Idazketa labana bat dela dio Annie Ernaux idazleak; poesia mailu bat dela zioen Gabriel Aresti poetak; artea fusil jantzita hain dela polita diote J Martinako artistek. Baina zer ebakitzen du idazketak? Zer mailukatzen du poesiak? Zer fusilatzen du arteak?
Idazketaren sorrerak zehazten du historiaurrearen eta historiaren arteko muga. Hau da, gertatutakoa, imajinatutakoa, pentsatutakoa eta sentitutakoa idaztearekin batera hasi zen historiaren istorioa. Gutxi dira jazo eta aldizkarietan, liburuetan, eta gaur-gaurkoz, sare sozialetan, jaso ez diren gertakariak, gerrak eta hondamendiak. Hitzak sortzea hizkiak bat bestearen atzetik posizionatzetik haratago doa, ordea, eta hizki horien ordena aukeratzean posizionatzen gara geu ere. Ez dira berdinak garaileak eta garaituak, heriotzak eta erailketak, presoak eta bahituak, faxistak eta antifaxistak.
Idazten dira hitzak, idazten dira liburuak, idazten dira albisteak, idazten dira pintadak. Zentsuratzen dira hitzak, debekatzen dira liburuak, manipulatzen dira albisteak, eta herri honetan, beste askotan bezala, ezabatzen dira pintadak.
Labanaz idatzi diren zauriak eta horiek isuri duten tinta gorria, ordea, ez dira hain erraz garbitzen. Borraz emandako mailukadak ez dira hain erraz isiltzen. Berrogeita hamar urte pasatu diren arren, fusilaren hotsa eta hotza ez da hain erraz ahazten.
Agian, bada garaia historia deitutako istorioaren narratzailearen ahotsa aldatzeko, lanabesak beste pertsonaien eskuetara aldatzeko, "arma, tiro eta pum"-ak behetik gora entzuteko.
Horrela soilik hainbeste errotu diren hitz txarrak ebakiko baititu idazketak, hainbeste itotzen gaituzten neurri zaharrak mailukatuko baititu poesiak eta hainbeste zabaltzen ari den izurrite erreakzionarioa fusilatuko du arteak.