COVID-19aren txertoa

Erabiltzailearen aurpegia Jose Ramon Aranbarri 2021ko ots. 25a, 09:00

Jose Ramon Aranbarrik otsaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako osasun iritzi artikulua: 'COVID-19aren txertoaz'.

Amaitu da 2020. urtea. Matxoaren 11n OMEk COVID-19aren pandemia deklaratu zuenetik, gure egunerokoa eta bizimodua erabat aldatu dituen urtea. Horrek inoiz imajinatuko ez genituen arauak betetzera behartu gaitu, baina bukaeran itxaropen-argia ikusi dugu txertoaren garapenarekin.

COVID-19aren aurreko normaltasurena itzuli ahal izango al gara? Erantzuna ez da zaila: nolabaiteko normaltasunera itzultzeko eta bizi izan dugun egoera honekin bukatzeko behar-beharrezkoa da "immunitate kolektiboa", "artalde immunitatea" edo "biztanleriaren immunitatea" lortzea.

Immunitate kolektiboa, definizioz, populazio batek agente infekzioso jakin batengandik babesteko lortu behar duen immunitate balioa besterik ez da. Adostasun zientifikoaren arabera, hori lortzeko beharrezkoa da populazioren %70a gutxienez birusaren aurka immunizatzea. Kontuan hartuta hori lortzeko bi modu daudela; bata, infekzio naturala, hots, koronabirusarekin kutsatzea eta bestea, txertoaren bidez lortzea. Ebidentzia zientifikoa argia da: txertoa da pandemia epe ertainean amaitzeko era bakarra.

Txerto gehienak birus ahuldu batekin edo haren zati batekin egiten dira, gure immunitate-sistemak antigorputzak sor ditzan; txerto horien garapen prozesua luzea da, batez beste lau eta zazpi urte artekoa. COVID-19aren aurkako txertoaren garapena, baina, izugarri bizkortu da. Horren arrazoia da, besteak beste, SARS-CoV-2aren aurkako txertoa birusik ez duen txerto mota berri bat dela. Txerto honek gure gorputzean birusa edo haren zati bat injektatu beharrik ez du; antigorputzak sortuko dituen erantzun immunitarioa eragiteko, gure zelulei proteina bat sortzen irakasten dio, laborategian sortutako ARNm (azido ribonukleiko mezularia) sintetiko bat erabiliz. Beraz, birusik ez duenez, txerto segurua da.

Txerto mota hau, berria bada ere, ez da ezezaguna; txertoetan ARNm erabiltzen duen metodoak 90eko hamarkadan hasi ziren garatzen, baina jauzi kualitatibo bat eman dute azken hamabost urteetan, hainbat birusen aurkako txertoen bertsioetan aztertuz. Txertoetan ez ezik, ARNm teknologia minbiziaren aurkako edota esklerosi anizkoitza gisako gaixotasun autoimmuneen ikerketetan erabili ohi da. Aurreko lan horiek erraztu dute COVID-19aren aurkako txertoa hain denbora laburrean prest izatea.

Baina azkartasun horrek eragozpen bat badauka: oraindik ezin da jakin zenbat irauten duen txertoak eragindako immunitateak. Uztailaren 27an hasi ziren koronabirusaren aurkako txertoaren frogak, eta jakina denez, gaur arte immunitateak bere horretan jarraitzen du, baina oraindik ezin da jakin zenbait iraungo duen, hori jakiteko behar den denbora igaro ez delako.

Txertoaren helburua arrisku gehien duten gizakien bizia salbatzea da. Garbi daukat txertoaren onurak askogatik gainditzen duela gaixotasuna izateko arriskua, baita txertoa pandemiaren amaieraren hasiera dela ere, berehala izango ez den arren.

Badago txertoaren kontrako jarrera duen jendea. Horiek ez dute txertatzerik nahiko; beren eskubidea da hori, noski. Baina norberakiko eskubide horrek gizartearen osasunarekiko eskubide ukaezinarekin talka dakar: pertsona partikular baten nahi ez horrek, gizarteari, kolektibitate global gisa, kalte egin diezaioke, eta ezin dugu ahantzi Osasunerako eskubidea Giza Eskubideen Adierazpenaren 25. artikuluan jasotako oinarrizko giza eskubidea dela.

Horregatik, bizi garen Osasun Publikoko arazo baten aurrean, immunitatea lortzeko bi modu bakarrak infektatu ala txertatu direnean, garbi daukat osasun kolektiboko eskubideak lehentasuna izan behar duela norberaren osasunerako eskubidearen gainetik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide