Itxaropena

Erabiltzailearen aurpegia Jose Ramon Aranbarri 2023ko uzt. 17a, 09:00

(Argazkia: Pixabay)

Jose Ramon Aranbarrik ekaineko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Itxaropena.

2022ko urriko Maxixatzen aldizkariak honako titular hau zuen: "Ikerketan dute esperantza". Irakurri bezain laster, burura etorri zitzaidan birus madarikatu baten erruz, azken hiru urte hauetan bizi izan duguna. Ahaztu egin badugu ere, 2020ko martxoan Osasunaren Munduko Erakundeak COVID-19aren pandemia deklaratu zuen. 2022ko maiatzean erakunde horrek emandako datuen arabera, pandemiak ia hamabost milioi pertsona hil zituen mundu osoan, gehienak 2020 eta 2021 urteetan.

Bada This England izeneko telesail bat, zeinak Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroaren gobernuak pandemia horren lehen urratsak nola bizi izan zituen erakusten duen. Zorionez, hiru urte beranduago, egungo egoerak ez dauka zerikusirik telesail horretan ikusten denarekin. Guztia zientziari esker, ikerketa zientifikoak lortu baitzuen epe labur batean SARS-COV-2 birusaren aurkako hainbat milioi bizi salbatu dituen txertoa.

Garai pribilegiatua bizitzen ari gara zentzu askotan. Batez ere, aurrerapen zientifikoaren esparruan. Ikerketa zientzia da, eta zientzia itxaropena. Zibilizazio bezala, gizaki eta gizarte bezala, gertatzen zaigunaren aurkako defentsa bakarra da zientzia. Ikerketari eta zientziari esker eman ditugu gizarte bezala aurrerapausoak, eta horrela, azken mendean bizi itxaropena hirukoiztu egin dugu eta gaixotasun asko desagertu egin dira. Ikerketa eta zientzia dira bide bakarrak, batzuetan bide okerra hartzen badute ere, gizakien eta gizartearen bizi kalitatea hobetzen joateko eta pertsonen ongizatea garatzeko eta bermatzeko.

Zientziaren kontrara sasizientzia dago. Zientziak galderak egiten ditu, eta metodologia zientifiko baten bidez galdera horiei erantzuten saiatzen da. Aitzitik, zientziaz mozorrotutako sasi-zientziak dena baieztatzen du, metodologiarik erabili gabe eta inolako dudarik gabe. Ikerketak eta zientziak itxaropena dakarzkigute; ukapen zientifikoak, aldiz, etsipena. Argudio zientifikorik gabeko ukapen zientifikoa arriskutsua da, eta ebidentziaren arrazoia ukatzea, tamalgarriaz gain, suntsitzailea.

Irrazionaltasun antizientifikoak gizarte-babes harrigarria lortu du azkenaldian

Tamalez, irrazionaltasun antizentifikoak, arrazionaltasun zientifikoari kontrajarrita, gizarte babes harrigarria lortu du azkenaldian, aurreikusi ezin diren ondorioekin. Kontua ez da ebidentzia ukatzea bakarrik, kontua da hori defendatzen eta inposatzen saiatzea hezkuntza eta kultura alde batera utzi dituen gizarte baten aurrean. Sasi-zientziek gizarte nitxo bat aurkitu dute bertan finkatzeko, eta sasizientifikoaren irrazionaltasuna errealitatea azaltzeko baliozkotzat hartu da.

Jesus Quintero zenak honela zioen: "Ikus-entzunezkoen garaipenaren eta inprimategiaren iluntzearen aroan gaude. Liburu bat bakarra irakurtzen ez duten pertsonak harro sentitzen dira, eta harro dabiltza kultura kutsua duen ezer axola ez zaiela aldarrikatuz. Egungo letragabeak okerrenak dira, ikasi baitute, karrerak baitituzte; irakasteko aukera izan dute, baina ez dute jarduten. Kultura eza eta letragabeak dira egungo agintariak". Halaber, Johann Wolfgang von Goethe alemaniar erromantizismoko poetak horrela zioen: "Ez dago ikuskizun izugarriagorik ezjakintasuna ekinean ikusi baino".

Inoiz baino hobeto prestatuta egon arren, inoiz baino gehiago ikasi eta karrera eduki arren, ez dugu jarduten. Ondorioz, populismoan murgildutako gizarte bat bihurtu gara, eta aurrerantzean itxaropena gal ez dezagun, horri aurre egiteko era bakarra zientzian oinarritutako espiritu kritikoa lantzea da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide