Urte horietan, Azkoitiko etxe gehienek osasun baldintza oso kaskarrak zituzten, eta, kasurik gehienetan, aireztapen eta argirik gabeko bi logelako etxe txikiak ziren. Industria hazkunde haren eraginez, Azkoitiko baserritar asko ere herrira jaisten ziren lanera astelehen goizetan, eta aste osoan bertoko etxeren batean egoten ziren apopilo; gero, larunbat arratsaldean berriro ere baserrira bueltatzen ziren. Etxebizitzen eskasia zela eta, bertoko etxejabeak berehala hasi ziren etxeak alokatzen, eta noizean behin baita gelak ere; hala, egoera hura arazo kontrolaezin bilakatu zen. Neurrigabeko situazio hura ez zen egokiena, ez langileentzat ez lantokietako nagusientzat, eta azken horiek berehala ohartu ziren egoera hark langileriaren errendimenduan ere kontrako eragina izan zezakeela.
Auzoko Etxe Merkeen eraikuntzaren hasiera
Azkoitiko langileriaren baliabideak kontuan harturik, agerikoa da lantokiko soldatarekin soilik ezin zutela egin etxe baten jabe izateko behar zen ekarpen ekonomikorik. Espainian, era berean, antzeko egoeran zeuden, eta han ere trantze hura gainditzeko nahiko buruhauste eta kezka zuten. Estatuak, kinka larri hari aurre egiteko, langileentzako interes baxuko maileguetan oinarritutako Etxe Merkeen Legea onartu zuen 1911n. Lege hark arrakasta gutxi izan zuen, legearen baldintza nagusietako bat gutxienez 3.000 pezetako diru sarrera egitea baitzen. Hamar urte geroago, abantaila gehiago zuen lege bat atera zuten, baina hark ere ez zuen nahi bezalako efekturik izan. Denbora laburrean, Primo de Riveraren diktadura garaian, 1924an, 30 urteko interes txikiko mailegu altuan oinarritzen zen Etxe Merkeen Hirugarren Legea onartu zen; lege hark langilea jabetza pribatuaren sisteman murgilarazi zuen, eta, bide batez, kontrol sozialera bideratu.
Etxebizitza krisiari irteera emateko, azken lege horrek zituen abantaila ekonomikoekin bat egin zuen Azkoitiko Udalak, Ricardo Otaño alkatea buru zuela. Ordurako, ezagunak ziren Bizkaian aurrera eramandako etxe merkeen proiektu batzuk. Egitasmo haiek arrakasta handia izan zuten bere garaian, eta horrek bultzatu zuen Azkoitiko alkatea Bilbora bidaiatzera, Bizkaiko Aurrezki Kutxaren laguntza jasotzeko. Han ezagutu zuen San Martingo Etxe Merkeen Proiektua gauzatuko zuen Tomas Bilbao arkitektoa. Azkoitiko Udalak etxe merkeen bi proiektu sustatu zituen batera: bata, egun Ertzaintzaren kuartela dagoen lursailean kokatu ziren Artxamendiko etxeena, eta bestea, San Martin auzokoa.
San Martingo proiektuak tamaina handiko azpiegitura eskatzen zuen, eta, zalantzarik gabe, zeregin handiko erronka bihurtu zen udalarentzat. Lehenengo lana eraikin berrien kokalekua aurkitzea izan zen, ez baitzen txantxetakoa sei etxe irla handitan banatutako 100 etxez osatutako eraikuntzarako lur eremu bat aurkitzea herri erditik hurbil. Eraikitzear zegoen auzo berria herrigunetik eta lantegi handietatik gertu egotea zen udalaren nahia, eta azkenean San Martingo bizkarra aukeratu zuten auzo berriaren kokaleku moduan.
Hurrengo pausoa proiektua abiaraztea izan zen, eta udalak 1927ko maiatzaren 26an atera zuen enkantera lanen esleipena. Udalak aurretik hausnartua zuen eraikuntza guztiaren ardura eta iniziatiba berak hartzea. Hori horrela, ezer baino lehen, bitartekari lanak saihestu zituen, alde batetik kontratistak alde batera utzi eta langileei eskulana zuzenean adjudikatuz, eta bestetik materialak saltzaile eta ekoizleei zuzenean erosiz. Jokabide horrek jakineko ondorioa izan zuen: diru kantitate handia aurreztu zuten.
Lehenengo urratsa onuradunen zozketa egitea izan zen, ondoren zerrenda osatu eta aukeratutakoen lehen diru ekarpenarekin kontatzeko. Onuradunek sarrera bat ordaindu behar zuten lehenik, 1.500 pezetakoa. Esanguratsua da nola onuradunei diruarekin edo lanorduekin ordaintzeko aukera eman zitzaien, bai sarrera bezala ipini beharreko kopurua, bai ondorengo hilerokoa, eta mailegua barne zegoen. Modu horretan, beren lan ekarpenaz baliatzeko bidea ematen zitzaien, dirutan ahalik eta kopuru txikiena ordaintzeko. Bistan da sistema hark arrakasta handia izan zuela; izan ere, haietariko hirurogeita hamar onuradunek lanetan ordaindu zuten zor guztia, beste seik lan eta dirutan, eta, azkenik, beste hogeita hiruk dena dirutan. Bertako lanordu bakoitzari 0,75 pezetako balioa eman zitzaion, garai hartan soldata hori jasotzen baitzuen batez beste peoi batek. Ordurako, zortzi orduko lan jardunaldia indarrean zegoen, eta langileek, denbora libre gehiago izanik, asti gehiago zuten beraien etxebizitzaren eraikuntza lanetan beharrezko ekarpena egiteko.
San Martingo Etxe Merkeen bista orokorra
San Martin auzoa izango zenak berehala hartu zuen lantoki erraldoi baten itxura, sasoi osoan zeuden langileak berehala hasi baitziren beraien etxebizitzak izango ziren eraikinak altxatzeko lanetan. Eraikuntza lanetan aritu gabeko jendea hondeaketa lanetan eta lurra mugitzen ipini zuten, eta eginbehar horietan milaka ordu eman ondoren emaitza aparta lortu zen, nahiz eta hasieratik oso lan arazotsutzat jo zen lur eremu aldapatsu haietan etxe berriak asentatzeko kokaguneak ondo egokitzea. Arotzei eta igeltseroei beren ofizioko lana eman zitzaien, eta beste onuradunei, berriz, beren kapazitate, indar eta gaitasunaren araberako lana.
Tomas Bilbao arkitektoak, bere memorian, San Martingo lurrak buztinetan aberatsak ziren zantzuak zituen aurreikusiak, eta, hori horrela, obretan egindako indusketatik ateratako lurrarekin adreiluak ekoizteko aukera aztertu zuten. Azkenean horrela egitea erabaki zuten, eta lantokitxo bat prestatu zuten galletera izeneko adreiluak egiteko makina bat erosi ondoren. Esaten da guztira bi milioi adreilu egitera heldu zirela, bide batez diru asko aurreztu baitzuten adreiluak kanpoan erostea saihestuz.
Ezin alde batera utzi etxe haiek eraikitzeko lanetan 1926an Urolako Trenaren Burdinbidea martxan ipintzeak ekarri zituen onurak. Trenbide haren geltokia San Martingo muinoaren magalean izateak asko erraztu zituen eraikitze lanak, garraiobide hartaz baliatu baitziren obra materialez hornitzeko. Olimpia izeneko eraikinaren atzealdetik burdinbidea pasatzen zenez, haren ondoan halako eremu bat prestatu zuten biltegi moduan, trenean garraiatzen zen materiala pilatzeko. Biltegitik, errail batzuk zirela medio, bagoitxo bat erabiltzen zuten material guztiak horretarako propio prestatutako funikular batera eramateko, eta, azkenik, garraiatzaile haren bidez igotzen zuten material guztia goi partean eraikitzen ari ziren obra eremura.
San Martingo Etxe Merkeak bi aldiz inauguratu ziren. Lehen inaugurazioa 1927ko irailean izan zen, eta Donostian udarako egonaldia igarotzen ari zen Alfontso XIII.a Espainiako erregea ekarri zuten. Inaugurazio horretan, ordura arte bukatuak ziren 40 etxeen giltzak entregatu ziren. Denbora bat pasatu zen etxe guztiak eraiki arte, eta 1929ko apirilaren 14an izan zen bigarren eta azken inaugurazioa. Bertan, falta ziren giltzak entregatu zituzten momentuko agintari ospetsuenek, horien artean Gipuzkoako gobernadore zibila, Foru Aldundiko diputatu nagusia eta Azkoitiko alkatea. Etxe Merkeen egitasmoak oihartzun handia izan zuen gure herritik kanpo ere, eta, ondorioz, jendetza izugarria hurbildu zen auzo berria ikustera; gainera, horretarako propio autobusak antolatu ziren.
San Martingo auzo berriak beti izan ditu harrezkero aldaketatxoak, eta horien artean aipagarrienetakoa gaur egun Ardatz Elkartea den eraikinarena da. Hasieran, komun batekin eta lau bainugelarekin osatutako bainuetxe bat izan zen, gizonezkoei nahiz emakumezkoei higiene zerbitzua eskaintzen ziena; izan ere, etxe barrutan oraindik ez zegoen dutxarik, ezta bainuontzirik ere. Gerora hobekuntzak izan zituen, eta beste bi bainugela eta bi dutxa gehitu zitzaizkion. Horrekin batera, ikatzaren eta ur-berogailuaren gelak ere izan zituen. 1931n, haur eskola txiki bat erantsi zitzaion eraikinari, eta handik urte batzuetara, bere funtzioa bete ondoren, jarduerari utzi eta aktibitaterik gabe egon zen eraikin hura, Bonba eta Kiriko ezagunek bertan apopilo geratzea erabaki zuten arte. Gerora, auzotarrek halako jarduera bat eman nahi zioten eraikinari, eta eskola bat, elizatxo bat edo elkarte bat ipintzeak hartu zuten indarra, baina, azkenean, elkarte bat sortzea erabaki zuten, auzoko bizilagunen topaleku sozial gisa. Bestalde, behe partean zegoen garbitokia gaur egun desagertuta dago, baina auzoaren goiko aldean zegoen garbitokia San Martin Mikologi Elkartea bilakatu zen denborarekin.
Zalantzarik gabe, San Martingo Etxe Merkeen historia mugimendu sozial handi baten errelatoa da. Goraipatu egin behar da, Azkoitiko Udalak egindako lana ahaztu gabe, onuradunen aparteko ahalegina, lantokitik atera eta ordu pila sartzen ibili baitziren ilusio osoz, beren etxea eraikitzeko lanetan. Langile auzo gisa sorturik, eta bertako bizilagunen inplikazio osoari esker, ibilaldi eredugarria egin du San Martinek. Auzoak badu nortasun berezi bat, eta auzotarrek harro sentitzeko motiboak dituzte.
Hasieran eraikitako Etxe Merkeen bisita orokorra