Prentsak, duela aste batzuk, eman digu berriro ere asaldatzeko arrazoirik. Albisteak zioen, Iberdrola Lemoizko zentral nuklearra egon zen lurra lehengoratzeko erantzukizunetik libratu dela. Hori nahikoa ez eta, erantzun behar horren ardura Eusko Jaurlaritzaren kargu geratu da. Eta horrek zer esan nahi du? Beste hitz batzuetan, kontu horrengatik Iberdrolak ordaindu behar zuen dirutza andana Eusko Jaurlaritzaren patrikatik aterako dela, herritarron poltsikoetatik, alegia.
Baina denboran pixka bat atzera egin, eta aztertu dezagun Lemoizko munstroaren historia:
- Iberduerok proiektatutako zentral nuklearra eraikitzeko iruzurrezko baimenak jaso eta, 1972an, hasi ziren obrak. Eraikuntza hori legeztatzeko, obrak kaltetutako herriek presio, estorsio eta mehatxu ugari jasotzen dute Iberduerok ezarritako baldintzak betetzeko. Lurrak desjabetzea nahikoa ez, eta horien tasazio barregarriaz ere enpresa bera arduratzen da; Bizkaiko Diputazioaren babes osoarekin, azken hori ere zentral nuklearraren alde baitago.
- Aldi berean, Euskal Herri osoan, zentral nuklearraren kontrako mugimenduak indar handia hartu zuen, mobilizazio jendetsuak tarteko. Protesta horiek behartu zuten Gobernu Espainiarraren moratoria nukelarraren iragarpena, Lemoizko zentrala gelditzera derrigortuz.
- Garaipen handia lortzen zen, baina ez hutsaren truke. Urte batzuk geroago Gobernuak 2.273.256 euroko konpentsazioa eman zion lehen Iberduerori, eta gero izena aldatu ondoren, Iberdrola denari. Diru hori, 25 urte luzez herritarrok ordaindu dugu osorik, hilero etorri zaigun argi-fakturaren aparteko ordainketa baten bitartez.
- 1988an, Kostaldeei buruzko Legea onartu zen, eta haren arabera, lurraren kontzesioa 30 urte barru bukatuko da, hau da, 2018ko uztailean. Baina hori ez da guztia; zentral nuklearraren lur eremuaren berreskuratze lanaren ardura eta horren kostu osoa Iberdrolari ezartzea ere bideratu zuen lege hark.
- 2018an Iberdrola sartu zen jokoan, hobeto esanda azpijokoan. Kontzesioa bukatu baino zazpi hilabete lehenago, atzetik zetozen gastuak barkatzearen truke, estatuari eskaini zioten hori.
- Hiru egun geroago, “kasualitatez”, Euskal Jaurlaritza sartu zen prozesu eskandalagarri horretan, instalazio horiek zeuden bezala interesatzen zaizkiola adieraziz.
- Horrela, duela aste batzuk, Madrildik lursail horien zesio albistea iritsi zen, baina baldintza batekin: arazoak edo ezkutuko bizio edo akatsak baditu instalazioak, Eusko Jaurlaritzak uko egin beharko dio konpentsazio guztiei.
- Azkenean emaitza honako hau da: dirua Iberdrolak ematen du, fakturak herritarrok ordaintzen ditugu, eta lur-eremuaren egokitzapena ere guk ordaintzen dugu, Eusko Jaurlaritzak ezarritako aurrekontuen eta zergen bitartez. Azken finean, oraingoan ere, Iberdrolak negozio biribila egin du gure kontura.
Lotsagarria bezain adierazgarria. Kontuan hartu behar da, proiektu horrek, garaiko Euskal Gobernuaren babes osoa izan zuela; sustatzaile lanetan ere aritu zen. Baina ez gaitezen horren urrutira begira jarri. Orain ere Eusko Jaurlaritzaren ume mimatua baita Iberdrola, multinazional horren historia iluna isiltasun interesatuz estaltzeraino. Desinformazioa beraien beste tresna bat denez, eta bestalde, herritarroi gutxieneko mezuak filtratzea ere ahaztu egin zaigunez, ez dakigu Iberdrola Europako Inbertsio Bankuko zerrenda beltzean dagoela. Ez dakigu Iberdrolak 2009 eta 2010 urteetan ez zuela Bizkaiko Sozietate Zerga ordaindu. Ez dakigu Brasilen eta beste hainbat herrialdeetan energia pribatizatzeaz gain, bertako komunitateak beraien lurraldeetatik aterarazi eta oihan birjinak suntsitzen ari dela. Ez dakigu… Dakiguna da, 2011. urtean, Bilboko Udalak Ilustre de Bilbao titulua oparitu ziola Iberdrolari.
Hori horrela, gauza batzuk ezin dira aho txikiz esan, eta garbi adierazi behar da, injustizia hauek ez direla anonimoak. Bidegabekeria horiek izenak eta helbideak dituzte. Hemengo jauntxoek nahiago dute, ordea, diru iturria ikusita, beste aldera begiratzea eta entzungor egitea, begiak txanpon-makinei bezala jirabiraka hasten zaizkien bitartean. Badakizue, money is money.
Ildo beretik, gauza jakina da ate birakarien errealitatea. Ugariak dira Comisión Nacional de Energia, Iberdrola, Ingeniería y Construcción, Repsol, Enagas, Naturgas, Petronor eta beste enpresa handi batzuetako administrazio kontseiluetan eta beste kargu ponpoxoetan agertzen diren hemengo politikari ohien izenak. Gauza berdina gertatzen da bertako Diputazioetan eta enpresa publikoetako goiko postuetan azaltzen diren karguen izen-abizenei begiratzen badiegu. Ustelkeria kasuak ere bata bestearen atzetik ezagutzen ditugu. Horietako batzuk aipatzeagatik, ezagunak egiten zaizkigu 'Balentziaga auzia', 'Bidegi auzia', 'Epsilon auzia', 'Hiriko auzia', 'Miñano auzia', 'De Miguel auzia', Osakidetzako azterketak…
Gure agintariek sinestarazi nahi digute, politiko zuzenak eta ondraduak direla; erabakiak hartzerakoan herritarren iritzia kontuan hartzen dutela eta gardentasunean eta gertutasunean oinarritzen den kudeaketa publikoa sustatzen dutela. Baina ez da horrela. Hemen guztia herriaren izenean egiten da, baina herria kontuan hartu gabe. Horren adibide, azken aldi honetan egin diren edo egiten ari diren hainbat proiektu faraoniko, esate baterako, Abiadura Handiko Trena, Bizkaiko Super Sur, Zubietako zabortegia, Donostiako metroa… Eta bitartean, aurrekontuetako datu makroekonomiko distiratsuaz baliatzen ari dira errealitate mikroekonomikoak ezkutatzen jarraitzeko. Inbertsio publikoak ekonomiari tira egin behar dio, baina ez beti porlana eta asfaltoa lehenetsiz, orduan diru gutxiago geratzen baita beharrezkoak diren gaietarako. Hain entzutetsu egiten zaizkigun 'Euskal agenda', 'Orain Gipuzkoa' eta antzeko izenburu potoloak dituzten ekimenak ondo daude, baina beti herritarren nahiei eta benetako beharrei zuzenduta badaude.
Adibide bat aipatzeagatik, gogora ekar dezakegu zaharren egoitzak kudeatzeko politika instituzionala. Populazioa zahartzen ari da, eta egun, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) biztanleriaren herenak —596.000 pertsona—, 65 urte baino gehiago ditu. Zaharren egoitzen eskutik zerbitzu publikoa eskaintzen da, baina enpresa pribatuak ari dira kudeaketa lanean. Beraien emaitzak lehenetsiz diru etekina bilatzen den momentutik, zerbitzua murrizten da, eta era berean, zaintzaren kalitatea kaltetu. Gero eta kualifikazio txikiagoko langileak kontratatzen dira eta langileen lan-baldintzak muturreraino okertzen eta larriagotzen dira.
Egia da, beste herrialde askorekin alderatzen badugu, hemengo egoera bestelakoa dela, baina ez bota suziririk, oraindik asko baitago egiteko. Gure ingurura begira jartzen bagara, berehala konturatzen gara zenbat pertsona bizi diren gutxieneko egoera duin batetik haratago. Erakundeek errealitate horiek behin eta berriz ezkutatzen dizkigute, baina duela egun batzuk, Caritasek atera berri duen txostenak zalantza guztiak uxatzen ditu. EAEn etxerik ez duten lagunen kopuruak gora egin duela adieraztearekin batera, 334.000 pertsona zenbatu ditu gizarte-bazterketa egoeran. Horren jakitun izanda, nola ausartzen dira hemengo agintariak 'Oasis vasco' delakoan bizi garela esaten?
Tristea da, baina horrelako albisteek egun bat besterik ez dute irauten komunikabideetan. Pobreak ez dira benetako albiste izaten, aberatsei arazoak sortzen hasten ez diren bitartean behintzat. Merkatu eta aberats gutxi batzuen irizpide komertzialak markatzen dituen jendarte antolaketa konkretu batean bizi gara egun. Sistema horren helburua ez da pertsonak pobretasunetik salbatzea, kapitalak dirua irabaztea baizik. Horren adibide garbia da bankuen eta kutxen erreskate eskandalagarria. Madrilgo Gobernuak 65.000 milioi gastatu ondoren, 15.000 milioi besterik ez ditu espero bueltan jasotzea. Sinestezina ematen du, baina egia da. Hainbesteko lotsagabekeriarekin burla egiten digute politikoek. Horrek ondorio batera garamatza: enpresa handi, banku, kutxa eta bertako akziodunek ondo irabazten dutenean eta burtsako indizeak onak direnean, ekonomia ondo dabilela gure agintarientzat, besterik gabe. Zergatik ez dituzte kontuan hartzen benetan herri honen osasuna eta ongizatea markatzen dituzten adierazleak? Zergatik ez dira kontuan hartzen langabezia, txirotasuna, erakunde publikoen kudeaketa pribatua, gazteek etxea lortzeko dituzten arazoak, pentsiodunen buruhausteak, bizi kalitatea? Zergatik ez kontuan hartu hemengo herritar arrunten benetako arazoak?
Gauza asko egin dira ondo, ez dago zalantzarik, baina jada ez du balio zerbait gaizki egindakoan, azalpen antzuekin justifikatu ezina justifikatu nahian ibiltzea. Ez du balio bankuek eta kutxek joera soziala dutela esatea. Politika hauteskundeei begira bakarrik ulertzeak jada ez du balio. Jada ez du balio inolako autokritikarik gabeko autokonplazentzia etengabean murgiltzeak. Jada ez du balio beste iruzur kasuei kritika gordina egitea eta norbere azpilanak eta iruzurrak hamaika giltzarrapoz ixtea.
Mezu garbia doa hemen agintarientzat. Utzi demagogia egiteari, eta egin aurre behingoz herritarren benetako kezkei eta arazoei.