestatuz zein heziz. 1960-61 denboraldian, Azkoitiko barrutiko lehen txapelketa hasi zuten, eta Andueza I.a izan zen banakakoan lehen garailea; 1961ean probintziako buruz buruko txapelduna ere hura izan zen. Horrez gain, Beti Poz elkarteak ordezkatuta, Azkoitiak lau urtez jarraian bidali zituen pilotariak Probintziako Afizionatu Txapelketaren azken fasera. Elkarteak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketetan ere parte hartu zuen, eta duela 50 urte, 1972an, irabazi zuen txapelketa lehen aldiz. Harrezkero, makina bat aldiz entzun da garaipen-oihua herriko kaleetan. Azkoitiak oraindik orain ez duparekorik Herriarteko txapelketan, txapela hamasei aldiz jantzi baitu. Beti Poz elkarteak, gainera, herriko auzoen arteko lehen txapelketa ere antolatu zuen 1970-71 denboraldian. Elosuak, Martirietak, Kukuherrik, Madariagak eta Urrategi auzoek parte hartu zuten lehian, eta Martirieta auzoa izan zen garaile.

Pilotariak, Goiko Losa frontoian.

1754an, Aita Manuel Larramendik zioen pilota jokoa zela Gipuzkoan indar gehien zuen kirola eta gehien praktikatzen zena, gehien bat eskuzkoa. Halere, orduan erabiltzen ziren pilota gogorrak eta astunak medio, horiek baztertzeko deia egin zuten, pilotariek azazkalak zein hatzak hautsita, eskuak zartatuta, besoak dislokatuta edota partidak eskularrutik odola zeriela amaitzen zutelako. Kontuan izan behar da, orduan erabiltzen ziren pilota batzuk zortzi ontzako pisua zutela (227 gramo); gaur egun profesionalek erabiltzen dituzten pilotak, berriz, pisu horren erdira ere ez dira heltzen. Era askotako pilotak ezagutu izan dira azken mendeetan. Azkoitiak, kalitate handiko pilotagileak izan ditu, eta Euskal Herrian ospea izan duten pilotagile gehien eman duen herria izan da gurea. Horietako batzuk dira Jose Mari Larrañaga Agirre Txikito III.a, Eugenio Juaristi Mendizabal Atano I.a, Juan Zubizarreta, Jose Mari Zubizarreta, Maria Angeles Larrañaga Zubizarreta Xagua eta Alberto Gonzalez Urtizberea Pelotas. Herrian, pilota-marka bat baino gehiago zegoen, hala nola Atano I.arena edo Txikito III.arena. Urteak aurrera joan ahala, desagertu egin ziren horiek, eta Alberto Gonzalezen Caballo rojo markak bakarrik iraun zuen. Normalean, pilota gogorrak izaten ziren, eta partidak jokatu aurretik Kontzejupeko hormen eta zutabeen aurka joaz biguntzen zituzten, bertako harria leuna eta oso egokia baita pilotak gozatzeko. Gazteek egiten zuten lan hori lehen, eta ordainetan pezeta batzuk jasotzen zituztenez, ezkutuko trikimailu bat ere bazuten pilotak azkarrago biguntzeko. Horretarako, udaletxeko ate nagusiari barrutik eusten dion gantxoa edo kakoa erabiltzen zuten; azken horrekin palanka eginez pilota pareta artean estutzen zuten. Pilotak belzteko ere sistema berdina erabiltzen zuten, bigundu bitartean frontoiko zoru eta paretak joaz belzten baitzituzten.

Pilota arrunta, ezkerrean; zortzi ontzako pisua duen pilota, eskuinean. (Andoni Elduaien)

Atano X.a mutil koskorra zenean, beraiek egiten zituzten pilotak. Horretarako, Azkoitiko fabriketako hari soberakina jasotzen zuten. Hura biltzen hasi aurretik, ordea, kanika bat ipintzen zioten barruan, lurra jotzerakoan hots hobea atera zezan. Bazen herrian gaseosa fabrika txiki bat, eta hango botilek presioa ez galtzeko kanika bat eramaten zutenez, puskatutako botila bila ibiltzen ziren, haren kanika aprobetxatzeko. Artea zuhaitzaren egurra ere erabiltzen zuten barruko kanika hori prestatzeko. Pilota haiek kotoia eramaten zuten, eta hura busti ondoren moteldu egiten zirenez, etxeko labean sartzen zituzten lehortzeko. Artilez ere biltzen zituzten pilotak, ondoren larruaz estali eta hariarekin josteko. 

Ezin gara ahaztu pilotaren bueltan lan nekaezina egin duten beste azkoitiarren izenekin ere. Horien artean hiru aipatzeagatik, Carlos Arrizabalaga Xapatero, Jesus Larrañaga Txanton eta Luis Torres Pitusa aipatu behar dira nahitaez. Hainbeste txapelketa eta ekitaldi antolatzeaz gain, herriko pilotari zaharrei eta gazteei asko lagundu diete hirurek. Horiei eta aurrekoei esker esaten da Azkoitia pilotarien sehaska eta unibertsitatea dela, eta ez da gutxiagorako. Herriko pilotaren ikurra den Kontzejupe frontoi enblematikoan ernatu eta gero, herri hau da oraindik orain pilotari mitiko gehien eman duena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide