Haur abandonatuak eta inklusak

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Alberdi 2020ko api. 13a, 09:26

Fraisoroko inklusa.

Kepa Alberdi Egañak apirileko Maxixtzen aldizkarirako egindako artikulua: 'Haur abandonatuak eta inklusak'.

Oraindik ere albiste dira inguru hauetan, duela denbora gutxi izandako haur jaioberrien lapurretak eta adopzio irregularrak. Haur abandonatuen errealitatea, berriz, urrutiko herrialde behartsuen praktika gisa ezagutzen dugu. Duela hamarkada batzuk arte, ordea, ez zen hain ezohikoa Azkoitian ere, bertoko eliza atarian, apaizetxean, izen oneko baserri nahiz etxe atarietan abandonatutako haur koitadu baten berri izatea.

Umeak abandonatzea bihozgabekeria iruditu arren, garai batean, hauek bizirik ateratzeko irtenbide bakarra zen familia batzuentzat; izan ere, miseria gorrian ezinezkoa egiten zitzaien etxeko ume guztiak behar bezala elikatzea eta haztea. Emakume ezkongabeentzat, berriz, etxekoen eta Elizaren aurrean beren izen ona gordetzeko, ia ezinbestekoa zen haur jaioberria nonbaiten abandonatzea. Bestela, berak eta bere familiak betirako izen txarra hartu eta herritarren aurrean bekatari handi gisa agertuko ziren. Azkenik, beste kasu batzuetan, umea gaixorik egotea, amak esnerik ez izatea, umea bortxaketa baten ondorioz izatea, prostituzioan aritu izan ondorengo haurra edukitzea eta antzekoak ziren umea abandonatzeko beste arrazoi batzuk.

Ume jaioberria gauez abandonatzen zen, eta ohikoa zen, haurra uzten zuenak, beraren arropa artean utzitako papertxo baten bidez, bataiatua zegoen edo ez adieraztea, eta horrekin batera, egoera aldatutakoan berriz jasotzeko asmoa azaltzea. Hori dela eta, ohartxoaz aparte, haur bat baino gehiago azaldu zen estanpa, zinta, edo medaila batekin; hau da, aurrerago errazago identifikatzeko baliogarria izango zen objekturen batekin. Baziren txanpon, titare edo antzekoarekin umeari hanka edo besoan erredura marka egindakoak ere.

Herrian izandako lehen haur utziaren albistea 1554. urtekoa da; herriko plazan bertan abandonatua. Hurrengo urteetan, Juan Donearen ermitan, parrokiako atearen ondoan, Ugarte etxearen atarian, Arrandolaza inguruko ermitan, Santa Kruz eta Frantzisko Donearen ermitetan, Martitteko elizan, Altzibar etxearen inguruan, Santa Klarako monasterioko ur bedeinkatuaren ontzian, Androndegi baserrian eta beste hainbat tokitan azaldu ziren abandonatutako haurrak. Udalak berak banatzen zituen haur haiek, normalean umea kondizio onetan hazteko baldintzak betetzen zituen eta esne ona zuen emakumea bizi zen etxeetara. Haur haietako asko zein baserritan hazi zituzten ere azaltzen da paper zaharretan, beste batzuen artean, Argarain, Zabaleta-Egino, Korteta, Agirrezabal, Etxaosta, Egurbide, Miraflores, Lizartza, Errekatxo, Zabale, Agirre-Zendoia, Sustaeta-Goena eta Androndegi baserrietan. Kaleko etxe desberdinetan ere hazi zituzten beste haur utzi mordoxka bat.

Udalak, haur haien mantenu gastuak zirela eta, bost urte bete bitartean laguntzen zituen, nahiz eta, urte horiek bete baino lehen asko hil. Bost urteko mantenu gastua, ordea, benetako arazoa bihurtu zen udalarentzat. Adibide gisa, 1693an gertatutakoa aipa daiteke, urte hartan utzitako haur asko azaldu zela-eta udalak deia egin zien herritarrei, parrokiko ate inguruko kareletan egingo zen batzar berezi batera deituz. Udalak haurrak uztearen errudunak nor ziren jakiteko ahalegin guztia egiteko eskatu zien han bildutakoei, haien mantenua herriarentzat gastu handia zela esanaz. Mende bat geroago ere antzeko egoera bizi zen, 1811n esate baterako, hamalau haur utzien kargu egin zen Azkoitiko herria.

Udalak, berehala jartzen zituen martxan ama zein zen jakiteko diligentziak, baina normalean ez zen inolako aztarnarik ateratzen, gehienetan haurra beste herri batekoa izaten zelako. Haurra bataiatuta zegoen frogarik ez bazen, udalaren kontura izaten zen haren bataioa. Bitxia da 1819tik 1884raino haurrei abizena ipintzeko erabilitako sistema, herriaren izena ipintzen zitzaien abizen gisa. Hau horrela, garai hartan bertako haur abandonatuek “Azkoitia” izan zuten abizena.

Santa Klara.

1723tik aurrera, haur utzi batzuk Iruñeko Ospitale Nagusira eramaten hasi ziren, han haiek hazteagatik ordainduz. Iruñekoa zen, XIX. mendearen hasiera arte, Euskal Herrian zegoen inklusa edo haur abandonatuen etxe bakarra. Bertan, inude lanetan aritzen ziren ia guztiak ama ezkongabeak ziren, inklusara beren haurra eman eta han lana eginez bien egoerari irtenbidea ematen zioten. Seaska bakoitzean lau haur sartzen zituzten, eta horren ondorioz osasunez ondo heltzen ziren ume asko, denbora gutxira gaixotu edo hil egiten ziren, ondokoak kutsatuta.

Gipuzkoan, 1804tik aurrera antolatu zen utzitako haurren bilketa, eta horretarako lau inklusa prestatu ziren: Donostian, Tolosan, Bergaran eta Azpeitian. Inklusa haietan, tornu izeneko tresna birakari bat zegoen eta bertan uzten ziren abandonatzen ziren haurrak, normalean gauean, inork ez ikusteko. Garai hartan, jaioberri abandonatuak, karro edo gurdi batez jasotzen zituzten herriz herri, eta haur asko inklusara bidean hiltzen ziren.

Gipuzkoako lau inklusa haietan, bertako behin-behineko inude bati ematen zitzaion jasotako haurra, hark hazi zezan, baina ahal zen azkarren ume hura kanpoko inude bati entregatzen saiatzen ziren. Normalean, baserriko emakumeren bat izaten zen, eta hark umeak 8 urte egin arte haziko zuen, hortik aurrera Diputazioak¡ ez baitzuen laguntzen. Adin horretara iritsitakoan, inude berak haurra adoptatzea zeukan, eta hori horrela ez bazen, Miserikordiara entregatzen zen, normalean Tolosara. Inude askok, berek hazitako umea adoptatzen zuen. Era horretan, gehiago ziren inudeek beraiek adoptatutako haurrak, beren familiarengana bueltatzen zirenak baino. Bestalde, zorigaiztoko haur utziak zeuden, hau da, atzeratuak, elbarriak, gormutuak edo gaixotasun bereziak zituztenak, eta haiek inork adoptatzen ez zituztenez, Miserikordia batetara bidaltzen zituzten. Haur bihurri eta asaldatzaileak berriz, ez zuten normalean etorkizun oparorik izaten, inudeak edo beren familiak jaso nahi ez, eta haiek esplotatzeko beste helbururik ez zuten familien eskuetan erortzen ziren askotan, adopzio bidez. Familia hauen abusu edo gehiegikeriak hain larriak izanik, Diputazioak ordenu bat ezarri zuen 1863an, eta bertan jasotzen zenez, mutilak ezin ziren morroi bezala bidali 17 urte egin arte, ezta neskak ere neskame edo zerbitzari gisan 15 urte bete arte.

Denborarekin, abandonu modalitateak ere bilakaera nabarmena izan zuten, eta horrela, XIX. mendean Gipuzkoako lau inklusetan ama berrien sailak ireki ziren, non zazpi hilabete betetako haurdun ezkongabeak sartzen ziren haurra izateko. Emakume haiek klandestinitate osoan egoten ziren ezkutatuta, eta umea erditu ondoren, gehienetan, bertan uzten zuten, inklusaren esku.

Abandonatutako haurren eta orduan zeuden inklusetako egoera larria ikusita, 1903. urtean Fraisoroko inklusa berria zabaldu zen Zizurkilen, Europako zentroek zituzten parametroak jarraituz. Bertan, adibidez, amak haurra erditu ondoren, bi hilabetez geratzeko saiakera egiten zen, horrela bi gauza lortzen zituzten: alde batetik, umearen biziraupena hobetzea, eta beste aldetik, haurra abandonatzearen erabakia birplanteatzea.Horrez gainera, bertatik ume bat jasotzea nahi zuen inudeak ere baldintza batzuk bete behar zituen: ezkondua izatea, bizi eta ohitura zintzokoa izatea eta bere senarraren onespena izatea. Fraisorok aldaketa sakonak ekarri zituen, 1890.ean Donostiako inklusan %52ko heriotza-tasa bazen, Fraisorokoan %18koa zen 1925ean, eta %1ekoa 1953an. Fraisorotik 12.000 haur pasatu zirela kalkulatzen da, eta haiekin batera 3.800 ama, haietatik asko azkoitiarrak.

Ordutik gure gizarteak aldaketa handiak jasan baditu ere, eta gure herriak garai hartan zituen baliabide urriak kontuan hartuz, harro esan dezakegu Azkoitiko herritarrak zein eskuzabalak izan ziren mendeetan zehar, abandonatutako haur haiek baldintza onetan hazteko egindako ahaleginguztiagatik.

Zabale baserria.

Egin zaitez Maxixatzeneko bazkide!

Maxixatzeneko bazkide egin zaitezke urtean 25 euro ordainduta. Horrekin, herriko euskarazko proiektua hauspotuko duzu. Eguneko informazioa izango duzu sarean eskuragarri, eta Maxixatzen aldizkaria jasoko duzu hilero. Era berean, Maxixatzenen zozketetan parte hartzeko aukera ere izango duzu. Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide