Maitasunaz eta abar

Erabiltzailearen aurpegia Kari Alberdi 2023ko ots. 16a, 08:45

Kari Alberdik otsaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Maitasunez eta abar'.

Eta abar" aterkiaren azpian gauza gehiegi sartzen direlakoan nago. Maitasuna aipatzean ateratzen diren iritzi kopurua baina gehiago, agian. Maitasunaz, maitasunez, maitasunarekin, maitasunagatik, maitasunarentzako. Hitz gutxi eta ekintza askokoa izan behar duela diote batzuek, txorakeri asko eta zentzu gutxikoa dela ziurtatzen dute, berriz, beste batzuek. Otsailean eguzkia hamalaugarrenez ateratzean protagonista eta hamabosgarrenean pertsonaia antagonista. Buruko ileetatik hanketako behatzetaraino egin ohi du lasterka eta Instagrameko irudien oinetan izaten du sarritan helmuga. Mugagabea, amaigabea, izengabea... nahiz eta aurreko zerrendara "arrazoigabea" gehitzeko motiboak ditugula iruditu, sabeleko tximeletek ausaz hegan egiten dutela pentsatu edo amodioa azaldu ezinezkoa dela errepikatu, bada maitasuna deituriko txotxongiloaren hariak mugitzen dituzten hainbat elementu.

Lehendabizikoa, oxitozina, amodioaren hormona moduan da ezaguna, oro har. Neurotransmisore hori 1953an aurkitu zuten, sexu eta afektuarekin berehala lotuz. Izan ere, giza organismoak orgasmoaren eta erditzeko unearen ondoren jariatzen du hori, bere funtzioa estimulatzailea izanik eta aldamenekoarekiko harremanak estutuz. Horregatik, dagoeneko egonkortu den eta denboran dirauten erlazioetan sortutako atxikimenduaren erantzulea da hormona hori. Oxitozinaren areagotzeak, gainera, lasaitasun eta segurtasun sentimenduak eragiten ditu. Biak, maitasunaren oinarri.

Badira maitasuna deituriko txotxongiloaren hariak mugitzen dituzten elementuak

Oxitozina ez da, ordea, maitasunarekin lotzen den elementu bakarra, nahiz eta bera izan protagonista pelikula erromantiko honetan. Bigarren planoan gelditu ohi den, baina zeresana duen beste neurotransmisoretako bat dopamina da. Horrek barne-burmuinaren aktibitatea sustatzen du, eta poztasun handi batekin erlazionatzen da, bikote hasiberri batek elkarri begietara begiratzean sentitzen duten poztasun handi batekin. Gainera, maitemin sendo eta sakon batek irauten duen bitartean gorputzeko dopaminaren presentziaren indarra handitu egiten da.

Sentimendu mazedonia edo hormona koktel honetako hirugarrenak, eta gaurkoz azkenak, estrogenoak eta testosterona dira. Nerabezaroan izaten dute biak beraien agerraldia eta etapa horretan ematen diren aldaketa fisiko askoren arduradunak dira: ahots aldaketak, hilekoa, aknea... Desioarekin ere badute harreman zuzena, izan ere, horien mailak igotzen hasten direnean libidoa ere pixkanaka-pixkanaka handituz doa.

Zeruko Valentinentzat eta lurreko beste hainbeste sasi-Valentinentzako berri txarrak dirudite gorako horiek guztiak, dibinitateetatik urruti eta zientziatik gertu aurkitzen baitira bai maitasuna eta bai beste "eta abar" guztiak. "Eta abar" aterkiaren azpian gauza guztiak sartzen baitira gaurkoan. Maitasuna aipatzean ateratzen diren arrazoi kopurua baina gehiago seguru. Oxitozinaz, dopaminez, estrogenoarekin, testosteronagatik, maitasunarentzako.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide