Hainbat aburu

Sortu ala banatu?

Erabiltzailearen aurpegia Juan Ramon Alberdi Ibarmia 2026ko uztailaren 20a

Boligrafo bat. (Pixabay)

Juan Ramon Alberdi kolaboratzaileak ekaineko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Sortu ala banatu?'.

Duela hilabete batzuk entzundako eztabaida gogoratu dut egunotan. Kafetegiko gosari gustagarriaren soinu banda gisa, aldameneko mahaian, gizaseme kuadrilla batek asebetetze pertsonala zehazteko proposamen ezberdinak planteatu zituen (barka nazatela euren solasaldiaz mintzatzeko atrebentziagatik). Aukera itxiak ziren, derrigorrez bata edo bestea hautatu beharrekoak. Bata, hilean hiru mila euro irabaztea, baina lantegiko soldata baxuena edukiz. Bestea, lantegiko soldata handiena duzula jakinean egonik, hilean bi mila eta bostehun euro irabaztea. Aukerak irabazi ekonomiko soilean oinarrituta zeuden eta euren arteko iritziak denetarikoak ziren. Ez naiz horietan sartuko, noski, nahiz eta neure aburuak abian jarri nituen.

Gogobetetasun pertsonala, soilik, irabazi ekonomikoan oinarritzeak hainbat hari mutur uzten ditu kolokan. Lana bizirauteko premiazko jarduera den heinean, etekin ekonomikoa garrantzitsua da. Are gehiago, gizarteak eskainiko digun prestigio soziala bizibidetzat hartzen dugun ofizioak sorrarazitako onura ekonomikoekin lotuta dagoelako. Alabaina, gustuko ofizioa edukitzeak ez al du onura ekonomikotik haragoko baliorik? Sarritan entzun dut norberaren gustuko jardueran aritzeak lan sentsazioa arindu egiten duela, nolabait, asebetetzen zaituen ekintzan murgiltzeak baduelako pertsonaren garapenerako balio erantsia.

Are gehiago, lanaren bidez pertsonok elkarri eskain diezaiokegun onura kontuan izanez gero, lana hitzaren sinonimoa den behar hitzak zentzu bikoitza hartzen du: derrigorrezko jarduera izateaz gain, pertsonok elkarrenganako dugun interdependentziaren edo beharraren isla bilakatzen da. Ofizio denen interkonexioaz eta duintasunaz jabetzeko, aski da lanbide baten grebak sorrarazten duen kaosa ikustea. Gizartean lanaren bidez konektatuta gaude, hori ukaezina da. Beste kontu bat da lan horien artean agertzen den prestigio desberdintasuna; eta batez ere, ofizio bakoitzean langileek jasaten duten esplotazioa.

Haatik, badira prestigio soziala sorrarazten duten arren ekonomikoki mozkin urriak eskaintzen dituzten ofizio batzuk. Esaterako, hizkuntza gutxituan aritzen diren kulturgileak. Zenbat zor dio herriak bere artistei? Kultur sortzaileei? Idazleei? Alta, kasu gutxitan bizi ahal dira, soilik, euren sormenetik lortutako mozkinetatik. Joseba Sarrionaindiak zioen gisan: "Artetik ezin daiteke bizi, arteak ezkurrak ematen ditu". Esaldi horretan, hitz joko zoragarria egiteaz gain, ezkurrak nortzuk jan ohi dituzten kontuan hartuz gero, interpretazio sinbolikoak gutxiespenerako bidea adierazten du. Xabier Aierdiren hitzetan, aldiz, "poesia ez da pinguinoentzat". Interpretazioak libre dira, baina animalia horiek bi hankaren gainean ibiltzen direla kontuan hartuta, pertsonokiko alderaketa nabarmena da. Agian, poesia ez da pertsona guztientzat. Edo, apika, euskal kulturarekiko hotz samarra den gizarte honetako partaideak agerian jartzeko balio dezake.

Lanaren eta mozkinaren arteko demaz idaztera bideratu nauena euskal literaturaren egungo egoera nabarmendu nahia izan da. Egun, inoiz baino euskarazko literatura liburu gehiago argitaratzen omen da (asko itzulpenak), baina argitalpenak tirada edo ale gutxikoak dira. Gehienak eleberriak. Poesia, ostera, oso gutxi kaleratzen da. Dena den, harrigarriena iruditu zaidana irabazien banaketa izan da. Saltzen den liburu bakoitzeko, idazleak %10 jasotzen du; liburu dendak, %22,5; eta banatzaileak, %50.

Hasierako eztabaidara itzuliz, irakurleoi honakoa proposatzen dizuet: aukeran jarriz gero, zer izango zinatekete, idazlea edo banatzailea?

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide