Ez nintzen munduratu
bertsotan iaioa
aurreko saiakera
da aspaldikoa
gaurkoa izango da
jardun ezohikoa
iritzi testu baten
nire bertsioa
Nostalgia etorri da
gaur bertan kolpean
Dokto aurretik berriz
pasa naizenean
okerrago jarri naiz
Laboral aurrean
andamio bera ere
faltan botatzean
Txanpañako atean
zerbait dut antzeman
palomita usaina
soinean neraman
inpresioz pausoa
atzera dut eman
Luxianoko atea
bihurtu da iman
Gogoan dut oraindik
aulkien itxura
han erretiratzea
askoren ohitura
napolitana ia
gordinik barrura
ikustekoa ziur
guztion piura
Metro batzuk goraka
denbora makina
gaztetasuna dugu
harrapaezina
zahartzen ari gara
hori da jakina
baina ez dut nabari
Atraskun adina
Hiru eta zerotan
gabiltza gu denak
laurogeita hamarra
bizi genuenak
gaztaroaren sokan
dantzan gabiltzanak
musika gelditzean
heldutu garenak
Interpueblosetako
txapelen almazen
Txirri eta lagunak
uve hatxe esen
txikleen zaporea
bestelakoa zen
gaur egun Hika denak
ditu mila izen
Jarrai dezaket orain
guztia azaltzen
nire oroitzapenak
banaka aipatzen
zerrenda luze da
dihoa zabaltzen
leku gabe utzita
Guka/Maxixatzen.